2025 ABEN. 03 EUSKARAREN EGUNA Euskara larrialditik ateratzeko bide orria azaldu du Kontseiluak «Euskara larrialdian dago». Ohartarazpen hori egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak atzo, Euskararen Egunaren bezperan. Egoera horri buelta emateko, Idurre Eskisabelek eskatu zuen «euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasuna indartzea», eta euskaltzale guztiak animatu zituen abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den Pizkunde ekitaldira bertaratzera. Kontseiluak Bilboko Miribilla parkean egindako agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Marcel PENA BILBO Euskararen Egunaren bezperan, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi zuen euskara «larrialdian» dagoela eta dei egin zien euskaltzale guztiei, alderdi politikoei eta instituzioei indarrak batzera egoera horretatik ateratzeko eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko. Bilboko Miribilla parkean, hedabideen aurrean, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak adierazpen bateratua irakurri zuen. Bertan, iazko Euskararen Egunaren testuinguruan plazaratutako «larrialdi linguistikoaren diagnostikoa» berretsi zuen, «datu soziolinguistikoak, estatusarekin ditugun arazoak eta globalizazioaren egungo aldaerak parez pare jarri dizkigun erronka itzelak aintzat hartuta». Urtebete igarota, «zoritxarrez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdian segitzen dugu». Arrazoien artean aipatu zituen atsedenik izan ez duten «oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak»: «Astean behingo maiztasunez datoz euskararen normalizazioaren aurkako epaiak; ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat gertatzen ari da... Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan». «Beraz, kinka larri honetan ezinbestekoa da berriro ere euskara lehen lerrora ekartzea, euskaltzaletasuna indartzea», nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen «indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea. Euskara larrialdian dago eta hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko», gaineratu zuen. Denbora horretan Kontseiluak ere aurrera egin du. Hain zuzen, joan den irailaren 26an aurkeztu zuen “Itun soziopolitiko berrirako eskaintza”, Batuz Aldatu dinamikaren emaitza, momentu horretan 113 eragileren babesa zuena eta gaur egun Euskal Herri osoko 130etik gora gizarte eragile batzen dituena; besteak beste, Athletic eta Reala, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa zein Gipuzkoako Erizainena, Mondragon Korporazioa zein Iparraldeko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista eta pentsiodunen elkarteak. Azkenak EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Labayru Fundazioa izan dira. «Horien denen artean jositako akordio soziopolitiko berrirako proposamenean argi jasotzen dira zeintzuk diren euskararen normalizazioan aurrera egiteko ez ezik, gure gizartean hizkuntzaren inguruan ditugun korapiloak askatzeko bi gakoak: batetik, etorkizunean herritar denak euskararen jabe izango diren gizarte baterako zumeak jartzea. Bestetik, erabileran eragitea, normal erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta hedatuz», esan zuen. Era berean, Kontseiluak Pizkundea abiatu zuen, abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldia. «Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok», animatu zuen Eskisabelek. 130 ERAGILEIrailaren 26an aurkeztu zuen Kontseiluak «Itun soziopolitiko berrirako eskaintza» Batuz Aldatu dinamikaren emaitza, gaur egun 130etik gora gizarte eragile batzen dituena.