2025 ABEN. 22 JOPUNTUA Pereira Bilbon Eneko BARBERENA Idazlea {{^data.noClicksRemaining}} Artikulu hau irakurtzeko erregistratu doan edo harpidetu Dagoeneko erregistratuta edo harpideduna? Saioa hasi ERREGISTRATU IRAKURTZEKO {{/data.noClicksRemaining}} {{#data.noClicksRemaining}} Klikik gabe gelditu zara Harpidetu {{/data.noClicksRemaining}} Peixoto hil zen igandean nahita piztu nuen Euskadi Irratia, ea eguerdiko albistegiak zer eta nola zekarren. Ez nuen ezer ere entzun, baina tira, pentsatu nuen eskapatu egingo zitzaidala, haur txikiak inguruan bainituen. Ordu batzuk geroago, alabaina, euskal kazetari bati irakurri nion kexa, sare sozial batean, nola isildu eta isilarazi zuen ETBk albiste bera. Iluntzeko irrati albistegi bat ere entzun nuen sukaldean ari nintzelarik, kirol tarteak ito ohi duen horietako bat. Alferrik. Despistea izan al zen EITBrena? Nekez. NAIZek eta “Berria”-k emana zuten notizia goiz hondarrerako; sareetan ere bazen erreakzio bat baino gehiago. Pentsatzen dut ez dela erraza EITBrentzat frankismoko ETA zer izan zen azaltzea ipurdi bistan geratu gabe. Ente publikoa gidatu duten eta gidatzen duten arduradun politikoen -“kazetari” asko esatea da- jibarizazio ideologikoa hain da sakona, horren miope jokatzen dute kategoria politikoak eta moralak nahieran nahastuz -frankismoaren oinordeko diren hainbat erakunderekin zein eskuzabal jarduten duten kontuan hartuta, harrigarria da euskal erresistentzia armatuarekiko duten begirada- ezin litekeela gauza handirik espero. Baina nik irratia piztu nuen. Alegia, espero nuela zerbait. Belaunaldi batzuk badoaz eta mitologiak desegin litezke, euri horiaren poderioz. Atzoko heroien omenezko plakak ere higatuko dira, galduko kale izen eta alabantza kantak. Hori asumitua dut. Kezkatzen nauena da kazetaritza deitzen zaion horren akidura aktuala, erraza delako fake news eta abarrak salatzea, AEBko presidente “risketoide” horren balentriei aurre egiteko imintzioak egitea, baina gero etxean ezin bada azaldu nor zen Peixoto, zertan aritu zen, zergatik, medioak ez du balio. Are gutxiago “publiko” gaitzizena badu. Antonio Tabucchik sortutako fikziozko Pereira kazetariaz oroitu naiz. Gizon triste zalantzaz betea zena pertsona zuzena eta ausarta suertatu zen. Ni ez naiz Monteiro Rossi, bistan da, baina EITBren Bilboko egoitza nagusian ez zen guardian inor limoi-ur baso bat eskuetan. kantak