GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostiak gizarte zerbitzuetara diru gehiago bideratuko du 2026an

2026rako aurrekontuak onartu ditu Donostiako Udalak. Guztira 494.456.134 euro jasotzen dituzte eta, Jon Insausti alkate berriaren esanetan, 40,5 milioi «hiritarren ongizaterako» erabiliko dira. EH Bilduk salatu du aurrekontuen prozesua ez dela parte hartzailea izan.

Atzo egindako Udalbatzan onartu ziren Donostiako Udaleko aurrekontuak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udalbatzak 2026rako aurrekontua onartu zuen atzo. Guztira, Udalak 494.456.134 milioi euro kudeatuko ditu, eta horietatik 40,5 milioi «hiritarren ongizatera» bideratuko direla jakinarazi zuen ohar baten bidez. Gizarte zerbitzuen baliabideek %8,3ko hazkundea izango dutela nabarmendu zuten.

EH Bilduk salatu zuen Udal gobernuak ez ziola erantzun ere egin aurrekontuak elkarlanean egiteko proposamenari. «Marketin kanpainaren barruan bururatu zaizue azken orduan bilerak antolatzea oposizioarekin, negoziazio itxura eman nahian, alkate berritzailearen irudia indartzeko. Bilera publikoak argazki eta guzti izatea nahi zenuten, gainera, mamirik gabeko bilerak, ezer ez aldatzeko», azaldu zuen Juan Karlos Izagirrek. EH Bilduk politika ez duela horrela ulertzen esan zuen, «ez gara itxurakeriaren aldekoak».

Jon Insausti Donostiako alkatearen iritziz, ordea, aurrekontuak «donostiarren bizitza hobetzeko pentsatuta» daude, eta, emandako datuen arabera, arlo sozialera bideratuko da aurrekontu orokorraren %8,20.

Alkateak nabarmendu zuenez, aurrekontu honek «etxebizitzan jartzen du indarra, baita segurtasunean ere, Egiako polizia-etxea tarteko». 2026ko aurrekontuek donostiarren «eguneroko bizitza» erdigunean jartzen duela esan zuen eta horregatik auzoei ere garrantzia eman dietela: «41 milioi bideratu ditugu auzoak hobetzera; promesak zenbakietan gauzatu dira».

ZERBITZU PUBLIKOAK

Lehentasunezko arloak indartuko direla adierazi zuten, eta ondorioz, gastu arrunta 12,3 milioi euroan handituko dela, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko ezinbestekoa den langileen atala %5,69 handituko dela eta gizarte politiketara inoizko baliabide kopuru handiena bideratuko dela; hain zuzen ere, 40,5 milioi euro.

Aurrekontu sozialaren adierazle nagusiei dagokienez, zenbaki zehatzak emateaz gain, arlo sozialarekin lotuta 12 lanpostu berri sortuko direla iragarri zuten: 3 psikologo lanpostu, 5 gizarte langileentzat, eta beste 3, administrari eta administrazio orokorreko teknikarientzat.

«Horrekin guztiarekin, udal zerbitzu publikoak indartzea da helburua, inor atzean ez uzteko eta donostiarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak hobetzeko», eman zuen aditzera Insaustik, baita udal gobernuak oposizioko talde guztiei zuzenketak onartu dizkiela ere.

ARRANDEGIA ETA ETXEBIZITZA

Bretxako merkatuko Arrandegi eraikina birgaitzeko eta eraberritzeko, hurrengo bi urteetarako 13,5 milioi euroko saila jasotzen dute aurrekontuek. Era berean, «mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua sendoa da», adierazi zuten eta, hortaz, aurrekontu-proiektuak 82,1 milioi euro bideratuko dizkiola Mugikortasun eta Garraio departamentuari, eta Dbus Donostiako Tranbia Konpainiaren gastu arruntari 36,2 milioi euroko ekarpena egingo diola.

Etxebizitza eta Hirigintza arloan, datorren urtean 6,6 milioi euro bideratuko ditu Kanpandegin zuzkidura-apartamentu gehiago egitera eta Infernua, Illarra, Igara eta Añorgako Geltokiaren eremuetan, besteak beste, etxebizitza publikoa sustatzera.