2025 AZA. 30 HIMALAIA Nazioarteko hirukote batek Numbur mendia igo du Felix Berg alemanak, Adam Bielecki poloniarrak eta Herve Barmasse italiarrak Nepalgo seimilakoaren hegoaldeko isurialdearen lehen igoera egin dute estilo arinean. ED- zailtasuna duen ibilbidea egiteko bi egun behar izan dituzte. Hirukoteak lehen aldiz igo du hegoaldeko isurialdetik Numbur mendia. (Bielecki-Barmasse) Andoni ARABAOLAZA Ez da oso ohikoa izaten herrialde ezberdinetako alpinistak elkartzea espedizio bat egiteko. Eskuarki, helburu bat esku artean dagoenean, sokadak eskatzen duen kidetasuna oinarri izaten da. Labur-labur esanda, elkarren arteko ezagutza eta konfiantza. Felix Berg alemanak, Adam Bielecki poloniarrak eta Herve Barmassek, aldiz, irauli egin dute ohikoa den premisa hori eta joan den urrian indarrak batu zituzten Numbur mendian goi-mailako eskalada bat egiteko. Hain zuzen ere, Barmasse izan zen xede horretara beste bi kideak batu zituena. Himalaiara itzuli nahi zuen, baina beste ikuspegi batekin. Italiarrak onartu du zortzimilako batean neguko igoera bat saiatu eta gero, espedizio “lasaiago” bat behar zuela. Bielecki ezagutzen zuenez, Numbur mendira (6.985 m, Nepal) joateko proposamen egin zion. Poloniarrak ez zuen zalantzarik izan, eta baiezko erantzuna eman zion. Hirugarren kide bat behar zuten, eta Bieleckik kide duen Berg konbentzitu zuen. Irakurri bezala, horrenbestez, Numbur mendira egindako espedizioa nazioarteko hiru alpinista zailduk osatu zuten. Bada, hirukote horrek urriaren 18an eta 19an igoera bikaina egin zuen seimilakoaren hegoaldeko aurpegian estilo alpinoan. Isurialde horretatik egindako lehen igoera, alegia. Alpinistok duela bederatzi urte Oriol Baro, Santi Padros eta Roger Cararach katalanek eginiko ekinaldiaren zati bat jarraitu zuten; hain zuzen ere, agerikoa den ibilbide bat izotz-jauzi ikusgarriekin. Ondoren, norabide zuzen bat hartu zuten. Barmassek adierazi du zati hori arriskutsua izan zela; batez ere, izotz eta harkaitz puska handiak erortzen zirelako. Horietako batek italiarra harrapatu zuen. Zauriren bat eragin zion, baina aurrera jarraitzeko arazorik ez zuen izan. Italiarrak berak honako laburpena egin du eskaladaren inguruan: «Igoera zirraragarria izan da, teknikoki zaila eta kidetasun sakonean oinarritua. Esperientzia aberatsa izan zen, besteak beste, eskalada osoan zehar erresistentziaren, hotzaren zein minaren aurrean gaitasun handia erakutsi genuen. Adibidez, 6.900 metroko garaieran antolatutako bibakean muturreko hotza izan genuen. Ez genuen dendarik, ezta lo-zakurik ere. 60 km/h-ko haizeteengatik termometroa -25 gradura jaitsi zen. Oso gustura gaude eginiko lanarekin eta igotako ibilbide berriarekin: “Nepali Ice SPA” (ED-, VI, WI5, M4)». Numbur mendiko hegoaldeko aurpegia begiratzen bada, oso dotorea da. Eite horrek Barmasse harrapatu zuen, eta italiarrak berak onartu du marra puruak eta geometria perfektuak dituela gustuko. Murru hori eskalatu gabe zegoenez, hirukoteak ez zuen arazorik izan gustukoen zuten marra aukeratzeko. Nahiz eta lan bikaina egin zuten, eskalada ez zen batere ondo hasi. Bielecki ondoezik zegoen; oso ahul egoteaz gain, ezin zuen jan, ezta edan ere. Hirukoteak igoerarekin hastea erabaki zuen. Halere, laguntasuna lehenetsi zuten: adostu zuten Bieleckiren egoera okertzen bazen, hirurok egingo zutela atzean. KONPROMISOA Aurreratu dugunez, lehen zatia katalanen bidetik hasi zuten, eta, ondoren, zuzen gailurrera abiatu ziren. Luiziak saihestu nahi zituzten, baina norabidea aldatu bazuten ere, arriskua ez zen desagertu. Barmassek dio arreta handiz jardun behar izan zutela. Lehen luizia izan zutenean, segituan ezkerraldera joan ziren. Harkaitzezko irtengune batzuek babesa eman zieten, baina bigarren luiziak bete-betean harrapatu zituen. Batez ere, alpinista italiarra: «Felixek oihu egin zuen. Burua altxatu eta niregana zetorren arroka bat ikusi nuen. Senez milimetro batzuk mugitu nintzen, baina harkaitz zati batek besoan jo eta zauri bat egin zidan. Bederen, burua libratu nuen. Egundoko mina sentitu nuen, baina zorionez ez nuen ezer puskatu. Une horretan gure artean zalantzak sortu ziren. Jarraitzeko gogo handia nuen, baina jakin bagenekien balizko jaitsiera arriskutsua izango zela oso. Erabakia nire esku zegoen. Mina kontrolatu eta eskaladarekin jarraitzea erabaki nuen. Ordura arte, igoera oso ona zen; puntu horretatik aurrera, berriz, bikaina baino bikainagoa. Azken zatian elurraren egoera oso ezegonkorra zen, eta, geure buruak babesteko lekurik ez zegoenez, akats txikiena egitea debekatuta genuen. Azken tarte horretako erritmoa mantsoa izan zen. Ez genuen arriskurik hartu nahi. Zorionez, den-dena ondo irten zen». Ondo irten bai, baina oraindik beste “ezusteko” bati aurre egin behar izan zioten. Arestian aipatu dugu 6.900 metrora bibaka egin zutela. Gailurretik oso-oso gertu ziren, baina nekeak eta ordutegiak puntu horretan gaua igarotzera behartu zituzten. Antza denez, aukera seguruena zen. Lo-zakurik eta dendarik gabe, soilik manta termiko batekin bibaka egin zuten aurkitutako elurrezko erlaitz batean. Bat-batean, haizea altxatu zen, eta tenperatura izugarri jaitsi zen; -25 gradukoa zen, sentsazio termikoa askoz ere hotzagoa bazen ere. Muturreko hotz horrekin gaua igaro zuten. Barmassek berak bibak horren inguruko azalpenak eman ditu: «Manta termikoarekin nolabait babestu ginen. Hasieran, txantxa batzuk egin genituen, baina minutu batzuk igaro eta isil-isilik geratu ginen. Gure pentsamenduetan zentratzeko ere zailtasunak genituen. Bizirautea zen helburu bakarra. Hots, izozteak saihestu, muturreko hotzari aurre egin eta gau horretatik onik ateratzea. Inoiz igaro dudan gau gogorrena izan da. Gau horretako orduak amaiezinak izan ziren. Adamek eutsi egin zion egoerari; Felix eta biok, berriz, noizean behin elkar adarra jotzen ibili ginen. Diote umoreak bihotza epeltzen duela». Biharamuna askoz ere lasaiago esnatu zen. Gorputzaren atal guztiak astindu (ez zuten izozketa-sintomarik) eta azken metroei ekin zieten. Goizeko hamarretan Numbur mendiko gailurra zapaldu zuten. Bost minutuko atsedena hartu, elkar besarkatu eta argazki batzuk atera ondoren, jaisten hasi ziren. Ez dute argi, baina, antza, japoniarren bidean sartu ziren. Ibilbide samurrena bilatu zuten: hasieran, hego-mendebaldeko ertzetik eta, ondoren, hegoaldeko isurialdearen ezkerretik. Amaitzeko, Barmassek sokadako beste bi kideak zoriondu nahi izan ditu. Batetik, eginiko eskaladarengatik eta, bigarrenik, une zailenetan erakutsitako sendotasunarengatik: «Alpinismoak beti erakusten digu garrantzitsuena burua dela. Ongietorria eman zigun gailurrak, zoriontsuak izan ginen, baina une zailak ere igaro genituen. Hirurok teknikoki oso ongi entrenatuta geunden, baina argi dugu ere izaera horretako abentura batean ez zaudela inoiz ondo prestatuta. Bizitako esperientzia oso gogorra izan da, eta horrek tontorra bigarren mailan utzi du». «Bizitako esperientzia oso gogorra izan da, eta horrek tontorra bigarren mailan utzi du» NUMBURFELIX BERGEK, ADAM BIELECKIK ETA HERVE BARMASSEK NEPALGO SEIMILAKOAREN HEGOALDEKO AURPEGIAREN LEHEN IGOERA EGIN DUTE.IBILBIDEAHIRUKOTEAK BI EGUN BEHAR IZAN DITU IBILBIDE BERRIA SORTZEKO: «NEPALI ICE SPA» (ED-, VI, WI5, M4). ESTILO ALPINOAN OINARRITUTAKO BI EGUNEKO IGOERA IZAN DA.BIBAKAGAILURRETIK OSO GERTU, 6.900 METRORA, IGARO ZUEN GAUA HIRUKOTEAK, LO-ZAKURIK ETA DENDARIK GABE. -25 GRADUKO TENPERATURARI AURRE EGIN BEHAR IZAN ZIOTEN HIRU ALPINISTEK.