2025 AZA. 29 Ekinbide, Ginea Bissauko krisiaren testigu: «Estatu-kolpeak bertan harrapatu gaitu» Bafatako misio humanitarioan zirela, estatu-kolpeak harrapatu ditu Jon Etxezarreta eta Ekinbide GKEko gainerako kideak. Asteazkenean hartu zuten militarrek agintea Ginea Bissaun, hauteskundeen ondoren sortutako egoera nahasian. Herrialdea ziurgabetasun politiko sakonean murgildu da eta etorkizun demokratikoa kolokan dago. Ekinbideko kideak, Ginea Bissauko suhiltzaileei formakuntza ematen. (Jon ETXEZARRETA) Markel DE BILBAO «Hau gertatzen zaigun lehenengo aldia da», esan du Jon Etxezarretak Bafatatik, Bissau hiriburutik bi ordura dagoen hiritik. Ginea Bissauko hiriburuan, militarrek joan den asteazkenean hartu zuten agintea, estatu-kolpea emanda; ustekabean harrapatu zituen Etxezarreta bera eta Donostiako zenbait suhiltzailek osatzen duten Ekinbide GKEko gainerako taldea. «Igandean bertan iritsi ginen Senegal eta Ginea Bissauren arteko mugara», azaldu dio GARAri. Hala ere, ez zuten astelehenera arte herrialdean sartzea lortu: «Ezin genuen errepideetan ibili; guztia itxita zegoen». Gineak, joan den asteazkenetik, Malik, Nigerrek eta Burkina Fasok azken urteetan pairatutako pasarteak ekarri ditu gogora. Igandeko hauteskundeen ondoren, militarrek agintea hartu zuten emaitzak plazaratu aurretik. Umaro Sissoco Embalo presidentea oraindik desagertuta dago, militarrek berau asteazkenean atxilotu zutenetik. Militarrak matxinatu aurretik, Embaloren aldekoek euren hautagaiaren garaipena iragarri zuten botoen %65 lortuta, baina oposizioko hautagai Fernando Diasek ere bere burua garaile aldarrikatu zuen botoen %51rekin. Alabaina, horren ondoren, legitimitate instituzional zein militar oso eskasarekin, bere burua agintari izendatu du Horta N’ta jeneralak -orain arte Estatu Nagusiko burua izan denak- eta «demokrazia eta egonkortasun politikoa» babestuko dituen trantsizio bat iragarri du. Bafatan egoera ez da hain larria, oraingoz. «Arazo eta gatazka gehienak hiriburuan gertatzen ari dira», esan du Etxezarretak. Kanpotik ikusita herrialdea ziurgabetasun politiko sakonean barneratu den arren, egoera «egonkorra» dela aditzera eman du: «Militarrak ikusi ditugu, baina hemen egoera lasaia da». Ildo horretan, azpimarratu du bertakoek lasai jarraitzen dutela; «hau normala dela diote». Ginea Bissauko historian estatu kolpe ugari izan baita. 1974an independentzia aldarrikatu zuenetik, herrialde afrikarrak gerra zibila eta bost estatu-kolpe pairatu ditu, eta beste hainbat saiakera ere izan da. Azkenak 2022an eta 2023an gertatu ziren, egungo gobernuaren gorabeherekin lotura estua zutela. Aurten bertan, urrian, Armadak zenbait ofizial atxilotu zituela iragarri zuen; ordena konstituzionalari erasotzeko asmoa leporatu zien horiei . «Halako estatu-kolpeak lehenago ere izan dituzte; hortaz, ez dira ez beldurtzen, ez urduri jartzen», azaldu du Etxezarretak. Analistek narkotrafikoak gertakari berri honetan izan dezakeen tokia azpimarratu dute. Narkotrafikoko buruen gertutasun eta babesarekin, Sissocok herrialdea Hego Amerikatik iristen den kokainaren lotune nagusi bihur dezake. Aurretik ere, hainbat operaziotan, AEBko DEA drogaren aurkako agentzia bezalako erakundeek herrialdeko kostaldean Kolonbia edo Venezuelatik zetozen droga kargamentuak atzeman dituzte. Hori dela eta, aurreko estatu-kolpe saiakera asko zuzenean horrekin lotu izan dituzte; alegia, trafiko ilegalerako erabiltzen diren ibilbideen kontrolaren inguruko gatazkekin. Liskar horiek Sahel inguruko herrialde mugakideetan izandako kolpeekin antzekotasun nabarmenak dituzte, merkataritza-bideak baitira gertaera askoren atzean dauden arrazoi nagusietako bat. LANA EZIN DA ETEN Ekipamendua emateaz gain -bertako suhiltzaileek anbulantzia gisa ere erabil ditzaketen kamioiak, esaterako-, GKEak laguntzen dien suhiltzaile taldeei prestakuntza espezializatua ere ematen die. Ginea Bissauren kasuan, Etxezarretak adierazi du «putzuetan gertatzen diren erreskateak oso ohikoak» direla. Biztanle askorentzat ur iturri bakarra direnez, «ez da arraroa jendea horietan behera erortzea, une jakin batzuetan egoten den iluntasunagatik», gehitu du suhiltzaileak. GKE honek Open Arms eta Aita Mari erakundeen erreskate-ontzien mantentze-lanetan ere parte hartu izan du, baita Mediterraneoan migratzaileen erreskate operazioetan ere. Ekinbideko kideek Ginea Bissaura egin duten hirugarren bidaia da oraingo hau, eta Etxezarretak onartu du laguntza humanitarioa eramaten dutenez nolabaiteko tratu berezia jasotzen dutela. Eskualdeko gobernadoreak berak jarri die segurtasuna bermatzeko pertsonala: «Militar pare bat jarri dizkigute atean, segurtasunagatik». Hurrengo helmugan, Sierra Leonan, mugan izan ditzaketen oztopoak azaldu ditu Etxezarretak: «Herrialdera sartzeko eta bertatik irteteko mugetako ohiko arazoak ditugu. Hori bai, horrelako egoeretan aitzakia gehiago jartzen dituzte eta prozesua luzatu egiten da». Nahiz eta herrialdeak bizi duen egoeraz jakin-mina izan, tokian bertan transmititutakoaren arabera, Etxezarretak azpimarratu du «egoera normalizatzen ari dela». Hala ere, lasaitasun itxurak ezin du estali benetako arazoa: estatuaren egonkortasuna ez dago bermatuta, eta militarrek berriro ere beren agintea inposatzeko gaitasuna erakutsi dute. Ginea Bissauk inguruko herrialdeen antzeko etorkizuneranzko bidea hartu zuen joan den asteazkenean. HUMANITARISMOAEkipamendua emateaz gain, Ekinbide GKEak laguntza ematen dien suhiltzaile taldeei prestakuntza espezializatua ere eskaintzen die. EKONOMIA AHULAGinea Bissauko esportazioen %90ek anakardoa dute oinarri. Hala ere, drogen negozioa ere erakargarria da biztanle askorentzat.