GARA Euskal Herriko egunkaria

Mikel Ibargurenen «Haize begitik», bizitza txiki baina ez kaskar baten ospakizuna

Eguneroko kontu arruntei, erritual txikiei, erreparatu die Mikel Ibargurenek “Haize begitik” seigarren poema liburuan. Badoan egun bakoitza kontzienteago bizitzeko ahalegina dira bertan bildutako 50 olerkiak. «Zein garrantzitsua den poesia eguneroko angelu hiletan dauden esanezinak bistaratzeko», aldarrikatu zuen atzo.

Mikel Ibarguren atzo, Donostian, poesia liburu berria eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bizitza txiki baten ospakizuna da “Haize begitik”. «Norberarena. Bakoitzarena. Su festa handirik gabe, arrandiarik gabe. Poz bakoitza gozatze horrekin (...)», esan zuen Susako editore Leire Lopez Ziluagak.

Badoan egun bakoitza kontzienteago bizitzeko ahalegina dago. «Amaia Iturbidek dioen legez, gureak bizitza txikiak baitira, baina ez kaskarrak. Liburu honetan daude tonu intimistakoak diren poemak, ebokazioaren bila doazenak, depuratuagoak direnak, ingurumari gutxikoak. Baina baita kezka sozialek eragindakoak, deskriptikoagoak direnak ere. Egun bakoitza kontzienteago bizitzeko ahalegina dago».

Poesiaren itsasargitik begien aurrean duen mundu hori begiratzeko proposamena egin du Ibargurenek. «Nik neuk poesia introspekzio ariketa modura ulertzen dut. Iparrorratz afektibo bat da, ez dagoen leku baterantz gidatzen nauena, baina norabidea ematen didana, zentzua ematen didana -azaldu zuen-. Batzuetan errealitatea bera poesia bihurtzen dela dirudi edo aitzitik, poesia errealitate. Idaztean autokontzientea izan da nire klase kondizioa zein den nabarmentzea eta garrantzitsua iruditu zait azaltzea zein diren egungo nire kezkak eta larritasunak».

Denera 50 poema aurkituko ditu irakurleak, lau ataletan banatuta, asteko lau egunen izenekin: hilen, ebiakoitz, eguen eta igande. «Lehendabizikoan ageriago dago oroitzapena, gogoeta edo pentsabidea. Bigarrengoan agertzen dira greba egunak, etxebizitzaren arazoa, lan mundua, pentsio planak eta beste. Hirugarrengoan nabarmentzen dira gehiago migranteekin izandako harremanak, egun xaloenekin kontrastean; eta azkenengo atalean ageri da alde behatzailea, hau da, nire haize begitik, nire leihotik, nire talaiatik begira, auzotarren joan-etorriak gehien deskribatzen dituen atala, beharbada. Errealitate hurbila eta poesia gauza bera izan zitezela nahi nuen; bien arteko muga difuminaturik bezala agertzen da», kontatu zuen idazleak.

ERREALITATEARI LOTUA

«Hori da nik behintzat poesiari edo literaturari eskatzen diodan baldintzetako bat, bizi dugun errealitateari atxikia izatea, errealitate horri eskanerra pasatzea. Liburu autosozio biografikoa dela esango nuke hein batean. Idaztean beti nire baitatik abiatzen naiz, ez dakit bestela egiten. Nire nitasuna da idazketaren abiapuntua, baina nitasun hori egitura sozialean txertatua dago», jarraitu zuen. «Batzuetan den bezalakoa da nire nitasuna, besteetan irudimenezkoagoa da. Jolasean bezala dabiltza nire nia eta nitasuna. Zentzu horretan, liburua behaketa sozial intimo eta afektibotik egina da». «Elkargune bat, oihartzun bat, irakurlearen belarrian murmurio antzeko bat uzteko gonbidapena» izan nahi du liburuak. «Ispilu da batzuetan, leiho besteetan; ezten izaten ere badaki; hurrena, berriz, ukendu. Poesia, ulertzeko dudan sentipenean, aterpe bat izan da zentzurik zabalenean, gordeleku mentala, halako airbag emozionala».

«Ez da gauza handirik, baina zein garrantzitsua poesia, oro har, erran nahi baita bizitzari gorazarre egiteko; poesia, eguneroko angelu hiletan dauden esanezinak bistaratzeko. Poesia letra larriz, s'il vous plaît. Bibote handia zuen filosofo alemaniar hura parafraseatuz, sinistuta baitago poesiarik gabe bizitza akatsa litzatekeela», amaitu zuen Ibargurenek.