2025 ABEN. 04 Zinemara hurbiltzeko zazpi begirada liburu batean bilduta Zinemara gerturatzeko bide eta interes ezberdinak daude, eta horiek landu dituzte Iratxe Fresnedak koordinatutako “Dena egiteke dago, zinema tirokatu” liburuan. Zazpi egileren lanak bildu dituzte Nosferatu bildumako hamahirugarren, ale honetan, zazpi begirada. Beltran, Fresneda eta Fernandez, atzo egindako liburu aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Iratxe Fresnedak koordinatu du Nosferatu bildumara batu berri den liburua, hamahirugarrena: “Dena egiteke dago, zinema tirokatu”. Argitalpena atzo aurkeztu zuten Euskadiko Filmategian, Donostian, Nosferatu programazioko “Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak” zikloari lotuta. Fresnedak koordinatu du alea, eta artikulu bat ere idatzi du berak. Tania Arriaga Azkarate, Aitor Arruza, Maitane Hernandez Eyheramonho, Gentzane Martinez de Osaba, Olatz Ovejero Alonso eta Elisa Villota Sadaba dira gainerako egileak. Bakoitzak zinemagintzaren ertz batetik idatzi du artikulua. Aurkezpenean, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako arduraduna ere izan ziren. Eskertuta agertu zen Fresneda, liburu hau idazteak «zinemara gerturatzeko bestelako begiradak» eskaintzen dituelako. Orain artean Nosferatu bilduman landutako ibilbidetik «ihes» egin eta beste zerbait kontatzea zen beraien asmoa, eta horregatik, zinemara gerturatzeko aukera ezberdinak landu nahi izan dituzte. Hiru ardatz nagusi nabarmendu zituzten atzo Tabakaleran egindako aurkezpenean: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. Orotara zazpi artikulu daude, eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen da; ez dira ibilbide historikoaren ingurukoak, gaurkotasunez beterik daudela azaldu zuten. Egileek propio landu dituzte ondorengo gaiak: sorkuntzan dauden absentziak; itzalean dauden zinemagileak; ekoizpen eredu exekutibo alternatiboak; errepresentazioa eta ordezkagarritasuna; queer sormena, etorkizuneko bide berriak; ekozinemagintza eta paisaia. Ardatz horien bidez, ohiko film komertzialetatik aldendu eta zinemaren industria tradizionaletik kanpo sortzen diren sormen eta errepresentazio ikuspegien aniztasuna esploratu dutela adierazi zuten aurkezpenean: «Aspaldi hasi ziren emakumeak eta industria zinematografikoaren barruan sartzen ez diren beste kolektibo batzuk zinearen historia propioa idazten. Zinemak errealitatearen ikuspegiak sortzen ditu, eta horiek, noizean behin, ezarritako eskema narratibo eta formaletatik ihes egiten dute». Izenburu deigarria du liburuak, eta zehazki zergatik eman dioten izenburu hori ez zuten arrazoitu nahi izan -ez zuen spoilerrik egin nahi Fresnedak, liburuaren barnean topatuko omen du irakurleak tiroaren zentzua-. Halere, azaldu zuen bere ustez oraindik dena egiteko dagoela: «Uste dut oraindik dena asmatzeko dagoela, batez ere norberaren begiradatik, beharbada istorio guztiak kontatuta daude baina oraindik norberak berea konta dezake. Eta hor sortzeko aukera asko dago». EUSKAL HERRIA PRESENTE EDUKIETAN Euskal zinemagintza «modu naturalean» agertu dela zehaztu zuen Fresnedak, «oso presente dago eta ez hizkuntzaren bidez bakarrik, edukian ere bai». Izan ere, aniztasun handiko talde batek sortutako lana dela kontatu zuen, eta guztiek ekarri dituztela euskal zinemako erreferentziak. «Dibulgazio espiritua» du liburuak egileen ustez, eta zinemazaleentzat zein beste leku batzuetatik zinemara hurbildu nahi dutenentzat pentsatuta dagoela: «Akademiako arauetatik ihes egiten ahalegindu gara. Publiko orori zuzenduta dago, zinemaren munduko ofizio zein mundu ikuskera ezberdinak jasotzen dira, eta horregatik uste dut interes ezberdineko pertsonak erakar ditzakeela zinemara horrelako liburu batek». SORKUNTZADibulgaziorako tresna izatea nahi dute liburua, baina sormenerako askatasun osoa eman izana eskertu zuen Fresnedak.