GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
AMAIA ALDAI
Pilotaria

«Ilusioz, eta ez obsesioz, hartzen dut berriz ere finala jokatzeko aukera»

Amaia Aldai Gonçalvesek (Dima, 2000) bosgarrenez jokatuko du igande honetan Master Laboral Kutxako Lau eta Erdiko finala. Iaz urte zaila izan bazuen ere, aurten bere mailara bueltatzetik gertu da bizkaitarra, eta laugarren txapela irabaziz berretsi nahi du, «ilusioz, eta ez obsesioz».

(EMAKUME MASTER CUP)

Bosgarren urtez jarraian sailkatu zara Lau eta Erdiko finalerako. Bada marka!

Bai. Denbora asko pasa beharko da norbaitek marka hori lortu ahal izateko. Pozik nago, egiten dudan lana islatzen delako, eta gogo askorekin.

Iaz urte konplikatua izan zen zuretzat, baina aurten badirudi zure maila onena berreskuratu duzula.

Ni kontziente nintzen pasa den urtean Lau eta Erdikoaren ostean urte kaxkarra eta gogorra izan zela niretzat, eta azkenean, horri buelta eman ahal izateko lan asko egin behar izan dut, bai fisikoki, batez ere, eta bai psikologikoki ere. Gauza guztiak bezala, lana egin behar da atzetik eta ematen du pixkanaka lortzen ari naizela nire mailara bueltatzen.

Aipatu zenuen uneren batean pilota uztearen ideia burutik pasatu zitzaizula. Ideia horrek tokirik ba al du zure buruan?

Ez, ez. Ideia horiek gaizki nagoenean etortzen zaizkit burura. Uste dut mundu guztiari gertatzen zaiola. Baina gaur egun psikologikoki indartsuagoa naiz. Erabaki dut arazoa ez dela pilotan ez dudala jokatu nahi, baizik eta egoerari buelta ematea, berriro disfrutatzeko; beraz, momentuz neure buruan ez dago horrelakorik.

Iaz ezin izan zenuen txapela lortu, baina berriro zaude final batean.

Uste dut helburua lortu dudala. Txapelketa hau irabazteko ilusioa banuen, baina helburua zen ikustea nire mailara ea bueltatu naitekeen, pixkanaka ea erritmoa har nezakeen, eta helburu hori beteta, pozik nago. Egia da orain finala falta dela, ni dena ematera irtengo naizela, baina beste presio puntu batekin. Poza eta ilusioa izango dira honelako final bat jokatzeagatik eta ez obsesionatzea irabaztearekin.

Presioa sentitzen duzu?

Esan dizudana, ez dut honekin obsesionatu nahi. Nire helburua momentu honetan berriro ere ilusioa sentitzea da pilotagatik, berriz ere zoriontsu izatea jokatzen eta horretarako presioa kendu behar nuen. Hiru txapel ditut eta beste pilotari batek marka hori lortzerako oraindik denbora bat beharko da. Uste dut horrek niri presioa kentzen didala eta, egia esan, nahiko lasai nago. Egunean bertan pixka bat urduri egongo naiz, presio eta tentsio puntu bat behar delako, baina obsesionatu gabe eta gehiago disfrutatzera aterata.

Finalerdietan Mikel Atutxa botileroak behin eta berriz aipatzen zizun partidan sartuta mantentzeko. Hau ere ba al da landu duzuen zerbait?

Bai. Gertatzen zitzaidan, huts bat egiten banuen edo gauzak nahi edo espero nuen bezala ez badoaz, sarri partidatik ateratzen nintzela: ez nuen kontzentrazioa mantentzen eta asko kostatzen zitzaidan partidan bertan mantentzea.

Laugarren txapela eskuratzeko, Enara Gaminde hartu beharko duzu mendean.

Maila oso ona eman du urtean zehar Enarak, bai Nazioen Ligan bai Master Cupeko txapelketetan. Argi dago modalitate honetara ondo moldatu dela, atzelaria izanik baduela horma-bikoa, dejada eta indarra, baina nik uste dut partida oso lehiatua izango dela, oso gogorra, eta asko kostatuko zaidala txapel hori lortzea.

Bere urte ederrak errespetu pixka bat ematen al du?

Bai, errespetua beti ematen du. Azkenean, finalera heldu bada zerbaitengatik izango da, inork ez dio ezer oparitu. Txapelketa guztian zehar demostratu du maila onean dabilela, badakizkiela gauzak ondo egiten eta horregatik bakarrik errespetua zor zaio aurkariari.

Uste duzu zure esperientziak mesede egingo dizula edo berak dakarren ilusio hori gailendu daiteke?

Nik uste dut berak nik baino presio gehiago izango duela. Berak nahiko du lehenengo aldiz jantzi txapela, eta nik badakit zer sentitzen den hau irabazten denean. Bosgarren finala jarraian, azkenean esperientzia horrek lasaitasun pixka bat ematen dit badakidalako zer-nolako partidak diren.

Gaminde finalean 18 urterekin, iaz Zabaleta 15ekin. Gazteak indartsu datoz.

Argi daukagu atzetik datozenak pilotari oso indartsuak direla. Txikitatik jokatzen dute. Guk ez bezala, beraiek ez dute etenaldirik izan eta hori ere beraiengan nabaritu egiten da. Baina hori oso gauza positiboa da, ikustea emakumeen pilotak etorkizun bat duela, eta etorkizun on bat. Badakit beraien eskuetan emakumeen pilotaren etorkizuna salbu egongo dela eta hori oso garrantzitsua da. Gero eta pilotari gehiago daude, maila altuagoan jokatzen dugu, eta uste dut emakumeen pilotak etorkizun polita duela eta urte askotan iraungo duela.