GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Euskara guztiona denean bizi da


Euskal Herriak bizi duen aldaketa soziolinguistikoa ez da oharkabean pasatzen ari. Gure herrian aniztasun linguistiko eta kulturala handitu da, eta, beraz, nola berrantolatu behar dugu euskararen lekua herri gero eta askotarikoagoan?

Osasuna ezin da neurtu hiztun kopuruan soilik, komunitatean duen lekuak eta harreman sozialetan kokatzeko moduak ematen diote arnasa. Hizkuntza baten etorkizuna ez dago homogeneotasunari begira, ez dago ipar elebakar bat eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketan asmatzetik etorriko da.

Euskal Herrian dozenaka hizkuntza bizi dira elkarrekin egunero kalean, eta hori ez da euskararen ahulezia bat, euskararen aukera berriena da.

Euskarak ez du biziraungo bakardadean; euskara beste hizkuntza komunitateekin harremanetan bizi da eta, harreman hori emankorra izateko, ezinbestekoa da etorri berrien hizkuntzak aitortzea, euren lekua bermatzea espazio sozialean eta euskara jartzea komunitate guztien arteko hizkuntza komun gisa.

Beste hizkuntzak ikusezin bihurtzen direnean, ez dute lekurik harremanetan; eta harremanetan ez badago tokirik, ez da euskararik ere. Euskara, herri multikulturalean da. Aniztasuna bizirauteko baldintza bihurtu da, inondik inora ere ez oztopo.

Euskararen gabeziak, ahuleziak, ezin zaizkie etorri berriei aurpegiratu. Euskal herritar berriak ez dira testuinguru bat, komunitate linguistiko berriaren parte dira.

Etorri berriek ez dute «euskara arriskuan jartzen». Gorantz bilatu errudunak eta ez alboetan. Herriko hizkuntzen aitortza jasotzen dutenean, euskararenganako lotura sozial eta sinboliko sendoagoa sortzen da. Are gehiago, frantziar eta espainiar inposaketa kolonizatzailea askoren gorputzetan bizitzetik datoz eta frantses zein gaztelaniaren azpitik dagoen hizkuntza minorizatu batean harrera egiteak horizontaltasuna ematen dio artatzeari. Estatu gabeko nazioetan gertatzen den fenomeno bat da, lantzen hasi beharrekoa.

Aitortu gabeko hizkuntza batek ez du beste hizkuntza bat bere egiten; aitortua duenean, ordea, posible da. Euskarak ez du irabazten norbaitek galtzen duenean edo bere hizkuntza euskarak ordezkatzen duenean. Irabazten du gehiagok gehiagotan bere eguneroko egiten duenean.

Euskara guztiona izateko, eskuragarria eta unibertsala izan behar du eta instituzioek badute egitekoa. Oraindik ere, euskararen politika eta aniztasunaren kudeaketa sailka eta bereizi planteatzen dira.

Baina bizitza errealean biak nahastuta datoz, eta banaketa horrek kohesio soziala ahultzen du.

Ezin dugu etorkizuna planifikatu hutsune kategorikoekin. Euskara hizkuntza komuna izan dadin, gure hizkuntza guztiak aitortu eta hizkuntza politika eta aniztasun politika ikuspegi berean elkartu behar dira.

Euskara guztiona denean bizi da, komunitate zabal eta askotariko batek bere egiten duenean. Guztiona izateko, doakoa, eskuragarria, erabilgarria, unibertsala eta jasangarria izan behar du. Instituzioek berea, herritarrok gurea, XXI. mendeko euskararen pizkundea martxan da.