GARA Euskal Herriko egunkaria

Balenciagako komiteak ez ditu Abu Dhabiren murrizketak onartuko

Balenciaga Zumaiako ontziolako enpresa komiteak argi utzi du ez dituela Abu Dhabi Ports-eko inbertitzaileek proposatu dituzten zazpi kaleratzeak eta %25 eta %50eko soldata jaitsierak onartuko. Trukean, hiru urtez soldatak izoztea planteatu du, plantilla eta lan kondizioak mantenduz. Horiek dira markatu dituen marra gorriak.

Balenciaga ontziolako langileak hedabideei adierazpenak egiten, atzo Zumaian. (Jon URBE | FOKU)

Balenciaga ontziolako enpresa komiteak atzo jakinarazi zuenez, Abu Dhabi Ports inbertitzaileak zazpi langile kaleratzea eta soldatak %25 eta, kasu batzuetan, %50 jaistea planteatu dio. Baina argi utzi zuen ez duela halakorik onartuko, plantilla eta lan kondizioak mantentzea direlako bere marra gorriak.

Zumaiako ontziola ospetsuko langileen ordezkariek oroitu zuten joan den uztailean inbertitzaileek egin zieten eskaintza, gero epaitegian aurkeztu zutena, ongi ikusi zutela, baina azaroaren 12an Abu Dhabiko konpainiak bilera batera deitu zituen eta bertan kaleratzeak eta soldata jaitsierak jarri zizkien mahai gainean.

«Auto bat dago onartuta eta guk legea beteko dugu», esan zuen enpresa batzordeko CCOOko kideak, David Tejerak, ontziolaren atarian egindako agerraldian. Salatu zuenez, «plantilla gutxitzea edo berregokitzea ez da onargarria».

Gogora ekarri zuen uztailean hiru urtez soldatak izoztea planteatu zietela inbertitzaileei, plantillari eta lan kondizio berberei eutsiz. Ez zuten inongo erantzunik jaso, ordea. Horregatik, atzo garbi utzi nahi izan zuten ez direla ontziolaren erosketa operazioan gertatzen ari diren atzerapenen erantzuleak. 2024 amaieran hartzekodunen lehiaketan sartu zen eta Abu Dhabi Portsek azaroaren 30ean sinatu zuen salerosketako protokoloa.

Tejerak esplikatu zuen printzipioz hogei eguneko epea dutela sinadura horren ondotik erosketa gauzatzeko, nahiz eta ez dakien epe hori luza daitekeen ala ez. «Ez dugu ulertzen lanari berriz ekin ahal izatetik hain hurbil egonda zergatik ez dioten oraindik gure arrazoizko proposamenari erantzun», adierazi zuen.

«EZ DA JASANGARRIA»

Komiteak kritikatu zuenez, langileen egoera «ez da jasangarria», lehiaketako administratzaileak baimen ordaindu bat eman baitzuen 2025eko uztailaren 22an ABEEEa bukatu eta gero, baina praktikan ez da ordaintzen ari. «Hilabeteak daramatzagu soldatarik kobratu gabe, zorrak pilatzen eta gure familiak gogor kolpatzen ari den ziurgabetasun batean bizitzen», gaitzetsi zuen.

Zumaiako Udalak soilik lagundu dituela esan zuen eta gainontzeko administrazio eta instituzioen «akonpainamendu falta» salatu zuen. «Momentu kritiko honek ez digu guri bakarrik eragiten, sektore estrategiko bati eragiten dio, ekonomiarako eta industriarako gakoa den itsasontzien eraikuntzari», nabarmendu zuen komiteak.

Plantillaren «konpromisoa eta ardura» baloratu zituen, eskuzabal jokatu duelako eta «elkartuta jarraitzen duelako lanpostuak defendatzen».

«Lan egin nahi dugu, egonkortasuna nahi dugu, gure bizitzarekin duintasunez jarraitzea posible egingo duen proiektu bat. Gure lanpostuez gain, langile berriak sartzea defendatzen dugu, etorkizun partekatu batean eta proiektu honetara batzen diren pertsonei aukerak bermatzean sinesten baitugu», azpimarratu zuten langileek.