GARA Euskal Herriko egunkaria

Lanuzteak iragarri dituzte sindikatuek, EHUri finantzaketa handitzearen alde

Legebiltzarrean 2026rako EAEko aurrekontuen eztabaida betean daudenean, EHUri bideratutako aurrekontu partidak ez dituela Unibertsitatearen beharrak asetzen salatu dute LAB, Steilas, ELA eta CGT/LKN sindikatuek. Mobilizazioak iragarri dituzte abenduko lehen asterako. Jarrera irmoa izateko eskatu diote errektoretza taldeari.

Sindikatuen agerraldia, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Elkano Atalean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak aztertzen ari diren aste hauetan, EHUri bideratutako diru kopuruak eztabaida piztu du. Azken egunotan, Errektoretzak unibertsitateak dituen premien diagnosia aurkeztu eta egoerari aurre egiteko 192 milioi euro gehiagoko finantzaketa eskatu dio Gobernuari. Atzo, LAB, Steilas, ELA eta CGT/LKN sindikatuek Bilbon egindako agerraldian aldarrikapen bera egin eta mobilizazioetara deitu zuten abenduaren lehen asterako, «beharrezko finantzaketa» exijitzeko.

Lanuzteak 11.00etatik 12.00etara egingo dira abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen, eta 4an, mobilizazioa, Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza aurrean. Era berean, EHUk behar duen finantzaketa lortzeko jarrera irmoa izateko eskatu diote errektoretza taldeari.

2026rako EHUri bideratutako finantzaketa apur bat handituko dela aurreikusten bada ere, sindikatuek azpimarratu zuten aurrekontu partida horrekin «ezinezkoa» dela unibertsitateak dituen beharrak asetzea eta ez dela iristen 2031rako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak helburutzat ezarritako BPGaren %1era.

Unibertsitate publikoarekiko «utzikeria interesatua» dagoela berretsi zuten sindikatuek, «EHUk dituen gabezia endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena».

«Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginek lortzen dute guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea. Izan ere, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa izatearen erantzule zuzenak dira instituzioak; EHUri ez bezala, azken hauei -zuzenean edo ez zuzenean- finantzatzeko erraztasun guztiak ematen baitizkiete», salatu zuten sindikatuek.

EHUKO LANGILEEN EGOERA

Sindikatuek gogorarazi zutenez, EHUn lanean hasten diren irakasle eta ikertzaileen soldatak Bigarren Hezkuntzako irakasle hasiberrien soldatak baino txikiagoak dira, eta erosahalmenaren galera «oso nabarmena» izan da. Eman zituzten datuen arabera, 2008tik irakasle agregatuen eta unibertsitateko titularren soldatek %24,3ko galera izan dute. «Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, KPIaren igoera %46,6koa izan baita urte horretatik aurrera», gehitu zuten atzoko prentsaurrekoan.

Era berean, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko bidea aurkitu den arren, lanaldi partzialeko irakasleek 400 eta 800 euro artean kobratzen jarraitzen dutela salatu zuten, «egiten dituzten ezinbesteko jardueretako batzuk aintzatetsi gabe».

«Ikuspegi ekonomikotik behintzat, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile izateko iraupen-lasterketak ez du lanbide hori erakargarri egiten, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle plaza gehiago ari dira hutsik geratzen», salatu zuten sindikatuek, eta horrek «epe ertain eta luzera ondorio larriak» izango dituela ohartarazi.

Teknikarien, Kudeaketaren eta Administrazio eta Zerbitzuen kasuan, azken 15 urteetan izandako erosahalmen galera %18,2koa izan dela diote. «Gainera, zerbitzu eta/edo unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun handiagoak daude ordezkapenak betetzeko. Ordainsari maila txikiena duten lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta soldata baldintza duinak eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozenak bermatu behar dira», adierazi zuten.