2025 ABEN. 22 PILOTA Gamindek urte aparta biribildu du Lau eta Erdiko txapela jantzita Enara Gamindek bere lehendabiziko txapela jantzi du Lau eta Erdikoan, finalean Amaia Aldai mendean hartuta (10-22). Kaiolako espezialista handiena txikitu egin zuen Laukizkoak eta zirkuitu nagusiko lau txapelketa bereganatu ditu aurtengo urtean. Enara Gaminde, txapela buruan, alboan Amaia Aldai duela, kaiolakoan espezialista handia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Ane URKIRI GERNIKA-LUMO Oinak lurrean baina garaipen gosez, ase ezinda. Enara Gamindek sekulako urtea osatu du 2025ean, zirkuitu nagusiko txapelketa garrantzitsu gehienak poltsikoratuta. Lau eta Erdian lehen finala zuen atzo eta atzelariek kaiolan izaten duten prisma berezitik begiratzen zion hitzordu handi honi. Atzelari hutsa baino pilotari osoa dela demostratu zuen Gernikako Santanape pilotalekuan, kaiolako espezialista handienari jokatzeko paradarik eman gabe. Amaia Aldai zuen aurrean, hiru aldiz txapeldun eta atzokoa erreskadan bosgarren finala zuen pilotaria. Ez zuen bere joko oldarkorra kantxan erakusteko aukerarik izan, hein handi batean Laukizkoak ez ziolako utzi. Argi zegoen joko estilo ezberdinen talka ikusiko zela Santanapen, baina Gaminderen joko luze, indartsu eta prezisio handikoak itzal egin zion Aldai distiratsu egiten duen jokamoldeari. Lehen sakea ere lagun izan zuen Laukizkoak eta hasi bezain laster erakutsi zuen atzelaria izanagatik ere, sakez oso fina dela. Erabat kontzentratuta zegoen, aurreko bi urteetan finalerdietan iltzatutako arantzatxoa askatzeko gogo biziarekin. 0-4ko takada lortu zuen eta dena alde ipini zitzaion. SAKEZ INDARTSU Amaia Aldaik nahikoa lan izan zuen sake indartsuak errestatzerakoan. Korrontearen kontra egin behar izan zuen igeri partida osoan; are gehiago, izan zituen aukera apurrak aprobetxatu ezinik ibiliz. Gamindek egin zuen huts bakanetakoa 1-4koan iritsi zen, eta Aldaik sake-errematean lortu zuen markagailua estutzea. Benetako partida hastera zihoala zirudien, baina bere bigarren aukeran kale egin zuen eta Gamindek sakea berreskuratu zuen. Hauspoa izan zen Laukizkoarentzat, sekulako mina eman baitzion sakez, ezker hormara ongi lotuta, arriskutsu, hainbat maneratan sakatuz. Aldairen erreakzionatu nahia ez zen nahikoa, Gaminderen indarrari aurre nola egin lan nekeza baita. 3-6koan beste ate bat ireki zitzaionean ere ez zuen aprobetxatu dimoztarrak, zaila baita dauzkazun aukera urrietan asmatu beharraren presioa kudeatzea (4-8koan ere txapara bota zuen). Aprobetxatu behar horrek azpiratu zuen, kantxan lasaitasun tenorez zegoen Gaminderen aurrean. Gehienbat sakez, aldeak asko ireki zituen laukiztarrak, 4-15era eskapatzeraino. Nahi eta ezinean aurkitu zen Aldai, sake-errestoan zein estrategia erabili asmatu ezinda. Hara eta hona erabili zuen tarte txiki batean (5-15ean) sakea berreskuratu eta txokotik aterata takada ederra lortu zuen aurrelariak (7-15), baina tantoak menderatzea izugarri kostatu zitzaion. Gamindek erraz jotzen zuen kontraerasora, Aldairen plan guztiak zapuztuta. Horrenbestez, Enara Gaminderen azken sakea txalotu beste erremediorik ez zuen izan dimoztarrak. Indartsu dago Laukizkoa, atzeko koadroetan egonkortuta baina baita aurrean gerra emateko prest ere. Kaiolan bere lehendabizikoa lortuta, hamaika txapela jantzi ditu aurten, horiek gehi Nazioen Ligan bi urrezko domina. 11 TXAPEL, 2 URREZalantza izpirik gabe, Enara Gaminderen urtea izan da 2025 hau. Orotara, hamaika txapel irabazi ditu, Emakume Master Cup zirkuituko txapelketa ia guztiak bereganatuta (Binakakoa, Hiru Hiriburuak, Plazandreak eta Lau eta Erdikoa). Horiez gain, Nazioen Ligan ere bi urrezko domina poltsikoratu zituen, binaka eta kaiolan. SAKEAFuntsezkoa izan zen lehen kolpea txapelduna erabakitzeko orduan. Enara Gamindek, atzelaria izanagatik ere, sakatzaile bikaina dela erakutsi zuen. Eta zuloa ireki zuen bai sakez, bai sake-errematean. Nahikoa lan izan zuen Amaia Aldaik eta azkenengo sakea txalotu beste erremediorik ez zuen izan dimoztarrak.