2025 ABEN. 13 Transindigena Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Pamunkey eta tauxenent herrietako kideen ondorengoa da Rose Powhatan eta teknika ezberdinak erabiltzea gustuko du bere artelanak osatzeko orduan, baina bere lanen oinarrian bada inoiz aldatzen ez den zerbait: bere kultura indigenarekiko konpromisoa. Eastern Woodlands edo “ekialdeko basoak” (kolonoek Kanada eta Florida izendaturiko lurraldeen arteko eremua, Mississippi ibaiaren ekialdera) sorleku dituzten herri indigenen diseinuen eragina nabarmena da bere obran; hain zuzen, diseinu horiek erabiltzen ditu lekuaren esanahia azaltzeko zein bera, artista gisa, nor den eta bere helburuak zeintzuk diren adierazteko. Powhatanen lana erabat politikoa da, maila globaleko erresistentziarako deia, zeinean eta zeinaren bidez kultura indigenen artean loturak lantzen dituen. “Soweto/So-We-Too” izeneko obrak ezin hobeto erakusten du artistak aldarrikatzen duen erresistentzia transindigena. Sowetoko ikasle protesta indarrez jazartzerakoan apartheid erregimenak eragin zuen sarraskia salatzeko egindako ‘‘AfriCOBRA’’ erakusketa ibiltarirako osatu zuen lan hori, eta indarrez lekuz aldatuak izan diren herri indigenak ditu aipagai: errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren palestinarrak, AEBko gobernu kolonoak erreserbetan jarritako herri indigenak, bai eta apartheid garaian “homelands” delakoetan konfinaturiko hegoafrikarrak ere.