2025 AZA. 27 Elkarrizketa Iñaki Urrutia Palista «Espero dugu laster jokatzen hastea eta pala dagokion tokian jartzea» Nazioen Ligan Euskal Selekzioarekin jokatzeak bidea argitu dio, nolabait, Iñaki Urrutiari (Armintza, 1994). Martxotik kantxetatik at egon ostean -Innpala enpresarekin izandako lan gatazkaren ondorioz-, palaz jokatzen jarraitzeko motibazioa eman dio. Palaren egoeraz, enpresarekin daukaten harremanaz eta etorkizunaz mintzatu da GARArekin. (Aritz LOIOLA | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA ARMINTZA Urte konplikatua izan da pala profesionaleko jokalarientzat. Egoera muturrenekoetan egin da grebaren aldeko hautua eta palistek maiatzean greba mugagabea abiatu zuten, Innpala enpresarekin negoziazioa stand by egoeran geratu ostean. Ordutik, pilotari guztien kontratuak iraungitzen joan dira eta enpresarekin zeukaten lotura oro ezerezean geratu da; orain, Miribilla pilotalekuko kudeaketaren esleipenaren zain daude: bi enpresa aurkeztu dira eta greba egin zuten pilotarien multzoak proiektu berri baten alde egin du. Iñaki Urrutiak, lan gatazkan bozeramaile izan zenak, xehatu ditu berritasun guztiak elkarrizketa honetan. Armintzako pilotalekuan egin dugu hitzordua. Badago hemen harrobi bat edo behintzat palarekiko atxikimendu bat, ezta? Bai, herri txikia da eta hemen frontoia soilik daukagu. Hona hurbiltzen gara gazte guztiok. Era berean, erreferentzia handiak izan ditugu. Esteban Gaubeka urteetan goian ibili da eta erreferentzia bat izan da. Gero ere aipatu behar da hemen jende askok egin duen lana urte askotan zehar. 2000. urtean hasi ziren eskolarekin eta jende asko egon da lan handia egiten -egun, Ekain Mendizabal dago, nire laguna- eta aipamena merezi dute. Lagunak, familia... Une zailenetan ere horiek izan dira zure babesleku? Bai, hilabete gogorrak izan dira. Maila profesionalean eragin digun zerbait izan da baina maila pertsonalera ere iristen da. Lagunak, familia, neska laguna... Horiek izan dira sostengatu gaituztenak. Otsailean Banakako txapelketa irabazi zenuen, gero Urrezko Pala txapelketa hasi eta hor egin zuen eztanda gatazkak. Urte hasiera oso polita izan zen. Banakako txapeldun geratzea niretzat palan lor nezakeen gauzarik handiena zen. Eta gero Mungiako txapelketa ere oso ondo hasi genuen, jende asko etortzen zen frontoira, sekulako giroa... Hor piztu zen gatazka eta ordutik, gainbeheran joan da. Enpresarekin batzartzen hasi ginen, tentsio handiko momentuak izan ziren eta gero dena linbo batean geratu zen; geroztik, ez enpresaren aldetik, ezta gure aldetik ere, ez da gerturatzerik egon. Kontratuak iraungitzen joan dira eta batzuk hasi ziren afizionatu mailan jokatzen; nik azkenera arte neukan kontratua eta ezin izan naiz lehiatu. Azken hilabeteetan ez duzue harremanik izan, ezta? Enpresaren aldetik ez zegoen guk eskatzen genuena negoziatzeko prestasunik. Bueno, Jose Ramon Garairekin batzartzea ere ezinezkoa zen. Gero, “saldu” egin zien enpresa Dan Necoli eta Josu Urkijori. Hiruzpalau batzar izan genituen, ELA sindikatuarekin ere palistok batu ginen eta ikusi zen ez genuela negoziazioa abiatzen. Dena linbo batean geratu zen, beraiek esleipen berriaren zain eta gu ere bai. Erlaziorik ez dugu izan, kontratuak amaitzen joan dira; bai, egin zieten eskaintzaren bat pilotari batzuei. Nire kasuan, adibidez, hogei euroko hobekuntza zen. Hala eta guztiz ere, guk jada taldean erabaki genuen enpresarekin harremanik ez edukitzea, esleipen berriaren zain egon eta ea beste proiekturen bat aurkezten zen. Guztiok bukatu duzue kontratua, Maldonadok izan ezik. Ataka estuan dago, Nazioen Liga honekin lotuta. Roman Maldonadorekin harreman oso estua daukat. Bera da enpresan [Innpalan] geratzen den bakarra, urtarrilera arte dauka kontratua. Esan diote ez diotela uzten Nazioen Liga jokatzen; bera jokatzen dabil [Argentinako kapitaina izan zen] eta espero dugu inolako arazorik ez izatea enpresarekin, dena logika baten barnean sartzea. Azken urtean, pilotaren bitartez, egin dira urratsak ofizialtasunaren bidean. Halere, aste hau bukatu aurretik espero da TASen ebazpena, Espainiako Federazioak jarritako helegiteari. Palak bizi izan duen iluntasun honetan argi pixka bat etorri da eremu horretan. Sekulako motibazioa izan da guretzat. Oso urte zaila izan da eta hau helburu moduan edukitzeak asko motibatu nau. Euskal Selekzioarekin jokatzea ohorea da, harrotasunez egiten dut. Egia da oraindik urratsak falta direla, lanean jarraitu behar da, euskaldun guztiak batuko gaituen selekzio hori lortzeko, gaur egun oraindik euskaldun asko kanpoan geratzen baitira. Palari dagokionez, nola ikusten duzu etorkizuna? Badakigu bi proiektu aurkeztu direla Miribilla pilotalekuko esleipenera. Gaur egun kudeaketan dagoen enpresarekin [Innpala] ez dugu inolako harremanik eta beste proiektu baten alde egin dugu apustua. Horren zain gaude. Espero dugu dena ondo ateratzea. Oraindik jendea pala gosez dago. Ikusi dugu Sopelan egin den txapelketak, afizionatu eta profesionalen artean, erantzun ona izan duela; pilotalekua beteta, astelehenero pilotalekura 400 zale hurbilduta. Espero dugu, dena ondo bidean, abenduan edo urtarrilean jokatzen hastea, gertatutako guztia atzean uztea eta pala dagokion tokian jartzea. Uste duzu zuek egindako greba onuragarria izan dela palarentzat? Bai. Greba hasi genuen gauza batzuengatik, guztiz zilegiak zirenak eta bidean beste gauza asko gertatu dira. Finean, guk eskatzen genuen gure lanbidea duintzea: gutxieneko soldatak, parkingak, dietak, materiala, anbulantziak partidetan... Adibidez, taldeko pilotari azpeitiar batek dirua galtzen zuen Bilbora etortzeagatik. Bestalde, pentsatzen genuen proiektua agortuta zegoela. Nahi izan dute dirua murriztu, irabazi gehiago izateko beraiek. Guk apustua egin dugu beste proiektu baten alde. Proiektu hau gurekin jarri da harremanetan eta eskatzen genuena, hein handi batean, onartu digute. Hitzarmen kolektibo bat sinatzeak palarentzat eta pilotarentzat funtsezkoa izan behar du baina agian ezin da egin modu honetan, lehendabizi beste urrats batzuk egin behar dira. Printzipioz, proiektu honek ematen digu eskatzen genuen ia gehiena eta batez ere, ikusten dugu badela jendea palaren alde lan egin nahi duena. Garrantzitsuena hori da, ikusten genuelako pilotalekura gero eta jende gehiago etortzen zela enpresa asko mugitu gabe eta beraz, ondorioztatu dugu, apur bat eginda, olatu hori handiagoa izan daitekeela. Nola ikusten duzu harrobia? Pala kirol minoritarioa da, pilotaren barnean ere oso minoritarioa da. Oso globalizatuta dauden kirolen aurka lehiatzen gara eta oso zaila da. Egia da jende asko dagoela gauza oso politak egiten. Adibide handi bat da Armintzako harrobia. Ni gaztea nintzenetik gaur egunera egin duen bilakaera ikusita, harrobia sendoago dagoela esango nuke. Gazte gehiagok jokatzen dute. Ezin dugu esan jende asko dabilela jokatzen baina apurka-apurka gauzak ondo eginez, gorantz doa. Erremontea ere egoera zailean dago. Esku huska kenduta, pilotako beste modalitateak hari batetik tenkatuta daude? Esku pilotaren alde egin zen, duela 40 urte, telebistaren aldetik. Ordutik, astero lau jaialdi ematen badituzu telebistan, gazteek horren alde egingo dute. Beste modalitateak baztertuak izan dira, batez ere pala eta erremontea. Denon artean modalitate guztien alde egin behar dugu. Duela pare bat urte Sopelan egin zen txapelketa, partida guztiak ETBn emanda eta sekulako promozioa egiten, eta harmaila bete egin zen. Promozioa eta laguntza ezinbestekoak dira. Eta erakundeen aldetik ere apustu sendoagoa behar da, kirolaz harago gure kultura ere badelako, gure nortasuna. «Euskal Selekzioarekin jokatzea ohorea da, harrotasunez egiten dut. Egia da oraindik urratsak falta direla, lanean jarraitu behar da, euskaldun guztiak batuko gaituen selekzio hori lortzeko» «Beste modalitateak baztertuak izan dira, batez ere pala eta erremontea. [...] Telebistaren promozio eta laguntza ezinbestekoak dira. Eta erakundeen aldetik ere apustu sendoagoa behar da»