2025 ABEN. 06 Presentziak (III) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Epistemologia indigena horietara zuzentzen du besoa haudenosaunee kideak, izaki ezberdinen arteko harreman sareen muinera, hain zuzen, zeinean betebehar eta ardura jakin batzuk dituen partaideetako bat besterik ez den gizakia. Alferreko erreferentzia da hori, ordea, Mendebaldeko begiradarentzat; haranaren sakontasunean lur eremu ezezagun eta zeharkaezin bat baino ezin du ikusi. Horregatik aldi berean zuzengarri eta indar-berritzaile (“reparative”) den interpretazio eredu baten alde egiten du Ojibwe ikerlari Zordanek. Kolonialismoaren garaipenaren erresonantzia-kutxa izan beharrean, interpretazio eredu hori honako helburua duen etikak gidatzen du: proiektu kolonialen baitan funsgabea dena, bere kontraesanak, bilatu eta azaleratzea; hots, haudenosaunee gizonak besoarekin egiten duen keinuak zehazki zer adierazi nahi duen jakin ez arren (datu hori haudenosaunee jendeen ondorengoei galde dakieke), bere existentzia aintzat hartzea, alegia, existentzia hori ez ukatzea, Colek egin zuen bezala (bera izan baldin bazen bere paisaia propio manipulatu zuena). Olibondoak erre eta suntsitzen dabil Israel, palestinarren nortasun ikur eta bizi sostengu garrantzitsua desagertzearekin batera palestinarrak eurak desagertuko diren itxaropenarekin. Hamarkadak dira Israel horrela dabilela, sorreratik bertatik, ezer ikasi gabe.