GARA Euskal Herriko egunkaria

Lekeitioko San Tomas azokan ekoizleen 35 postu elkartuko dira

Abenduaren 21 honetan San Tomas azoka antolatuko da beste urte batez Lekeition. Ekoizleak, artisauak, abeltzainak eta herriko eragileek beteko dituzte azokako etxolak.

Ortuarien salmenta eta etxe-abereen erakusketa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lekeitioko Santo Tomas azoka eskualde osoak gogotsu itxaroten duen hitzordu bihurtu da, eta bertako nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza sustatzeko ezinbesteko topagunea da. Urtero milaka pertsona erakartzen ditu eta aurten ere hala izatea espero da, kontuan hartuta gainera igandea izango dela. Azoka zabalik egongo da goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:30era Independentziaren enparantzan.

Aurtengo edizioan 35 postu izango dira guztira: 24 ekoizleenak eta 11 artisauenak. Ekoizleen postuetan ortuariak eta frutak, esnekiak, kontserbak, ahatekiak, ogia eta gozoak, pasta ekologikoak eta artisau garagardoa bezalako produktuak aurkitu ahalko dira. Artisauen postuetan, berriz, saskigintza, zeramika, bitxigintza eta osagarriak izango dira ikusgai eta salgai.

Azokako giroa osatzeko, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere antolatuko da. Bisitariek idiak, behiak, zaldiak, poniak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak eta beste hainbat animalia gertutik ikusteko aukera izango dute.

Horrez gain, ikastetxe, elkarte eta herriko eragileen txosnak ere egongo dira ibilbidean zehar, festari kolorea eta dinamika gehituz. Aurten ere, txorizoa, taloa eta sagardoa izango dira protagonista gastronomikoak, eta herriko plaza jendez, kolorez eta usain gozoekin beteko da berriro ere. Giroa alaitzeko, eguerdiko 12.30ean Musikaia musika eskolako trikitixa eta pandero ikasleen kalejira abiatuko da.

Eguerdiko 13:30ean emango da ezagutzera ortuari postu onenaren saria. Irabazleak 300 euroko ordainsaria eta garaikurra jasoko ditu. Ondoren, Aittitta Makurra txarangaren kalejira abiatuko da bazkal ordura arteko giroa alaizteko.

Arratsaldean (17.15), eskuz binakako txapelketa jokatuko da Santi Boruard frontoian. Lehenbiziko partidan Peña II - Salaverri II pilotariek Salaberria - Gaskueren aurka jokatuko dute, eta bigarren norgehiagokan, Elordi - Zabaleta, Laso - Albisuren aurka.

BERTAKO EKONOMIA SUSTATU

San Tomas azokaren bitartez, Lekeitioko Udalak eskualdeko ekoizleek bertako produktuen alde egiten duten apostua saritu nahi du. Horrela, bertoko lurren zaintza eta ekonomia lokalaren aldeko apustua egin nahi du, lehen sektoreari beharrezko bultzada emanaz.

Azokak duen beste bereiz- garri bat inguruko herri txi- kietako herritarrentzako topaleku bilakatzen dela da eta, ondorioz, euskara erdigunean duen ekitaldia dela, bertako arnasgunearen adierazle.