2025 AZA. 18 KOLABORAZIOA Itsasora pentsua arrantzatzera: euskal kostaldeko paradoxa Leo BELAUSTEGI Arrantzale ohia. Ondarroa 12 milia Duela hamarkada gutxi arte, euskal arrantzale bati pentsua arrantzatzera joango zela esan izan balitzaio, ez zukeen sinistuko. Hobeto esanda, ez ziokeen inongo zentzurik hartuko. Azken urteotan, ordea, arrantzaren zurrunbiloak euskal kostaldea kolpatu du: gero eta itsasontzi gutxiago daude, belaunaldi berriek ez dute itsasoratu nahi, kofradiak desagertzen ari dira, “matxinaden” berri eman dute hedabideek, eta zimarroiak oiloak balira bezala ari dira hazten kaioletan. Jakina denez, aurtengo udan Getaria parean zimarroien haztegi bat jarri dute martxan. Proiektuaren atzean euskal erakunde publiko bat eta nazioarteko beste enpresa handi bat daude, Azti eta Balfego. Proiektua benetan gauzatu nahi bada, euskal arrantzaleek zimarroia harrapatzeko kuotei uko egin eta kuota horiei esker zimarroia kaiolatan sartuko da, gizentzeko. Proiektu esperimental gisa aurkeztu dute, ea eramangarria den aztertu eta etorkizunean errealitate bihurtzeko asmoz. Ehun egun kaiolatan egin ondoren, duela gutxi atera zituzten zimarroiak. 50 pieza guztira. Orain, hazkuntzaren errentagarritasuna aztertzen arituko dira. Hori da gakoa: errentagarria izatea. Baina errentagarri izan dadin, kuotak bereganatu eta denona den itsasoaren zati bat behar du proiektuak, besteak beste. Eta horrekin, beste zalantza bat sortzen da: errentagarria suertatzen bada ere, gizarteak bere elikaduran arraina jateko eskubidea galdu behar al du? Non jarriko da lehentasuna? Izan ere, zimarroi kilo bat gizentzeko, hamahiru eta hamabost kilo arrain behar dira. Aipatutako 50 zimarroi horiek ehun egunetan, egunero zazpiehun kilo arrain irentsi zituzten. Eskaini zitzaien menuan sartu zaizkie, besteak beste, sardina, berdela, txitxarroa eta antxoa. Bertan arrantzatu eta jaten ditugun arrain horiekin gizendu dira Getaria pareko zimarroiak. Azken helburua, gainera, zimarroiak Japoniara eta AEBra esportatzea da. 2026rako kaioletan 1.000 zimarroi sartzea aurreikusten ari dira. Hiruko erregelak emaitza argia uzten du. 50 zimarroik zazpiehun kilo arrain jan badituzte, mila zimarroik zenbat jango dituzte? Egunean ia 14.000 kilo arrain (!). Eta proiektua egoki badoa, lau igerileku handi jarriko dituzte, beste 2.000 zimarroiri jaten emateko, eta, beraz, beste 28.000 kilo arrain eguneko. Nondik aterako dute hainbeste arrain? Arraina gizentzeko arraina erabiltzen bada, euskal kostaldean zer jango dugu? Hori gutxi balitz, Itsasoaren Esploraziorako Europako Kontseiluaren arabera (ICES, ingelesez), besteak beste, sardina, txitxarroa eta berdela, oso egoera kaxkarrean daude. Berdelaren kuota adibidez, %70 jaitsi beharko da datorren urtean. Alegia, 2026an, aurten baino arrain gutxiago arrantzatu ahal izango da gure kostaldean, baina, aldi berean, milaka kilo gehiago beharko dira zimarroiei jaten emateko. Horrek, ziur asko, arrainaren prezioa are eta gehiago garestituko du, eskaintza gutxituko delako. Antzeko prozesuak bizi dituzten herrialdeen adibideak ugari dira: Afrikako estatu askotan, Senegalen, Mauritanian edota Gambian esaterako, euren kostaldeetako arraina pentsua egiteko harrapatzen dute, gero, pentsu horrekin elikatutako arrainak europarrok jan ditzagun. Hemen, gure arrantzaleak japoniarrak edo estatubatuarrak elikatuko dituzten zimarroiei eskaintzeko pentsua arrantzatzera aterako dira. Zimarroi haztegiak jartzeko eman den arrazoi nagusietako bat lanpostu berriak sortuko dituztela izan da. Baina hori ere ez da egia, egun arrantzatzen den zimarroiaren kuotak, 2008an banatu ziren berberak baitira, eta kuota horiek ez ziren ondo banatu: betidanik zimarroia artisau arrantzaren bidez porturatzen zuten itsasontziak banaketatik kanpora utzi zituzten, ez zitzaien ezer eman. Beraz, gutxi batzuen eskuetan egon dira baimenak eta are esku gutxiagoren artean banatuko dituzte etorkizunean. Gure ustetan, soluzioak bestelakoa behar luke. Betidanik arrantza horietan aritu den azpisektorea indartu behar da desagertu ez dadin eta hor diharduten arrantzaleen jarduna bultzatu: artisau arrantzaren aldeko apustua egin behar da, lanpostuak sortzen dituelako, naturarekin errespetu handiagoa erakusten duelako eta bertakoa delako. Gainera, harrapatutako arraina euskal kostaldeko kofradietan salduko litzateke, bertatik bertara, itsasotik mahaira. Baina politikariek hartzen dituzten erabakiek beste norabide bat markatzen dute: kuotak pribatizatu ziren, eta orain, itsasoaren zati batzuk pribatizatu nahi dituzte. Gutxi batzuen eskuetara pasatuko dituzte itsaso zatiak. Hori gutxi balitz, Euskal Herrian elikadurarako hain garrantzitsuak izan diren arrainak erabiliko dituzte kaiolatan sartuko dituzten zimarroiak gizentzeko. Eta zimarroi horiek, hemendik milaka kilometrotara dauden mahaietan jango dituzte. Proiektuaren abantailez konbentzitu nahi izango gaituzte, baina arrantzale ohi baten ikuspuntutik, ez dauka inongo zentzurik. Arraina gizentzeko arraina erabiltzen bada, euskal kostaldean zer jango dugu?