GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Bi ahizpa


Atxagaren “Bi anai” izenburua etorri zitzaigun askori burura Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalean. Joanes eta Xabat Illarregi aritu ziren buruz buruko txukuna eginez. Literaturan lez, beste kultur arlotan erreferenteak behar ditugu eta Xabat horietako bat izanen da.

Ez dira bi ahizpa, baina ahizpatasunetik aritu ziren azaroaren 22an Nerea Ibarzabal eta Sarai Robles Nafarroako Liburutegian. Ederra izan zen bien arteko solasaldia, bizkaitarraren “Bar Gloria” aitzakia hartuta eta plazetan izan ohi dituzten adimen eta dotorezia berberez aritu ziren eszenatokian.

Euren ongietorri agurra egin zuen Rebeca Esnaola Nafar Gobernuko Kulturako kontseilariari falta izan zitzaion dotoreziaz, hain zuzen. Esnaola andreak euskaraz pare bat hitz botatzeko egindako ahalegina eskertzekoa bada ere, gaztelaniaz bota zuen diskurtsoa, non eta Nafarroako euskarazko irakurketa taldeen topaketan. Nahikoa zuten kultur arloko euskaldunen bat bidaltzea eta bertaratutakook ez genukeen sentituko mespretxurik edo mimo eskasia.

Atzo izan zen Nafarroaren eguna, euskararen nazioarteko eguna eta Xabaten bertsoak dioen bezala, «Lo hartuz gero lur honek ez du hizkuntzarik eramango. Ta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango».