2025 AZA. 21 ESKUBALOIA «Lurraldea gara», eskubaloia euskal belaunaldi berriei hurbiltzeko ekimena Euskal Federazioak 16 urtetik beherakoekin egiten duen lana osatuz, Bizkai, Araba, Gipuzkoa, Nafarroako iparralde eta Akitania Berriko hegoaldera iritsiko da ekimena. Gainera, gaurtik salgai dagoen kamiseta bat diseinatu du Bidasoak oroigarri gisa. «Lurraldea gara» ekimenaren parte den kamiseta berria. (CD BIDASOA) GARA Bidasoa Kirol Elkarteak “Lurraldea gara” aurkeztu zuen atzo, «klubaren konpromisoa Euskal Herriko lurraldearekin sendotzea eta eskubaloia belaunaldi berrietara hurbiltzea helburu duen ekimena». Proiektuaren erdigunean teknifikazio-programa sendo eta zabala dago, Euskal Federazioak 16 urtetik beherakoekin egiten duen lana osatzeko; Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Akitania Berriko hegoaldean garatuko da, oinarrizko eskubaloia bultzatzen eta klubaren balioak transmititzen jarraitzeko. Lehen teknifikazio saioa Bilbon egingo da, hilaren 26an. Saio hauek jokalari gazteentzat izango dira; esperientziak partekatu, ikasi eta klubeko teknikarien eskutik hazteko aukera izango dute. Testuinguru horretan, Gurutz Aginagaldek, klubeko presidenteak, azpimarratu zuen “Lurraldea gara” duela urte batzuk hasitako formakuntza lanaren bilakaera naturala dela: «Lurraldeko klubekin elkarlanean aritu gara, haien lana errespetatuz eta balioetsiz, eta orain beste urrats bat egin nahi dugu, Bidasoaren eragina Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu». Ekimen hau Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan kokatzen da: «‘Lurraldea gara’ gu erreferente garen herri eta hiriekin dugun lotura sendotzeko sortu da. Eskubaloia maite duen jende guztia hurbildu nahi dugu, eta, aldi berean, jende hori Bidasoara gerturatu», azpimarratu zuen Gurutz Aginagaldek aurkezpenean. KAMISETAProiektuaren parte gisa, Bidasoa Kirol Elkarteak «Lurraldea gara» lelopean ikurrinaren koloreak dituen kamiseta oroigarri bat diseinatu du -atezainarena zuria izango da-, bi partida ofizialetan estreinatuko da eta gaurtik hilaren 27ra bitartean erosteko aukera izango da: bazkideentzat 35 euroan jokokoa eta 45 euroan atezainarena, eta gainerakoentzat 45 euroan jokokoa eta 55 euroan atezainarena.