GARA Euskal Herriko egunkaria

«Herriak irabazi duela da esan beharreko lehen gauza»

Stop Guggenheim Urdaibaiko kideak, ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Guggenheim Museoko Patronatuak Urdaibairako zuen proiektua bertan behera uztea ebatzi berri du. Nola hartu dute erabakia eskualdean? Erreakzioak jasotzeko “Bigarren Kafea” saio berezia egin zuen atzo NAIZ Irratiak Gernika-Lumotik.

Eider Gotxi, Stop Guggenheim Urdaibai proiektuko kidea, elkarrizketatu zuten. Ardura aipatu zuen berak: «Proiektua bertan behera utzi den egunean ahaldun nagusia Murueta natura eta artea biltzen zituen lekurik egokiena zela esaten entzutea hausnarketa ezaren paradigma da. Murueta Biosfera Erreserbaren lekurik zaurgarriena da, babes gehien behar duena, museo barik. Arduratuta egon beharko lukete Muruetaren egoerarekin, ontziola zergatik dagoen hor; ontziolaren emakida iraungita dago eta hor jarraitzen du».

SINATUTAKO HITZARMENA

Orain proiekturik ez dago, eta plataformaren galdera honakoa da: «Zer gertatuko da ontziolaren etorkizunarekin? Zelan garbituko dira okupatuta dauden lur horiek? Ez dezagun ahaztu lur horiek deskutsatzeko hitzarmen bat sinatuta dagoela Espainiar Gobernuarekin. Hamahiru puntu daude, 40 milioi euro, eta bigarren puntua ontziola deskutsatzea izango litzateke. Nork dauka orain horren ardura?».

Herri plataformak hasieratik esan zion Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari bigarren puntu hori «malbertsazio bat» zela. «Eremu horretan espezieak eta habitatak kontserbatzeko helburu bakarra egon beharko litzateke, eta hori ez da museoaren proiektua bertan behera uzteko arrazoietan aipatzen. Hori oso larria da. 372 zientzialarik esan diete gure padurak eta espezieak ez dutela beste inpaktu bat jasateko gaitasunik. Hori ez dute aipatu ere egin eta aipatu dituzte beraien administrazioetatik datozen eragozpenak. Beraien legeak. Nork ezagutu beharko lituzke hobeto lege horiek beraiek baino? Orain aitzakia dira lege horiek?».

Hala ere, nabarmendu zuen «oso pozik» daudela proiektua bertan behera gelditu delako eta beraien kontakizuna egingo dutela: «Bi aldiz bete dugu Gernika eta jendeak proiektu honi egin dion oposizioa eredugarria izan da».

Herriaren garaipenaz txintik ere ez Ramon Gezuraga Stop Guggenheim Urdaibaiko kidea ere izan zen NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Muruetakoa da eta proiektuaren ibilbide osoari jarraitu dio. Hasieratik «ulertezina» egin zaio, eta ez du onartzen herritarrek egin duten borrokaz berba bat ere ez esatea. «Esan behar den lehenengo gauza da hemen Busturialdeak irabazi duela, herriak eta naturak irabazi dutela. Gero, gerokoak».

Gotxik kontatu zuen filtrazio pila bat eduki zituztela hainbat eremutatik eta proiektua bazter zezatela espero zutela. «Guk ikusten genuen hiru urteotan eduki duten jokaera ez dela batere garbia izan eta horrek beldurtzen gintuen. Beldur hori eduki dugu prentsaurrekora arte», aitortu zuen.