2025 ABEN. 05 AA eta zinema Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Adimen artifiziala zinemaren mundura iristea azken hamarkadetako iraultzarik garrantzitsuenetako bat da. Ukaezina da AAk ate berriak ireki dizkigula, baina botere harrigarri horrek arrisku sakonak ditu: erantzukizunez gidatu ezean, sormenaren magia gal daiteke eta algoritmoen mendean geldi liteke gizakiaren sorkuntza guztia. Zinema, oroz gain, giza adierazpenerako modu bat da, eta sormenezko funtzio gehiegi algoritmoen esku uzteak lan zinematografikoen ezaugarri diren benetakotasuna eta emozioa lausotu litzake. Euskal Herrian, esaterako, Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea EITBk ezarri nahi duen adimen artifizialeko erremintaren aurka azaldu da. Erreminta gai da sei hizkuntzatan transkripzioa, azpidazketa, itzulpena eta bikoizketa egiteko. Bikoizketa-prozesua osatzen duten profesionalak ordezkatzea helburu duen edozein tresna edo teknologiaren aurka agertu dira. Nazioarteko gidoilariak ere ez daude oso pozik eta tresna horren erabilera arautzeko eskatzen ari dira. Sortzaile asko beldur dira beren lana baimenik eta konpentsazio ekonomikorik gabe erabili ahal izango ez ote duten. Premiazkoa da araudi argi batzuk ezartzea erabilera mugatzeko. Kontua ez da berrikuntza geldiaraztea, baizik eta bermatzea aurrerapen teknologikoak ez dituela balio artistikoak, egile eskubideak eta lan baldintzak irentsiko.