2025 AZA. 28 SASKIBALOIA Elitzur Ramla Europatik botatzeko aukera galtzen utzi du Gernikak Bere mailaz oso behetik aritu zen talde gernikarra eta nahikoa lan izan zuen tarte batez asteartean pilaturiko 16 puntuko aldeari eusteko. Gernikan, bestalde, errege espainolaren gaurko bisitak Palestinaren gaia bigarren mailara alboratu zuen. Errege espainolaren bisitak Palestinaren aldeko manifestazioa estali zuen Gernikan, eta Lointek eskas aritu zen Bulgarian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Arnaitz GORRITI Lointek Gernika Bizkaiak bigarren postuan amaitu du Emakumeen Eurocup-eko C multzoko ligaxka, baina Elitzur Ramla kalera bidaltzeko aukera ezin hobea pasatzen utzi zuen atzo. Bizkaitarrek, asteartean ez bezala, neurketa oso eskasa jokatu zuten, tarteka penagarria, batez ere hirugarren laurdenean. Hain gaizki jokatu zuten Lucas Fernandezenek, ezen talde israeldarra une batez 15 puntu aurretik ere izan zen, asteartean gernikarrek atera zuten 16 puntuko aldearen mugan. Bessoir eta Polleros alemaniarren artean 40 puntu sartu zituzten, baina ia baliabide bakarrak bihurtu ziren bizkaitarren artean. Elitzur Ramlak asteartean baino are puntu gutxiago saskiratu zituen, baina kale egin zuena, nabarmen kale egin ere, Lointek Gernika Bizkaia izan zen, bereziki uztaipean huts egin zituen jaurtiketa errazekin eta galdutako 15 baloiekin. Ez zuen asko behar Lointek Gernika Bizkaiak neurketa irabazteko. Beste munduko ezer egiteke ere, bi puntuko aldeaz baino ez zuen galdu azkenean, eta, hala, multzoko bigarren postua bermatu zuen final-hamaseirenetako kanporaketetara begira. Han ez du aurkari israeldarrik izango, baina bai beste norbaitek ziurrenik, txapelketako 12 multzoetako lau hirugarren sailkatu onenen artean sartzeko urrats galanta eman baitu talde israeldarrak. Ez zukeen egon behar Israelgo taldeak, baina FIBAk bota ezean beste norbaitek bota beharko du. Lointek Gernika Bizkaia izan zitekeen norbait hori, nolabait Gernika eta Palestinagatik egunotan manifestazioan atera diren horiekiko konplizitate apur bat ehunduz -nahiz eta azkenean Espainiako erregea Gernikara datorrelako manifestazioak gain hartu zion atzo Gernika-Palestina herri ekimenak eginda zuen deialdiari-. Ez da horrela izango, ordea, neurri handi batean Lointek Gernika Bizkaiak berak larregi erraztu zizkiolako gauzak. ALFERRIKAKO MIRARIA Atsedenaldira talde gernikarra aurretik iristea nahikoa mirari izan zen, azken orduan 10-0eko partziala lortzeari eskerrak. Asteartean gaizki ekin zion partidari; bigarren dema honetan, ostera, 8-4 aurretik hasi zen, batez ere Emily Bessoir oso fin hasi zelako saskira begira. Alabaina, defentsan oso tentsio gutxirekin ekin zion norgehiagokari Lucas Fernandezen taldeak eta Ramlak, sailkapena jokoan, berehala ikusi zuen Greenek uztaipean min handia ematerik bazuela. Gauzak horrela, hirugarren laurdena 4-14ko partzialarekin hastea ez zen albiste ona, inondik ere. Berriz ere defentsan behera egin zuen talde bizkaitarrak eta israeldarrek uztaipean nahi bezala mugitu zen Chelsea Nelson aurkitu zuten. Hirugarren laurdena 42-55 amaitu zen eta alarma guztiak piztu ziren gernikarren artean. Egia da multzoa hirugarren amaituta ere hurrengo kanporaketarako sailkatuko zirela, baina duintasunagatik sikiera, beste itxura bat eman beharrean aurkitu ziren Lucas Fernandez eta bere jokalariak. 10-2ko partzialarekin erantzun zuten gernikarrek azken laurdenaren hasieran eta tarte batez berriz ere aurretik jarriko ote ziren itxura ere izan zuen demak. Baita zera ere! Aukera alferrik galdu zuten. EUROLIGAEuroligak atzo onartu zuen Israelgo taldeek abenduaren 11tik aurrera Israelen zaleen aurrean jokatzeko baimena izango dutela. Maccabi (Oded Kattash entrenatzailearen ordez Alex Mumbru Bilbao Basketeko jokalari eta entrenatzaile ohia fitxatu guran ari den taldea) Asvel Villeurbanne-en aurka lehiatuko da.