2025 ABEN. 01 EKITALDIA ORBAIZETAN, 40. URTEURRENEAN Mikel Zabalza bizirik dago herri honen memorian Laurehun bat pertsona bildu ziren atzo Orbaizetako olan, Mikel Zabalzaren hilketaren 40. urteurreneko ekitaldi nagusian. Gertatutakoa gogoratu, eta eskertza eta salaketa hitzak izan ziren. Eta aldarrikapen bat: familiari eta herriari egia eta justizia zor zaizkio oraindik. Auziarekin lotutako informazioa desklasifikatzea exijitu zuten, «ezinbestekoa delako justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko». Mikel Zabalzaren hilketaren 40. urteurreneko ekitaldi nagusia, Orbaizetako olan. (Gorka RUBIO | FOKU) Alberto MATXAIN Eguerdia iristear zela, eguraldi hotza eta goibela egiten zuen Orbaizeta inguruan. Euripean, autoak eta oinezkoak arma olaren ondoko plazara hurbildu ziren. Bertan zegoen Oroimenaren Biraren autobusa. Eguraldi txarra aurreikusita, antolatzaileek karpa bat muntatu zuten ekitaldia egiteko. Zahar, heldu, gazte eta ume, laurehun bat pertsona bertaratu ziren. Tarteka, eguzkiak ere presente egon nahi izan zuen Mikel Zabalzaren omenez egindako ekitaldi hunkigarrian. 12.10ean, atzetik zetorren txistu soinu batek bertaratutakoen hots-zurrunbiloa isildu zuen. Txistulariarekin batera, Pipirripi dantza taldeko kideak Mikel Zabalzaren argazki handi batekin eszenatokira hurbildu ziren. Argazkia eszenatoki ondoan utzita, dantza egin zuten. Jarraian, eszenatokiaren atzean zegoen pantaila handian bideo bat jarri zuten, Jon Arretxek hilketaren 30. urteurreneko ekitaldian egin zuen hitzartzearekin. MOLINAT APAIZAREN HOMILIA GOGOANGARRIA Mikaela Zabalza aurkezleak hitza hartu eta Mikel Zabalzak hain berandu jasotako aitortza ofizialak gogoratu zituen. Jarraian, Eneko Barberena aurkeztu zuen, hitzartze bizi batean aurten hil den Jose Luis Molinat gogoratu zuena. Molinat Orbaizetako apaiza zen Zabalza hil zutenean, eta hautsak harrotu eta mehatxuak ekarri zizkion homilia bat egin zuen. Barberenak, une latz hartan egindako homilia gogoratu eta apaizak esandako hitzak berreskuratu zituen atzo Orbaizetan: «Era Mikel, como el roble de nuestros montes de Irati, por fuera la piel rugosa, áspera; pero por dentro, tanto el roble, como Mikel, sano, noble, lleno de vitalidad. Mikel ha sido un roble del Irati, cortado en plena juventud. Pero Mikel sigue vivo, como nuestros robles, que dan semilla al suelo y surgen al tiempo nuevos brotes de vida». «Gaur egun irakurrita ere zirrara eragiten duten hitzak dira. Pentsa zer den negarrez ari den familia bati, jota dagoen herri bati, homilia hau irakurtzea», esan zuen Barberenak hunkituta. GIDARIEN MEMORIA Barberenaren hitzartzearen ostean, Donostiako DBus autobus zerbitzuko langileak oholtzara igo ziren. Guillermo Apariciok, Zabalza hil zuten garaian gidaria zena, duela 40 urteko egun haiek nolakoak izan ziren gogoratu zuen, atxiloketaren goizetik gorpua agertu zen arte, baita gidariak nola antolatu eta mobilizatu ziren, une hartan nola sortu zen autobusaren dinamika, eta bi greba egin zituztela, lehendabizi, gidariek, eta, ostean, greba orokorra Hego Euskal Herri osoan. Apariciok hitzartzea arduradunei egindakoa aitortzeko eta barkamena eskatzeko eskatuz amaitu zuen. Gidariek hitzartzea amaituta, Patxi eta Ainhoa Bueno bertsolariek bertso bat bota zuten, eta Aingura musika taldeak abesti bat jo zuen. Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenaren izenean, Eneko Villegasek hartu zuen hitza ostean. Mikel Zabalzaren memoria bizirik mantendu duten pertsona guzti-guztiei eskerrak eman zizkien. «Zuen oihu eta aldarrikapenei esker, egia soziala ‘instituzionala’ ere bihurtu da». «GELTOKI BAT FALTA ZAIO IBILBIDE HONI» Gidariei ere, 40. urteurrenaren harira antolatu duten Oroimenaren Autobusa dela-eta, eskerrak eman zizkien, eta deia luzatu zuen autobus biraren amaiera ekitaldirako, abenduaren 14an Donostian: «DBuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Horregatik deialdi berezi bat egin nahi diogu Euskal Herriko jendarteari Mikel Zabalzaren memoria islatzen duen autobus horri harrerarik beroena egiteko eta azken ekitaldian parte hartzeko». Eta, azkenik, Villegasek, bera ere torturaren biktima, adierazi zuen «geltoki bat falta» zaiola «gure ibilbide honi»: «Egia osoarena. Justiziarena. Erantzukizuna hartzearena». Horiek horrela, auziarekin lotutako informazioa behingoz desklasifikatzea aldarrikatu zuen: «Ezinbestekoa da justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko eta zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko». «Que no pongan excusas, que la Guardia Civil y el Gobierno español reconozcan lo que hicieron», eskatu zuen Villegasek, gazteleraz, entzun behar dutenek uler dezaten. IÑIGO IRUINI AITORTZA Jarraian Mikel Zabalzaren arreba Itziarrek eskertza hitzak izan zituen, bereziki Iñigo Iruinentzat, Mikelen auzian abokatu izan dena. Bere lana goraipatu zuen, gertaeren berreraikitzea egitea lortu zuela azpimarratuz. Familiari falta zaion egia judiziala lortzeko lanean jarraitzearen aldeko deia luzatu zuen. Iruini sorpresa txiki bat eman zion, Xabier Morrasen artelan bat oparituz. Oparia eskuetan hartuta, Iruinek familiari eskerrak eman zizkion berarengan jarritako konfiantzarengatik, eta Estatuaren inpunitatea azpimarratu nahi izan zuen. Ekitaldia Zabalzaren oroitarriaren aurrean amaitu zen, 13.00ak pasata. Pipirripi dantza taldeko dantzariek aurreskua dantzatu zuten. Urtero bezala, familiak prestatutako salda beroa egon zen bertaratutakoentzat, eta 170 pertsona herri bazkarian gelditu ziren. Asteazkenean Intxaurrondotik abiatutako Oroimenaren Autobusak bidean jarraituko du datozen egunetan. Gaur Garraldan izango da, bihar, Aurizberrin goizean eta Auritzen arratsaldean. Abenduaren 3an Agoitzen; 4tik 7ra Iruñean, Basotxoan; 8an Lesakan, plaza zaharreko parkingean; 9an eta 10ean Beran, Iamoteneako parkingean; 11n Altzan, Larratxoko plazan; 12an eta 13an, DBuseko kotxeretan, eta, azkenik, ekitaldi nagusia hilaren 14an izango da, Donostiako Bulebarrean. «Geltoki bat falta zaio gure ibilbide honi. Egia osoarena. Justiziarena. Erantzukizuna hartzearena»