GARA Euskal Herriko egunkaria

«Oroiterri», hainbat borroka gogora ekartzeko ikurrak

Martxoak 3 elkarteak «Oroiterri, oroimenaren euskarriak» izenburuko erakusketa inauguratu zuen atzo Gasteizen. Bertan, munduko hainbat herrialdetako borroken sinboloak jaso dituzte.

Izaskun Arrue Kulturgunean ikusgai dago erakusketa. (GARA)

“Oroiterri, oroimenaren euskarriak”. Martxoak 3 elkarteak Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean antolatutako erakusketa da eta hainbat herrialdetako borroken memoria- euskarriak biltzen ditu.

Atzo egindako agerraldian, Amaiur Arbe eta Josu Santamariak gogoratu zuten «oroitarri» hitzak pertsona edo gertaera gogoangarri bati egiten zaion arkitektura edo eskultura lana adierazten duela, «eta ideia horretatik abiatuta, erakusketak gatazka eta borroka sozial ezberdinen aztarnak, testigantzak eta oroimenak ekartzen ditu Gasteizera».

Nabarmendu zutenez, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko ekintzen barruan antolatutako erakusketak «herrien memoriak kaleetan eta gizarte zibilaren eskutik bizirik nola mantentzen diren erakusten du, eta elkarren arteko ulermen eta oroimen lana sendotzea du helburu».

Hala, ikusgai daude, esaterako, Kolonbian egindako oihalezko tximeletak. Erakusketan azaltzen denez, «tximeleta bakoitza izen bati edo pertsona jakin bati lotuta dago, zehazki Bake Akordioa sinatu ondoren eraildako sinatzaileak oroitzeko sortuak baitira».

Perutik ekarritako Ayacuchoko erretaulak ere badaude erakusketan. Edilberto Jimenez Quispek egin zituen indarkeria politikoaren garaiko biktimen ahotsa eta memoria berreskuratzeko, bereziki komunitate indigenen eta nekazarien aurkako errepresioa eta indarkeria irudikatuz.

Palestinatik jasotako giltzak ere badira. Horiek palestinarren «erresistentziaren eta memoria kolektiboaren ikur nagusietako bat dira». Santamariak esan zuenez, «Israelgo Estatu kolonialak milaka palestinar beren etxeetatik indarrez kanporatu zituenean askok beren etxeetako giltzak gordetzea erabaki zuten». Aberrira itzultzeko eskubidearen eta desjabetzearen aurkako erresistentziaren ikur dira.

Erakusketan emakume sahararrek erabiltzen duten jantzi tradizionala, melfa, ere ikus daiteke. «Ez da jantzi soil bat: Saharako emakumeen identitate kulturalaren ardatz nagusietako bat da, eta erbestean zein okupazio egoeran, memoria, duintasuna eta erresistentzia sinbolizatzen ditu», azaldu zuten.

Ipar Irlandako mural politikoen argazkiak ere ikusgai daude; baita Argentinatik bidalitako zapi zuriak ere, Buenos Airesko Maiatzeko Plazako amen eta amonen sinbolorik ezagunena. Argentinatik heldutako beste euskarri bat ere badago erakusketan: “Siluetazo” izenez ezagutzen dena. Diktadura militarraren azken hilabeteetan sortutako ekintza politiko eta artistiko kolektiboa izan zen, bortxazko desagerpenak salatzeko. Siluetazoa Hego Amerikako beste herrialde batzuetan berreskuratu eta baliatu zuten, Estatuaren indarkeria agerian uzteko.

Atzerritik jasotako azken euskarria Japoniakoa da. Origamiaren bidez egindako paperezko txoriak dira eta bakea irudikatzen dute. Izan ere, paperezko kurrilo hauek Hiroshima eta Nagasakiren bonbardaketaren ondoren hedatu ziren. «Lortu ez zuen arren, origamia oroimenaren, erresistentziaren eta bakearekiko konpromisoaren sinbolo boteretsu bilakatu zen».

Bestetik, Martxoaren 3arekin lotura zuzena duten bi euskarri daude. Sarraskiaren zazpigarren urteurrenean erabilitako pankarta bat, “3 de Marzo. No olvidamos. Seguimos luchando” leloa duena; eta “Kontzientziaren kanpaiak” eskultura, Iñigo Arregik egindakoa.