2025 ABEN. 12 Euskal Herriko esnekirik onena Markina-Xemeingo ahuntz gazta bat da Markina-Xemeingo Larruz gaztandegiak bigarren aldiz irabazi du Tolosako Euskal Herriko Gazta eta Esneki Azokan egiten den txapelketa. Ahuntz gaztarik onenaren saria jasotzeaz gain, txapeldunen artean txapeldun izendatu zuten ondoren. Horrek, bezero gehiago ekarri dizkio enpresa txikiari. Iban eta Gorka Muniozguren anaiak, Tolosako sari nagusiarekin. (TOLOSAKO UDALA) N.B. DONOSTIA Iban eta Gorka Muniozguren dira Markina-Xemeingo Larruz gaztandegiaren arima eta bihotza. Enpresa txikia den arren, azken urteetako arrakastak sona eman dio euren markari, eta garaikurrak etxean pilatzen zaizkien heinean, gero eta gehiago diren bezeroen eskaerei erantzuten saiatzen dira. «Guk beti garrantzi handiagoa eman diogu kalitateari, kantitateari baino; ez dugu kantitate handirik egiten, baina egiten dugunak, behintzat, kalitate ona du», adierazi du Gorkak. Tolosan azaroan egin zen Euskal Herriko Gazta eta Esneki Azokaren barruan antolatzen den txapelketa irabazi zuten. Euskal Herrian egiten diren gazta eta esneki mota desberdinen txapelketa da, eta zortzi kategoria daude -gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, ardi gazta ondua, behi gazta ondua, ahuntz gazta ondua, jogurtak eta esne pasteurizatua-. Larruzek ahuntz gazta onduaren kategorian irabazi zuen garaikurra. Gero, zortzi irabazleen artean onena aukeratzen da, «denak denen kontrako lehiaketa batean», txapeldunen artean txapelduna hautatzeko, eta hor ere Larruz garaile. Beraz, ahuntz gazta onena izateaz gain, Euskal Herriko esnekirik onena ere bada aurkeztutako produktua. «Bost hilabete eta erdiko gazta bat eraman genuen; testuraz oso krematsua zen zeukan denborarako. Zaporea afrutatua zuen, fruitu lehorren gustuarekin. Oso ona», aipatu du Gorkak; «genuen onena», gehitu du bere anaiak. Halako txapelketetan egoten den maila altua kontuan izanik, zein gazta aurkeztu ez omen da batere erraza izaten. Tolosako txapelketan 36 gaztagilek aurkeztutako 86 esnekik parte hartu zuten. Txapelketarekin batera, azokan 24 postu egon ziren Euskal Herriko hainbat ekoizleren produktuekin. Bertan, publikoari irekitako ekintzak egin ziren, tartean Gazta Mahaia dastaketa gidatua, familiei zuzendutako tailerrak eta ikastetxeentzako saioak. Horrekin lotuta, Tolosako hiru ikastetxeetan ere elikadura osasuntsuaren inguruko saio pedagogikoak eskaini ziren. EKOIZPENA, «TOPERA» Aurtengoa ez da Muniozguren anaiek Tolosan irabazten duten lehen aldia. «Sari berdina irabazi genuen 2023an, eta asko nabaritu zen eskaera igotzen zela», azaldu du Gorkak. Aurtengo garaipenarekin, «zoramena» izaten ari dela aitortu du. «Jende pila batek deitzen digu erosteko, baina guk ekoizpen mugatua dugu; ez gara enpresa handi bat. Etxeko betiko familia bat gara, gazta ekoizten duena, eta ez dugu sekulako ekoizpenik; beraz, gure salmentak mugatuta daude. Topera gabiltza», adierazi du. Abenduan azoka dezente egoten dira, eta horien artean garrantzitsuenak Santo Tomas egunarekin ospatzen direnak dira. Hala, aurten Lekeitiora joango da Gorka, eta Iban, berriz, Bilbora. «Bilbon ere txapelketatxo bat egiten da, ahuntz gaztarena, eta hor elkartzen gara ekoizleak», aipatu du Ibanek. Bilboko txapelketa hori ere ez da arrotza beraientzat, aurretik ere irabazi baitute. «Guk beti garrantzi handiagoa eman diogu kalitateari, kantitateari baino; ez dugu kantitate handirik egiten, baina egiten dugunak, behintzat, kalitate ona du».