2025 AZA. 15 «Hormetan idazten» hasi nahiko lukeen bederatzi kantu argitaratu ditu Esanezinek «Zirrara tristea Altzagaratetik» dio bere Bandcampeko profilean Ianire Aranzaberen «Esanezin» proiektuaren biografiak. Tristea edo ez, egia da hauskortasun eta malenkonia hori sortzen duten abestiak bildu dituela «Hormetan idazten» bere hirugarren diskoan. Oiartzungo MECCA estudioan grabatu du Esanezinek bere disko berriena. (Imanol G. GURRUTXAGA) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Laukotean eta Oiartzungo Mecca estudioan grabatu du Esanezin taldeak bere hirugarren diskoa. Ianire Aranzabek bakarka abiatutako bidera Iñigo Asensio, Imanol Rubio eta Igor Telletxea batu ziren disko honen grabaketarako, gerora Aberin estudioan nahastu eta masterizatzeko. Bederatzi kantu batzen ditu guztira Esanezinen berrienak. “Azken aldiek” abestiarekin abiatzen da diskoa, pianoa eta Aranzaberen ahotsa baino ez dituen kantua. Bakoitzari bere azken aldi bat etorriko zaio abesti hau entzutean, “azken” horrek duen karga sinboliko eta emozional guztiarekin. “Kanturik ez bada” sormen krisi bat pasa izana iradokitzen duen piezarekin segitzen du aurrera diskoak. Gitarra akustikoa eta klasikoa dituen abestia, gerora elektrikoa ere gehituko bazaio ere. “Lotsatira” abestiak badu halako itsasbazterreko soinu bat edota hara eramaten gaituen zera hori; gitarra elektriko sotil bat, baxua bere tokian eta ahotsekin jolas politak uzten dizkigun kantua. Distantziak laburtzeko nahia duen norbaiten istorioa kontatzen du, hortik lotsa eta sokatira terminoen arteko hibrido hori sortu izana Aranzabek. Etorkizuna etsaitzat irudikatzen digu “Gure zauria” abestian Esanezinek, baina enpatia ariketa moduan ere uler genezake abestiak dioena. Pianoaren eta sintetizadoreen soinu horrek kolaboratzailearen unibertsora ere eramaten gaitu hein batean, izan ere Sara Zozaya donostiarrak abesten du Aranzaberekin batera. Belusezko ahotsak, zauria goxatzeko bidean. Diskoari titulua ematen dion “Hormetan idazten” diskoaren ekuatorea igaro ostean dator, itxaropen faltari eginiko kantua. Horma fisikoetan idazteko nahiaz hitz egiten duen arren, egun horma digitaletan idazten dugu gehiago. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Energia berezi bat du kantuak, oihartzunak betetasun sentsazio izugarria ematen du eta tempo erdira egon eta hustu eta betetzearen arteko dinamikek perkusioaren xehetasunak errazago entzutera bideratzen gaituzte. Auto-tunea agertzen da koroak egitean, baina ahots nagusian Aranzabek abesteko modua zertxobait aldatu duela iradokitzen digu. “Nola zaintzen den irrifarra” kantuan Palestinako genozidioari egiten dio erreferentzia argi eta garbi, «nola zaintzen da dena gerra bada?» baitio esaldietako batean. Azken zatiko intimotasunak are indar gehiago ematen dio abestiaren mezuari. “Betiko martxa” dator gero eta Altzagarateri erreferentzia egiten dio , proiektuak erroak non dituen ez ahazteko. “Argia dugu gertu” kantuan, berriz, mina, munstroak eta halakoak aipatzen dira, baina elkar zaintzeari buruz hitz egiten digu kantuak aurrera egiten duen heinean, elkar hartuta argia gertuago dagoela adierazita. Idoia Asurmendik kolaboratzen du kantuan eta tonalitatea pare-parean jarri diote abeslari aramaioarrari. Biolontxeloa, perkusio elementuak, piano kolpetxoak eta sekulako koroa du abesti honek, baita ustekabean harrapatzen gaituen erritmo aldaketa bat ere. Azken kantua berriro ere nahikoa katastrofista da, «Zirrara tristea Altzagaratetik» bete beharko balu bezala. Amiltzeaz, ez konformatzeaz edota helmugara ezin iritsi izateaz hitz egiten badigu ere, argia piztuta uzten du, itxaropenari beti atea zabalik uzten baitio Esanezinek. Izan ere, triste sumatu badezakegu ere bere hitzetan, beti hartzen gaitu irribarre erraldoi batekin Aranzabek eta hala izan zen MusikHaria saiotik pasa zenean ere. Maddi Pecharromanek egindako diskoa CD formatuan eskura daiteke, bai Bandcamp bidez eta baita kontzertuetan ere, eta, nola ez, Durangoko Azokan. Abenduaren 20an, Urnietan, izango du datorren emanaldia. HORMAKDiskoari titulua ematen dion «Hormetan idazten» kantua itxaropen faltari eskainia da. Horma fisikoetan idazteko nahiaz hitz egiten du; egun, horma digitaletan idazten dugu gehiago.