2025 AZA. 30 NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Txapela Illarregitarrena, Xabaten buruan Nafarroa Arenako lehen finala -Nafarroakoa- elegante joan zen atzo arratsaldean. Xabat eta Joanes Illarregik jokatu zuten buruz burukoa, arratsalde osoan oso goitik aritu ondoren. Azkenean, anaietan gazteenak jantzi zuen, Xabatek, 1.205 punturekin. Joanes 6,5 puntura geratu zen, oso-oso parean final osoko jarduna kontuan izanda. Xabat Illarregik txapela jantzi zuen unea. Saio guztian egindako lanaren ordaina izan zen. (Iñigo URIZ | FOKU) Amagoia MUJIKA TELLERIA Erraz egiten dute bertsotan Joanes eta Xabat Illarregi Marzolek. Bertsoa etorri egiten zaie. Eta horri batu behar zaio txapelketa prestatzeko egin duten lana. Beraiek egiten dutenean erraza dirudien arren, ez da samurra gaurkotasunari halako freskotasunez, zorroztasunez, bizitasunez eta ahozkotik hain gertu kantatzea. Gozamena da biek ala biek bertsoa oholtzara ekartzen duten modua. Zozketak hala erabakita, elkarren ondoan eserita eman zuten finala eta arratsaldeko lehen ariketa, zortziko handikoa, elkarrekin josi zuten. Hor dagoeneko abisu eman zuten bertsotarako makineria eta ideien faktoria ondo olioztatuta zetozela. Saioaren lehen partean, ia ofizio guztietan gailendu ziren puntutan. Buruz burukora pasatu zirenean, Xabatek 759,5 puntu zituen eta Joanesek, 754,5. Puntutan hurrengoa Saioa Alkaiza zen, 732 punturekin. Xabatek bost puntuko aldea zeukan buruz burukoa abiatu zutenean eta azken txanpan puntu eta erdi atera zion Joanesi. Bertso final batean, egin behar diren ofizioak kontuan hartuta, 6,5 puntuko aldea oso estua da. Leitzara eta Illarregitarrenera joango zela txapela bai, baina zein burura joango zen zalantza handia zen. Azkenean, Xabat Illarregi txapeldun. Hauxe, txapeldunaren azken agurra: «Familiari eta lagunei hau zuen buruan dago/ bertso ikasleei besarkada bat, segi bertsotan luzaro/ eta Joanes izango dira halako egun gehiago/ ta alderantziz tokatuko da, hortaz oso ziur nago/ baina herria eta hizkuntza ez bihurtzeko bi bando/ esna gaitezen eta mugitu gure mingain, gure zango/ lo hartu ezkero lur honek ez du hizkuntzarik eramango/ ta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herria izango». PLAZATIK GERTUKO BURUZ BURUKOA Normalean txapelketako bertsokera urrundu egiten da plazakotik. Lehiaren zamak zurrundu egiten du bertsolariaren egiteko modua. Illarregitarren gaitasunetako bat da bertsotan aise egiten dutela, bizkor eta fresko. Eta hori ez da erraza inoiz. Atzoko finalean, horrez gain, gaietan zorrotz eta pertinente aritu ziren biak. Buruz burukora bi anaiak pasatuko zirela jakin zenean, poza harrotu zen Nafarroa Arenan. Egoera berezia da. Hasierako agurrean Saioa Alkaizak abestu zuen, «ba ea behingoz estal ditzaken txapel bakarrak bi buru». Haurdun dago Alkaiza eta hortik bere desioa, txapelak berak jantziz gero bi buru tapatuko zituelakoan. Xabatek bakarrik jantzi zuen, baina iruditu zitzaigun bi buru estal zitzakeela txapelak, bi anaienak. Berez bizkor kantatzen dute Illarregitarrek eta erritmo bizia eman zioten buruz burukoari, plazakoa emateraino. Lehenbizi puntuka aritu ziren, San Saturnino eta San Ferminen paperean. Seiko motzean, honako gaia egokitu zitzaien: «Politikariak zarete. Nafarroako hurrengo ustelkeria kasua diseinatzen ari zarete». Elkarrizketa bizian, Xabatek esan zion kartzelara joanez gero ohartzerako aterako zirela. Eta Joanesen erantzuna: «Leku iluna kartzela / Xabat jakin zazu dela/ ta behin sartuta ongi kostata irtengo garela/ marrazkietan bezela/ jakin pentsatu nuela/ igual kartzelan egin beharko da hurrengo tunela». Orokorrean gaurkotasun biziko gaiak atera ziren finalean eta bertsolariek erakutsi zuten ondo jantzita iristen direla. Azken ganbarakoan, hauxe izan zuten gaia: «Harrera gozoa egin dizute». Bi bide desberdin hartu zituzten. Joanesek, hogei urte kartzelan eman dituenari egindako lagunarteko harrera ekarri zuen. Hauxe, lehena: «Nere ibilbide luzean egina egina bego/ Espainian ezagutu dut makina bat kartzelero/ berdin Soto del Real ta berdin zen Navalcarnero/ aldatzen nindutelako espetxez ia urtero/ gaur soziedade honetan berrogeitamar lagun edo/ nik horrenbeste herritar hemen ez nuen espero/ muxu eta besarkada denek hartu naute bero/ herrira itzuli bainaiz hogei urte eta gero». Xabatek, urtebete gaixo egon den haurrak eskolan jasotzen duen harrera deskribatu zuen: «Berria jaso bezela malko txiki bat begira/ urte batez medikuak nere aurpegian begira/ lehen ilea neraman orain azalak distira/ nahiz eta marrazkitxoak erantsi nere zapira/ banator lehengoengana ta nahi nuena hori da/ nahiz arraro begiratzen nauten batzuetan tira/ orain poztu naiz halere nago egitik egira/ ni enaiz lehengoa baino eurak ere aldatu dira», osatu zuen bigarrena. DENEK UTZI ZUTEN LORRATZA Txapelak txapel, denek utzi zuten lorratza atzoko oholtzan. Hirugarrena izan zen Saioa Alkaiza eta markoan sartzeko bakarkakoa osatu zuen, gogorretik. Umetan egurra ematen zion irakaslearen eskela ikusi eta bakea sentitu zuela azaldu zion gai-emaileak. «Lurra arina bekizu dio eskelak ze gezi/ zazpitan dute hileta eta hara nijoa ihesi/ orain heldu da nere garaia/ mendekua da dakardan nahia/ odola punpa frenesi/ familia osoa bildua dago mahaiaren bueltan sinetsi/ kaixo esan gabe sartu naiz bertan/ protokolon antitesi/ eta erdian egin garrasi/ harekin ez nun ezer ikasi/ gorrotoz ninduen hezi/ ez du besterik merezi», bota zuen bigarrenean. Laugarrena Julio Soto izan zen, aurreko txapelduna. Azken agurrean berak agertu zuenez, «Biba illarregitarrak goian dago langa/ Xabat mila zorion bihotzez emanda/ nik horren egun zailik oholtzan karanba/ bakarka doinuz nahasi, poto eta danba/ aurtengo txapelketa umilki esanda/ nire buruarentzat gehiegi izan da». Irristada batzuk izan zituen arren, perla ederrak ere utzi zituen. Zortziko txikian Eki Mateorenarekin aritu zen eta asmatu zuten plaza pizten. Eki liburuzaina zen eta Julio, liburua eramatera hamar urte beranduagoa joan den irakurlea. Mateorena abiatu zen, «Pentsa fenomenoak zein duen jatorri/ horren berandu eta ez da jarri gorri/ kriston alperkeria deitzen zaion horri/ ez zen horrenbeste lan hogeitamar orri». Eta, Sotok, erantzun, «Hogeitamar zirela bada nahiko suerte/ kostatu zait kostatu, ke fuerte, ke fuerte/ ta ulertu nahi banu nik leituan truke/ pasa beharko nituzken beste hainbeste urte». Bakarkakoan ere asmatu zuen Sotok une magikoa sortzen. Eneko Lazkoz izan zen bosgarrena. Nahi baino estuago aritu zen seguruen, baina eskarmentu handia du finaletan eta horrek lagundu zion eusten. Seigarrena Sarai Robles. Barañaingoak asmatu zuen entzulea konkistatzen eta bere momentuak marrazten. Zortziko txikian Joanes Illarregirekin aritu zen, oso ondo. Askoren gogoan geratuko da «nik ere izan nahiko nuke zure antza/ gizon mediokre baten autokonfiantza» bota zion ateraldia. Zazpigarrena Ekhiñe Zapiain, bere lehen finalean, txukun. Estutuak izan bazituen ere, aurpegirik onena erakutsi zuen beti bezala. Eta zortzigarren Eki Mateorena, finalista berri duina eta zeresana ematen jarraituko duena. SAILKAPENA 1. Xabat Illarregi 1205 puntu 2. Joanes Illarregi 1198,5 puntu 3. Saioa Alkaiza 732 puntu 4. Julio Soto 724,5 puntu 5. Eneko Lazkoz 705 puntu 6. Sarai Robles 695,5 puntu 7. Ekhiñe Zapiain 666 puntu 8. Eki Mateorena 637 puntu Final oso ederra izan da Nafarroa Arenako lehena. Finalista guztiek lortu dute Txapelketa Nagusirako txartela