2025 ABEN. 30 JOPUNTUA Elkartasun morea Mikel IBARGUREN Idazlea Zestoako herria aztoratu duen epaiketa izan da duela gutxi Donostian. Akusatuen aulkian sei herritar. Ustezko delitua, bikotekide ohiari babesa ematea. Zestoako txoko feministak bultzatutako elkartasun feministak olatua eragin du. Hunkigarriak izan ziren epaitegian entzun genituen lekukotzak. Erasotzailea burua tente eta harro agertu zen, baina atzeko atetik sartu zen zigor aretora. Akusatzailea akusatu bihurtu zen amaieran, lekukoen testigantza gogorrek egia biluztu baitzuten, egia gordina, mingarria, erasotzaile baten portaera zein ibilerak azaleratu baitziren aretoan. Begi bustiak, negar zotinak, eztarriko korapiloak. Injustizia sentsazioa tripetan, egoera kafkiarra, sinestezina. Akusatuen aulkietan zeuden sei herritarrak egon behar ez zuten lekuan zeuden sentsazio mingotsa izan du herri osoak. Epailea ohartu zen indarkeriazko giro baten itzala hedatzen ari zela egunek aurrera egin arau. Inpotentzia areagotu egin zen Arartekoko letradunak hitza hartu zuenean. Zestoako Gizarte Zerbitzuak erasotzailearen alde aritu zirela esan zuen. Egindako txostena partziala zela eta ez ziola indarkeriazko egoeran den emakumeari eman behar zion arta eman Istanbuleko protokoloak agintzen duen eran. Epaitzea bera nahikoa zigor izan da sei lagunentzat. Kalbarioa izan da. Elkartasun feminista epaitu nahi izan dute, baina erasotzailea epaitu du elkartasuna saretu duen herriak. Egiturazko indarkeria patriarkalaren «anaidia»-ren aurrean «ahizpatasuna» nagusitu da eta mugarria izango da. «Babes emozionala eman didate, elkarrekin sufritu dugu, eutsi egin didate», esan du bikotekide ohiak. Lezioa ikasita atera gara epaitegitik. Elkartasun feminista duintasunaren balio erantsi nagusi bihurtu da. Elkarrekin ekite bat izan da. Zirrara more batek zeharkatu digu gorputza. Emozio, sentipen eta inpotentzia guztien arteko talka izan da. Feminismoa, bell hooks gogora ekarriz, guztion kontua dela erakutsi diguzue. Badugu zertaz jabetu, zerekin ahaldundu. Ez dago bainarik. Elkartasuna ez da delitua. Zuekin gaude. Muxuak :-*. Elkartasun feminista epaitu nahi izan dute, baina erasotzailea epaitu du elkartasuna saretu duen herriak.