2025 ABEN. 19 Kontseiluak oldarraldi judizialaren aurka abenduaren 27an Miribilla betetzera deitu du Kontseiluak «oldarraldi judizialaren azken gordintzeari etena jartzeko» abenduaren 27an Miribilla euskaltzalez betetzeko deia egin zuen atzo prentsaurrekoan. Auzitegien azken mugimendu «atzerakoien» aurrean erantzuteko antolatu beharra azpimarratu zuen. Agerraldia egin du Kontseiluak Andoainen. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA DONOSTIA Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritza batzordeak, auzitegien azken mugimendu «atzerakoiak» aintzat hartuta, «euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren gordintzea» salatu zuen. Sententzien atzetik gaztelaniaren nagusitasuna eta euskara bigarren maila batean mantentzea bilatzen duen hizkuntza ideologia «supremazista» dagoela kritikatu zuten eta euskaltzaleei mobilizatzeko deia egin zieten, abenduaren 27an Miribilla «oldarraldiaren aurkako hesi» bilakatzeko. Aditzera eman zutenez, ekitaldiaren inguruko informazio guztia www.pizkundea.eus webgunean ikus daiteke. Adierazpen bateratua Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eta Manex Mantxola koordinatzaileak irakurri zuten atzo egindako agerraldian. Salatu zuten euskararen normalizazioa «blokeatu» dutela, eta jada arazoa ez dela aurrera egin ezina, «baizik eta atzerantz goazela». Kontseiluaren arabera, larriena da «atzerapausoei konponbidea jarri asmoz eztabaida epaitegietatik Legebiltzarrera eramaten bada, botere judiziala eztabaida legegileaz jabetzen dela hura epaitegietara bueltan eramanez». Gaineratu zutenez, «ez da joera berria», behin eta berriz errepikatzen ari dela identifikatu baitute: «Bi urte eskaseko epean 100 sententziatik gora izan dira euskararen normalizazioaren aurka emandakoak». Hau da, astero sententzia bat izan da eta Kontseiluaren aburuz, ez da harritzekoa, «epaileen artean dagoen euskararen ezagutza eta sentsibilitate murritza aintzat hartzen badugu». Legez elebiduna den lurralde batean, hots, Euskal Autonomia Erkidegoan, epaileen %6k soilik du egiaztatuta euskara gaitasuna, eta epaiketen %0,1 ere ez da euskaraz egiten. «Justiziarena administrazio elebakarra da, ezagutzan eta jardunean», adierazi zuten. «Hori ere bada oldarraldi judizialaren ezinbesteko osagai bat», azaldu zuten, «Europako Kontseiluak eta Hizkuntza Gutxituen Gutunaren aditu batzordeak sarritan salatu duten bezala». Era berean, Kontseiluak azaldu zuen ez dela kasualitatea oldarraldia «heldu den unean heldu izana», hain zuzen ere, «euskararen normalizazioaren aldeko bulkada berri bat indartzen ari denean». Horregatik eta «mende erdi honetan aurreratu dugun bidetik atzera ez egiteko, euskararen normalizazioak behar duen eta euskaraz bizitzea posible egingo duen hizkuntza politika berria erabakitzeko burujabetza berreskuratu» behar dela-eta, mobilizatzera deitu zuten. Asmo horrekin jarrita duten hurrengo hitzordua gogorarazi zuten beste behin: abenduaren 27an Bilbon, Miribillan, alegia. «Elkartu gaitezen euskaltzale guztiok oldarraldiari erantzuteko, atzeraldia indarraldi bihurtzeko», aldarrikatu zuten. JUSTIZIA ERDARAZKontseiluak salatu zuenez, EAEn euskara ofiziala izanda ere, gaztelaniaz egiten dira epaiketa ia denak. Hala, euskararen alde egiteko ere, epaitegietan erdara erabili beharra dago.