OÑATIKO EMAKUMION ETXIA, HERRITARREN ARTEAN ERAIKITAKO EKIMENA
Udalak ikusi zuen Oñatin bazegoela behar bat, eta horri behar moduan heltzeko asmoz erabaki zuen Emakumion Etxiaren proiektua martxan jartzea. Hasieratik, herriko emakumeen parte hartzea garrantzitsua izan da, espazioen definiziotik etxearen beraren erabilera zein izango den erabakitzeko garaira. Martxan denean ere, herritarrek pisu handia izango dute etxearen funtzionamenduan eta edukietan.

Oñatiko Emakumion Etxia errealitate bat izango da udaberrian. 2018an hasi zen prozesua fruituak ematen ari da, eta eraikinaren obrak bukatzear daude. Azken ukituak gelditzen dira feminismoaren egoitza, emakume guztiak besarkatuko dituen etxe hori martxan jartzeko. Hala ere, herritar guztiei zerbitzua eskaintzeko intentzioa duen espazioa izango denez, emakumeak ez direnak ere ongi etorriak izango dira.
Esan bezala, ekimena 2018an hasi zen urratsak egiten. Partaidetzazko aurrekontuak zehazterakoan, herriko emakumeen egoeraren diagnosi bat egitea beharrezko ikusi zuten eta hala egin zuten 2020an, 45 emakume elkarrizketatuz, haien begiradak, beharrak, nahiak, usteak, gatazkak eta bestelakoak mahai gainean jar zitzaten. Diagnosi horretan oinarrituta, eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren laguntzarekin, etxearen proiektuarentzat leku apropos baten bila hasi ziren. Azkenean, Kale Zaharreko eraikin bat erostea erabaki zuen Udalak, Oñatiko erdigunean, aurrez irudikatu zutena hartuko duen espazioa sortzeko, aurreikusita dituzten edukiak egoki jasoko dituenak.
«Berme bat izan da adostasun politikoa egon dela. Udal mailan lanketa bat egin zen adostasun batera heltzeko, eta garrantzitsua da prozesuarentzat», azaldu du Izaro Elorza Arregi alkateak. Adostutako horren gainean hasi zuten parte hartze prozesua, zenbait fasetan, etxea nolakoa izatea nahi zuten zehazteko.
Obrak egiten ari ziren bitartean, emakumeen etxe horren edukia eta funtzionamendua definitu behar ziren, eta hori ere herriko emakumeen iritziak jasoz egin nahi zuen Udalak. Hala, lehen topaketak egiten hasi ziren, eta Udaletxetik beste herrietako emakumeen etxeak bisitatzera joan ziren, horiek bertatik bertara ezagutzeko. «Udal Gobernuaren hautua izan da. Hasieratik zuen argi prozesu hau herrikideekin batera landu behar zela, alegia, espazioaren erabiltzaileek izan behar zutela, besteak beste, etorkizuneko etxearen zelakotasuna, zertarakoa eta funtzionamendua zehaztu behar zutenak», argitu du alkateak.
Era berean, denek elkarrekin adostu zuten lau izango zirela Emakumion Etxiaren ardatzak: feminismoa, intersekzionalitatea, ikuspegi komunitarioa eta ahalduntzea -ahalduntze indibidualetik kolektibora eta soziopolitikora salto egiteko tresna izatea nahi da-.
Hurrengo pausoa izan zen definitzea zer nahi den etxe horretan gertatzea, zertarako izango den, zein ildo estrategiko landuko diren bertan eta nolakoa izan behar duen etxeak hori gertatzeko. Obrak hasiak ziren, baina etxearen barne antolamendua erabakitzea falta zen: «Hiru solairutan banatu da. Behekoa izango da aktibitate gehien duena, zaratatsuena, elkartzeko balioko duena. Bigarren solairuan bulegoak egongo dira, baita ikastaroak egiteko espazioak ere. Eta goian kokatuko dugu espaziorik lasaiena, eskulanak eta bestelako ikastaroak egiteko. Askotariko ekintzak eskaini nahi dira bertan», argitu du alkateak.
Horrez gain, Jabetze Eskola, xirrika, aholkularitza zerbitzua eta etorkizunean sortuko diren beste batzuk ere Emakumion Etxian kokatuko dira.
DENAK BATERA KUDEAKETAN ERE
Parte hartze prozesu zaindua izatea nahi zuten, honi baliabideak eta denbora eskainiz. Izan ere, proiektuari oinarri sendo bat eman nahi izan diote, hasieratik korapilatsuak izan daitezken gaiak landuz.
Emakumion Etxia Udalak sustatutako ekimen bat bada ere, herritarren parte hartzearekin atera da aurrera, eta, horregatik, aurrerantzean hartuko diren erabakietan zein programazioaren definizioan ere herritarrek parte hartuko dute. Horretarako, kudeaketa nagusia (eguneroko lana, gestioak, lantaldeen dinamizazioa, etxeko harrera...) udaleko bi teknikarik egingo dute, etxean lanean egongo direnak.
Erabakiak hartzeko eta gobernantzan aritzeko, berriz, lantaldeak daude eta hor gaiaren arabera, bakoitzak bete nahi duen paperaren arabera, izena eman dezake; emakume horiek antolakuntzaren parte izatera pasako dira. Izena ematen dutenekin hainbat kudeaketa talde osatuko dira, eta talde bakoitzaren ordezkariak beste talde nagusi batean bilduko dira, guztien iritziak jasotzeko. Udalak, zuzenean, azken talde horretan hartuko du parte, baina ez du beste taldeek baino pisu handiagorik izango, parekoa baizik, soziokrazian.
Hala, nahi dutenek izena eman ahal izango dute bakoitzak etxearen eskeman zein rol beteko duen aukeratuz: ekintzetan parte hartu, ezagutzak partekatu, komunikazioan eragin, programazioa landu, gogoeta aberastu... Hala ere, Emakumion Etxiaren zerbitzuak erabiltzeko eta antolatutako jardueretan parte hartzeko, ez da beharrezkoa antolakuntzaren parte izatea, edonor joan daiteke.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
