GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herriko bigarren Hika Topaketa: hitanoa biziberritzeko indarrak batzen

Euskal Herriko II. Hika Topaketa egin zuten azaroaren hasieran Markina-Xemeinen, hitanoa bultzatzen duten eragileak bildu, elkarrekin hausnartu eta etorkizunera begirako estrategiak finkatzeko.

Topaketan parte hartu zuten kideak, familiako argazkian. (ZIRHIKA)

ZirHika taldeak antolatu zuen, pasa den azaroaren 8an, Euskal Herriko II. Hika Topaketa Markina-Xemeinen, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Gainera, ekimenak aitortza instituzional nabarmena jaso zuen, bai Eusko Jaurlaritzaren eta bai Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan baitzuen. Hala, hitanoa babestu eta suspertzearen garrantzi kulturala eta soziala azpimarratu nahi izan zuten.

Antolatzaileek egun osoko egitarau mamitsua prestatu zuten, bertaratutakoen parte hartzea eta ezagutza trukaketa gauzatzeko asmoarekin. Goizeko jardunaldia, bereziki, hitzaldi eta aurkezpen sortari eskaini zioten. Saio horietan, Euskal Herriko bazter ugaritan martxan jarri dituzten hika proiektu, ikerketa eta esperientziak ezagutzeko aukera izan zen, besteak beste, Urretxu-Zumarragan, Goizuetan, Aulestin, Azkoitian eta Oiartzunen izandakoak. Hizlariek euren gertuko esperientziei buruz hitz egin zuten, hizkera berezi horren irakaskuntzan, transmisioan eta erabilera esparruak zabaltzean aurkitu dituzten onurak eta oztopoak azaltzeko.

Ondoren, Segura Irratiaren, Tolosaldeko Atariaren, Euskadi Irratiaren eta Xiberoko Botzaren txanda izan zen. Irratietan hitanoa erabiltzeko izaten dituzten gorabeheren berri eman zuten.

Aditu horien guztien testigantzek eta azalpenek balio izan zuten, besteak beste, metodologia didaktikoak ezagutu eta hitanoaren aldaera geografikoen azterketa egiteko. Esperientzia truke horrek agerian utzi zuen hika ez dela lurperatutako fosil bat, baizik eta gazteek eta irakasle berriek ere berreskuratu eta erabil dezaketen hizkuntza tresna bizia.

Arratsaldean, ostera, lan mahai eta talde dinamikek izan zuten protagonismoa. Goizean jasotako ezagutza eta datu guztiak oinarri hartuta, partaideek hausnarketa eta proposamen zehatzak egiteko aukera izan zuten. Topaketa, funtsean, lan bilera gisa planteatu zenez, antolatzaileek aurrez erabaki zuten parte hartzaile kopurua mugatzea. Hartutako neurriak eztabaiden kalitatea eta sakontasuna bermatzea zuen helburu.

Topaketan parte hartu zuten kideen profila askotarikoa bezain espezializatua izan zen: horien artean, euskara elkarteetako kideak, hika irakasten ari diren irakasleak, udal eta mankomunitateetako euskara teknikariak, eta hizkeraren inguruan ikerketa zientifikoa egiten ari diren ikerlari akademikoak.

Arratsaldeko saio praktikoa Farapi kooperatibako dinamizatzaileek gidatu zuten. Euren lana ezinbestekoa izan zen eztabaidak bideratzeko, ondorioak modu antolatuan ateratzeko eta lanketa prozesua eraginkorra izateko. Talde lanaren emaitzek bide orri bat marraztu zuten, etorkizunean egin beharreko lana zehazteko.

Eguna amaitzeko, Mirari eta Aintzane trikitilariek “Egingo dinagu” kanta abestu zuten, eta trikiti doinuekin kalejiran abiatu ziren Uhagon kulturgunetik Kontzejupera, bertso saioa baitzegoen bertan, Ainhoa Agirreazaldegi, Aner Peritz eta Aitor Bizkarrarekin, Igor Elortza gai jartzaile zutela.

OÑATIKO TOPAKETA ABIAPUNTU

Markina-Xemeinen egindako bigarren bilkura 2023an Oñatin egin zen I. Hika Topaketaren jarraipena izan da. Oñatiko ekitaldi hark, hain zuzen ere, funtsezko inflexio puntua markatu zuen. Duela bi urtekoa izan zen hika suspertzen zebiltzan eragile desberdinek elkar ezagutzeko eta euren artean formalki harremanetan jartzeko lehen ahalegina.

Topaketa horren ondorio zuzena izan zen ZirHika taldea sortzea: Euskal Herri osoko hika eragileek osatutako koordinazio gunea. Talde berri hori izan da bigarren topaketa hau arrakastaz bideratu eta gauzatu duena, eta, hala, mugimendua antolatua eta egituratua dagoela frogatu da. Erakutsi dute behetik gorako dinamikari esker, hizkuntzaren inguruko kezka eta ekintza koordina daitezkeela.

Jardunaldian, azkenik, hurrengo topaketa noiz eta non izango den iragarri zuten: III. Hika Topaketa 2027an izango da eta Nafarroara joango da, Lesakara hain zuzen.