GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bidasoa Irun etsi gabe aritu da amaierara arte

Julen Mujika, atzo, Flensburgen aurka. (Ingrid ANDERSON-JENSEN)

Bidasoa Irunek aurreko jardunalditik zuen maind rounderako sailkapena poltsikoan, baina Alemaniako neurketak bazuen bere garrantzia. Aurrean egungo EHF Europako Ligako txapelduna zuen eta hurrengo faserako punturen batekin sailkatzeko lehiatu ziren irundarrak. Oso ondo lehiatu ziren; lehen zatian hiru goleko errentarekin aritu ziren, baina bigarrenean Flensburgek markagailua irauli eta Bidasoa atzetik aritu zen azken unera arte, amore eman gabe.

Lehen gola etxekoen alde erori bazen ere, Alex Mozasen jokalariak, Maciel atezainaren bi geldiketari eta Mielczarski poloniar gaztearen jaurtiketa bortitzei esker, segituan ipini ziren aurretik, hiru goleko abantailarekin (1-4 eta 2-5).

Gainera, Iñaki Caverok jaurtitako lehenengo bi penaltietan asmatu egin zuen (3-6) eta berriro ere Mielczarskik gol puska sartu zuen fly batean (4-7).

Dena bikain zihoan irundarrentzat baina, jakina, aurrean EHF Europako Ligako txapelduna izanda, ez dago erlaxatzeko aukerarik. Gollak eta, batez ere, Kirkelokkek gol erakustaldia hasi zuten.

Matheus da Silvak txartel gorria ikusi zuen, baina Gorka Nietok eta Julen Mujikak Bidasoaren abantailari eusten lagundu zuten. Unai Barreto gazteak ere izan zituen bere minutuak, baina bere bi aukerak Moller atezainak desegin zituen.

Lehen zatiko azken segundoetan, Mozasek hutsartea eskatu zuen jokaldia prestatzeko, eta Esteban Salinasek bikain erantzun eta 15-17koa egin zuen. Baina etxeko taldeak, Gollaren bidez, tartea murriztea lortu eta atsedenaldira 16-17koarekin joan ziren.

NAHI BAINA EZIN

Bigarren zatian, Julen Mujikak bi gol egin zituen berdinketari eusteko (19-19), baina errenteriarrak min hartu zuen azken gol horretan eta, kasualitateak kasualitate, alemaniarrek behetik gora egin zuten; markagailua irauli eta lau goleko abantaila eskuratu zuten.

Halakoetan gertatzen denaren kontra, Bidasoak ez zuen amore eman eta, nahiz eta punturik ez lortu, motibatuta ekingo dio bigarren faseari.