GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik


Ribabellosan zegoen Osborneren zezena eraitsi dute Ernaiko kideek, ohar batean azaldu zutenez. Ekintza ostegun gauean egin zuten.

«Osborneren zezenak Euskal Herrian egon diren ikur arrotzak dira, espainolismoaren ikurrak diren heinean. Gazteek, aste honetan zehar, hainbat ekimen egin dituzte, bai ekimen nazionalak eta baita auzo eta herrietan egin dituzten ekintzak eta markajeak», azaldu zuen Ernaik oharrean.

«Guztiak abian duten kanpaina politiko komunikatiboaren baitan burutu dituzte, independentziaren aldeko eta espainolismoaren kontrako ekimenak izanik. Gazteek azpimarratzen dute, zapalkuntzarik gabeko herria eraiki eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko independentzia beharrezkoa dela. Horregatik, kaleetan dauden ikur espainolistak markatu dituzte aste guztian zehar», adierazi zuen Ernaik.

Iazko urrian Tuteran zegoen Osborneren zezena ere lurrera bota zuten Ernaiko kideek espainolismoaren kontrako ekintza zela nabarmenduz. Urriaren 12an Tafallan manifestazio nazionala deitu zuen Ernaik hispanitatearen kontra egiteko.

IGELDOKO GURUTZEA

Bestalde, Ernaik Igeldoko mendi tontorreko gurutzea eraitsi zuen. Irutxuloko Hitzan jasotako informazioaren arabera, Mendizorrotzeko gurutzea errekete bat oroitzeko eraiki zuen Udalak. «Ekintza honekin argi utzi nahi dugu elementu frankistek gure auzo eta hirian tokirik ez dutela», adierazi zuen Ernaik.

Gainera, Donostiako Udaletxetik Espainiako bandera kendu zuen gazte antolakundeak atzo ere.