2025 AZA. 21 Gure Haurrak Ere Badira ekimenak 80.000 euro bidaliko ditu Palestinara Gure Haurrak Ere Badira ekimenak Gasteizen egindako prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU) Alaia SIERRA GASTEIZ Palestinako haurren eskubideen aldeko Gure Haurrak Ere Badira ekimenak 80.000 euro bildu ditu 12.400 «elkartasun kamiseta» salduta. Paz con Dignidad, Unrwa eta Mundubat erakundeen eskutik Palestinara bideratuko du dirua. Izan ere, «genozidioak aurrera jarraitzen du, bigarren maila batean geratu bada ere». Hala azaldu zuten atzo Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunean. «Egunetik egunera haur palestinarren sufrimendua areagotzen ari da eta bitartean bigarren maila batean gelditzen ari da gure hedabideetan». «Ez gaitezen Palestinaz ahaztu eta ez ditzagun haur palestinarrak ahaztu», aldarrikatu zuten egoera horren aurrean. «Bertako haur eta nerabeak geure sentitzen ditugu eta ez gara nekatuko bidegabekeria hori salatzeaz», gaineratu zuten. Genozidioaren aurka lan egiteko behar horretan, Lakuako Gobernuari eta Euskal Herriko gainerako erakundeei dei egin zieten. Lakuak Donostiako Ospitalera bideratutako bi familien kasuan, horiei «merezi duten harrera eta osasun arreta» ematea eskatu zuten, baita horien «oinarrizko beharrak, behar emozionalak, ekonomikoak eta hezkuntzari lotutakoak bermatu daitezela» ere. «Euskal gizarteak erakutsi duen elkartasunarekin jarraituz, bada garaia gure erakundeek ere maila berean erantzuteko», laburbildu zuten prentsa agerraldian. «BESTE URRATS BAT» Saldutako kamisetekin bildutako diruaz gain, urriaren 25ean Bilbon egindako mobilizazioak izandako babes handia azpimarratu zuten, «beste behin Bilboko kaleak elkartasunez bete» zituztelako. «Israelgo Estatu sionistak martxan duen genozidioa irmoki salatzeko beste urrats bat izan zen, jadanik ibiltzerik ez dutenen alde», erantsi zuten. Gainera, urrian zehar ikastetxeetan deitutako mobilizazioek «erantzun zoragarria» izan zutela adierazi dute. Prestatutako dinamika 200 ikastetxe baino gehiagotan zabaldu zen, «orain arteko parte hartze handiena» eta «ehunka» ikasle, langile eta irakaslek parte hartu zuten. «Genozidioak aurrera jarraitzen du, baina guk ere aurrera jarraituko dugu», iragarri zuten agerraldian. 200 IKASTETXEUrriaren 25ean Bilbon egindako mobilizazioaren atarian hainbat ekintza antolatu zituen Gure Haurrak Ere Badira plataformak. Nabarmendu zuten 200 ikastetxek parte hartu zutela.