2025 ABEN. 04 EDITORIALA Euskarak ez du bizitzeko baimenik behar Hizkuntzarik ederrena eta zatarrena, zailena eta errazena, herri honen kulturaren adierazle, Euskal Herriari izena eta izana ematen diona. Berezitasun hori, hainbaten ustez akatsa dena, Nafarroako bertsolari txapeldunak gogorarazi zuen iragan larunbatean: «Hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herria izango». Euskararen Eguna ospatu zen atzo, 2025eko abenduaren 3an, eta aldarrikapen eguna ere izan zen, hizkuntza larrialditik ateratzeko premia gorria dela eta. Euskararen pizkunde berri bat aldarrikatu izan da azkenaldian. XIX. mende amaierako, 1936ko gerrara arteko eta 60ko hamarkadako pizkundeak denetariko oztopoen aurka egin ziren; instituzioen aurka, legeen aurka. Mendeetan prestigioa ukatua, mespretxatua eta jazarria, euskara toleratuta dago egun, baina bizitzeko baimenaren menpe. Bizirik dago euskal jendarteak honaino ekarri duelako, “normaltasunaren” aurka. Orain herri honek baditu instituzio propioak, lekuan-lekuan jakineko eskuduntzak dituztenak eta arauak egiteko gai direnak, baina beren hizkuntzaren estatusaren eta kudeaketaren gaineko erabateko ahalmenik ez dutenak. Perbertsio nabarmena da euskara normalizatzeko neurriak sistematikoki atzera botatzea, zeren eta demokraziaren izenean. Hala ere, ez da zenbait epaile zororen kontua, oldarraldi politiko eta mediatikoa ere bada, mendeetako oldarraldi inperial bera. Sestaoko eta Gasteizko arazoa da, Tuterakoa eta Angelukoa, baina baita Markinakoa eta Errezilgoa ere. Hain da kezkagarria, aldeak alde, askotariko aldagaiak tarteko, arazo bera baita funtsean. Arazo nagusia erabilera dela diote instituzioetako arduradunek, eta arrazoi dute; atzo Euskararen Eguna izan zela eta gaur ere euskararen eguna dela transmititu nahi diote jendarteari, zuzen transmititu ere, baina hori herritarren gainean arazoaren zama jartzeko modua ere izan daiteke, baldin eta erakunde publikoak, herritarrei eskatzen dieten praktika horietan, eredu ez badira. Izan ere, euskararen erabilera errazteko kondizioak bermatzeaz gain, politika ausartak behar dira, eragileek eskatzen duten bezala, bizitzeko ez baimenik ez justifikaziorik behar ez duen hizkuntzari eusteko.