GARA Euskal Herriko egunkaria
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Elkarrizketa
Xabat illarregi marzol
Nafarroako txapelduna

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

Bere lehen txapelak oso ondo ematen dio Xabat Illarregiri (Leitza, 2001), bertsolari handien jitea igartzen zaiolako. Etorria eta ekarria ditu, inguratzen duen munduari zorrotz kantatzeko grina eta gaiei punta txorroskilo propioz ateratzeko kezka. Pozik eta nekatuta, nekatuta eta pozik, lainoan harrapatu dugu txapela jantzi eta biharamunean.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Finalak ekarritako nekea eta ospakizunak sortutako ajea, biak zeramatzan gainean Xabat Illarregik atzo eguerdian Leitzako plazan. Bere lehen txapelarekin oso pozik, artean lurra hartu gabe eta etxekoekin lasai eseri eta sentsazioak partekatu gabe. «Orain eguerdian egongo gara lasaiago». Pentsatzekoa da Illarregitarren etxean poza izan dela asteburuan, bi anaiek jokatu baitzuten buruz burukoa Nafarroa Arenako larunbateko finalean. Bere lehen txapela jantzi du Leitzako bertsolariak.

Xabat, zorionak. Hasi eta buka, sekulako finala.

Eskerrik asko. Lana egitea tokatu zitzaidan egia esan, ez zen izan dena argi ikusten nuen arratsaldeko horietako bat, gai bakoitza borrokatu egin behar izan nuen eta alde horretatik nago oso pozik, buzoa jantzi eta lan ondo egin izanaren sentsazioarekin.

Kanpotik begiratuta, aise ari zinela ematen zuen.

Ez da berdin ikusten kanpotik eta barrutik. Barruan askotan sekulako prozesioa doa. Bertso batzuk etorri egiten zitzaizkidan eta beste batzuk ekarri beharrean izan nintzen. Egia da ondo ikusten nuela nire burua, ez dut esango arratsalde txarra izan zenik. Ikusten nuen lanerako nengoela eta gustatzen ez zitzaidan gai bat tokatuta ere, gaitasunarekin ikusten nintzen aurrera egiteko. Alde horretatik sentsazioak onak izan ziren.

Bertso gosez zinela zirudien.

Bai, eta hala egon nintzen. Ostirala eta larunbat goiza finala iristeko gogoz pasa nituen, bertan kantatzeko gogoz, gosez, eta uste dut hori gero eskertu nuela saioan bertan.

Finaleko nekea ez da samurra izango. Ariketa exijentea da, ordu asko, ofizio asko...

Ez da arratsaldeko hori bakarrik, aurreko aste osoa tentsioan pasatzen duzu. Eta hori guztia kudeatu behar da, zure burua kokatu... eta horrek sekulako nekea ekartzen du.

24 urte dituzu, lehen txapela eta laugarren finala. Eta kasik finaleko beterano bezala begitantzen zaitugu.

Egia da oso gazte sartu nintzela finalean, 17 urterekin. Horrek ekarri dit 24 urterekin eta gaztea izan arren, esperientzia izatea finaletan eta hori ongi etorri zait. Finala gaztetu da, aldaketak etorri dira, gehiago ere etorriko dira, baina saiatuko gara gu bertan egoten.

Aurten ez zara finaleko gazteena izan, hor ziren Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena ere, biak zu baino gazteagoak.

Aurten bi neuzkan ni baino gazteagoak eta eskertzen da saioko gaztearen papera ez bete behar izatea. Saioko gazteena izateak batzuetan ekar dezake puntuazioan gutxiago eragitea, “gazteena da eta buruz burukora ez pasata ere, berdin izango zaio”. Saioko gaztearen etiketa ez izatea niretzat ez zen txarra.

Buruz burukora pasatu direnen izen-abizenak ordena alfabetikoan esaten dituzte. Zuen kasuan, abizen bera, izenean zegoen koska. Joanes esan zuten lehenengo.

Bai. Eta ikaragarrizko poza hartu nuen. Elkarren ondoan tokatu ginen finalean eta aipatu genuen bietako bat izango zela seguruen. Saioa [Alkaiza] ere ondo ikusten genuen, baina Joanes eta biok izan gintezkeela ere pentsatzen genuen. Joanesen izena entzun nuenean, pentsatu nuen Saioa ez zela pasa, alfabetikoki aurretik dagoelako. Joanes pasatu zelako sekulako poza sentitu nuen eta ni ere pasatzeko aukera ikusten nuelako beste hainbestekoa.

Alfabetoaren ordena ere buruan, errimen artean?

Momentu horretan hain azkar doa burua, dena pentsatzeko denbora ematen duela.

Eta bigarren izena, Xabat.

Finaleko momenturik politena niretzat, eta egia-egiatan esaten dut, buruz burukora biok pasatu ginela jakin nuenean izan zen, txapelaren momentua baino ederragoa. Bion izenak entzun genituenean lehertu ginen Joanes eta biok, hor hustu ginen emozioz. Oso ederra izan zen.

Lehen aldiz bi anaia buruz burukoan. Elkarren ondoan askotan tokatuko zitzaizuen.

Eskolartekoetan, Nafarroako txapelketetan eta plazako saioetan askotan tokatzen zaigu elkarrekin aritzea. Datorren astean bertan saio bat dugu. Bertso eskolan ere elkarrekin ibiltzen gara eta guretzat etxeko plazan aritzea bezalakoa da elkarrekin aritzea. Alde horretatik, erabateko konfiantza geneukan buruz burukoa hasteko unean. Ederra izan zen, bertso eskolan egongo bagina bezala sentitu ginen.

Txapelketan eskertzen da plazatik gertuko airea ekartzea, lehiaren zurruntasunetik apartatzen asmatzea.

Txapelketak hori dakar. Hain egoera estuetan eta lanerako hain buzo estuetan kabitu behar izateak ez du laguntzen emozioak kudeatzen. Alde horretatik, solte sentitu nintzen buruz burukoan, aurretik baino solteago, eta bakea sentitu nuen.

Zozketak elkarren ondoan eseri zintuzten Joanes eta zu. Lehen ofizioa elkarrekin abiatu zenuten eta ikusi zen oso entxufatuta zinetela. Mesede egin zizun anaiaren ondoan egoteak?

Baietz uste dut. Zozketan elkarren ondoan ginela jakin genuenean, elkarri begiratu eta pentsatu genuen, “hau da eguna”. Bakea eta poza sentitu nituen elkarren ondoan tokatu ginelako. Aste osoan zehar desio horixe izan genuen, “ea zortziko handian batera tokatzen zaigun”. Horrela gertatu zen eta ederra izan zen, egia esan.

Ofizio guztietan puntuazio onenetakoa, eta, bi bakarkakoetan, bikain.

Gustura gelditu nintzen bakarkakoekin. Bakarkako lana asko gustatzen zait, baina ofizioetan soltexeago sentitzen naiz normalean. Finalean aldrebes gertatu zitzaidan; bakarka solteago sentitu nintzen ofizioetan baino, eta hori gutxitan izan dudan sentsazioa da. Horrela pasa zitzaidan eta uste dut niretzat positiboa dela aurrera begira. Argi ikusten nuen esan nahi nuena; hori nola esan etorri egiten zitzaidan; errimak eta hitz pertinenteak etorri egiten ziren... Argi ikusten nuen nire burua, eta bakarka solte eta distirarekin sentitu nintzen. Pozik nago horrekin.

Finalean gaurkotasun biziko gaiak atera ziren. Etxeko lanak eginda joan beharra zegoen.

Egia da txapelketan zehar ez direla gaurkotasuneko gai asko atera, finalean gehiago tokatu zitzaigun hortik eta uste dut egin beharreko ariketa dela. Bertsoa egunean, momentuan eta lekuan bizi behar da eta tokatzen zaigu egungo gaiei ere erantzutea.

Soldaduskari kantatu behar izan zenion, adinagatik ezagutu ez duzun arren.

Bertsolariari askotan tokatzen zaio berea ez den trajea jantzi beharra, berak bizi ez duen egoera bati kantatu behar izatea. Alde horretatik lizentzia dezente hartzen ditut eta beti ez da erraza izaten. Ongi ere ez zara sentitzen askotan zuk bizi ez duzun egoera bati hain solte kantatuta, baina horretara ohituta gaude.

Zartako gogor batzuk ere bota zenituen. Soldaduskaren gaian, «burua joan ezkero nola egin Macroni/ eskopetak hartzeko oso prest nago ni». Eta abortu eskubidea oztopatzeko klinika aurrean errezatzen dutenei, «daukadan pena bakarra da jende hau jaio izana».

Bai, sententzia modukoak ezta? Aukera ikusi nuen molde batzuk hausteko eta alde horretatik pozik nago. Egokitutako gai horietan esateko neukana esan nuela sentitu nuen. Alde horretatik asebeteta sentitu nintzen. Askoz gauza gehiago egongo dira esateko, baina esan nuena sinistuta esan nuen eta alde horretatik pozik nago.

Igarri zitzaizun lana majo egin duzula.

Ez da txapelketa honetarako bakarrik egindako lana, urte askotako ahalegina da; bilaketa, saiakera, bertsotan egin eta egin... Ematen ez duen arren, lan handia dago atzetik. Mundu aldakor honetan ez da erraza asmatzen zure burua non kokatu nahi duzun. Bilaketa etengabe horrek egiten du erakargarri bertsolaritza.

Nafarroako txapela buruan. Ez da abiapuntu txarra 2026ko Txapelketa Nagusiari begiratzeko.

Egia esan leku onetik abiatuko naiz Txapelketa Nagusian. Gogotsu eta gosez joango naiz beti bezala, baina honek emango dit beste egonarri bat eta beste leku bat txapelketan kantatzeko.

Joanesek jantzi izan balu txapela, poz bera izango zenuke?

Bai, eta horrela hitz egin genuen gainera. Buruz burukoa hasi baino lehen, esan genuen “goazen kantatzera eta kito, hau irabazita dago”. Zazpi epaile, hainbeste bertso eta 6,5 puntuko aldea, berdinketa teknikoa da. Berak irabaziz gero ez zen inor harrituko.