2025 ABEN. 03 Alkateek aginte-makila altxatu zuten, bigarrenez, auzitegien aurrean 2023an egin zuten bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 200dik gora alkate eta udal hautetsik euskararen aurkako azken epaiak salatu eta udalen erabakimen demokratikoa defendatu dituzte aurten ere EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Alkate eta udal hautetsiak, uztailean Bilbon egindako protesta ekitaldian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) M.A. BILBO Euskararen normalizazio prozesuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondorioz, protesta bateratua egin zuten EAEko erakundeetako ordezkariek uztailaren 24an. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udalerritako ordezkari Bilbon elkartu ziren, gizartearen eta udal erakundeen arteko zubia sendotzeko asmoz. Agerraldia Bilbon egoitza duen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin zuten. Hautu horrek bazuen asmo sinboliko argi bat: epaiaren ondorioz sortutako tentsio judizial eta politikoaren aurrean, tokiko botere eta ordezkarien ahotsa altxatzea. Kontseiluak, era berean, gogor salatu nahi izan zituen epaiaren jatorria eta ondorio larriak. Izan ere, aste bat lehenago, Espainiako Auzitegi Gorenak bere egin zituen Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitearen tesi gehienak, Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatziz. Horren ondorioz, udalek eta toki erakundeek herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen zuten hainbat artikulu funtsezko baliogabetu zituen, besteak beste, administrazio-prozeduretan euskararen erabilera lehenesteko aukera murriztuz eta lehen arreta euskaraz eskaintzeko betebeharra ezabatuz. NORMALIZAZIORAKO GALGA Euskalgintzaren Kontseiluarentzat, auzitegiaren erabakia bereziki kezkagarria eta larria da, arrazoi bikoitzagatik. Batetik, euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzen duelako, eta bestetik, udaletatik demokratikoki bideratzen diren hizkuntza politikak nabarmen mugatzen dituelako. «Udalak dira herritarrekin zuzeneko harremana duten administrazio bakarrak, eta beraien hizkuntza-politikak mugatzeak herritarren hizkuntza-eskubideetan eragin zuzena du», adierazi zuten. Kontseiluak azpimarratu zuen, era berean, baliogabetutako dekretua Eusko Legebiltzarrean adostasun zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzeko tresna zela. Horrek argi uzten du Dekretua ez zela gobernuaren kapritxo bat, baizik eta euskal erakundeen babes zabala duen lege baten garapena. Gainera, Kontseiluak azken Inkesta Soziolinguistikoa ekarri zuen gogora, zeinak erakusten duen gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten neurri eta politikak.