2026 URT. 14 Donostia 4.600 haurren danbor hotsez beteko da San Sebastian egunean San Sebastian eguneko Haur Danborradan zein hilaren 16tik aurrera auzoetan egingo direnetan bost mila umetik gora aterako dira. Herri Ametsa ikastolak Haur Danborradan lehen aldiz atera zeneko 50. urteurrena ospatuko du. Haur Danborradako pertsonaia nagusiak aurkeztu dituzte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) DONOSTIA GARA San Sebastian eguneko eguerdian Donostiako kaleak girotuko dituen Haur Danborradaren aurkezpena egin zuten atzo udaletxean. Jon Insausti alkateak eta Ana Lopez Kulturako zinegotziak ongietorria egin zieten Haur Danborradako danbor nagusiari eta pertsonaiei, eta mezu hau eman zieten: «Eskerrik asko zuen ilusioa eta gogoa hiri osoari erakusteagatik. Horrek egiten du benetan handia San Sebastian eguna». Aurtengo San Sebastian egunean, eguerdian, 4.630 haurrek parte hartuko dute Haur Danborradaren desfilean. Hiriko 38 ikastetxek eta elkartek osatzen dituzten 45 konpainietako 2.486 neskak eta 2.144 mutilek Sarriegiren martxak joko dituzte erdialdeko kaleak zeharkatzen dituen desfilean. Konpainia horien guztien buru Intxaurrondo Haur Danborradako Argoitz Echezortu San Jose izango da. Berak emango dio hasiera desfileari udaletxeko balkoitik. Eguerdiko hamabietan irtengo da balkoira danbor nagusia, eta bi laguntzaile izango ditu alboan: alkatea eta notarioa, Intxaurrondo Haur Danborradako Valentina Errante Santos eta Odei Albarca Lopetegi. Haiekin batera, Jon Saizar Viles jenerala eta Ane Martin Lopez laguntzailea egongo dira. Laurak, Haur Danborradako gainerako pertsonaiekin batera, karroza handi batean aterako dira, zaldizainak aurretik kalesa batean dituztela. Pertsonaia guztiak Intxaurrondo Haur Danborradaren ordezkariak izango dira. Ayleen Kristen Siavichay Lopez izango da Easo ederra; Elena Pascual Loi eta Nahia Abal Aldaz, damak; Aimar Benavente Briones, hiritarra; Aitor Ponce Prieto, arrantzalea; Paola Errante Santos, irulea; Ekaitz Fernandez Otegi, artzaina; Ibai Redondo Lerones, dendaria; Ariane Valderrama Aldasoro, urketaria; Ander Bermejo Gomez, mandazaina; eta Leo Pina Castro, Mateo Lasa Santos, Oihan Benavente Briones, Elene Celestino Creo, Bruno Larramendi Cruz eta Unax Manzano Irigoien izango dira zaldizainak. AUZOETAN ERE FESTA San Sebastian egunaren aurretik hasiko dira haur danborradak auzoak girotzen, hiriko ikastetxe eta elkarte ugarik antolatuta. Hala, urtarrilaren 16an, ostiralarekin, Mendiola HLHIko ikasleek hasiera emango diote jaiari Bidebietan. Larunbatean, hilaren 17an, Eskibel Ikastetxeak, Arantzazuko Ama Ikastolak, Jakintza Ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa Ikastetxeak girotuko dituzte Ibaeta, Martutene, Antigua eta Intxaurrondo auzoak. Astelehenean, hilaren 19an, arratsaldean, hamabi haur danborradak alaituko dituzte kaleak: IGE Larrun (Amara), Altza-SJC (Altza), Axular Lizeoa (Aiete), Harri Berri Oleta Ikastetxea (Altza), Elaienea ikastetxea (Antigua), Intxaurrondo Ikastola (Intxaurrondo), Zuhaizti eskola publikoa (Gros), Gaztelubide Txiki (Parte Zaharra), UA 150 Haur Danborrada (Parte Zaharra), Kresala Txiki Danborrada (Parte Zaharra), eta aurten lehen aldiz aterako den Kañoyetan Txiki haur danborrada (Parte Zaharra). Urtarrilaren 20an, eguerdiko desfilearen ostean, arratsaldez Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo haur danborraden irteerei. EGURALDI TXARRA egingo balu, Haur Danborradaren irteera igandean, urtarrilaren 25ean egingo litzateke; eta egun hori 2026ko azkeneko aukera izango dela ohartarazi dute. HERRI AMETSAHerri Ametsa ikastolak 50 urte beteko ditu Haur Danborradan parte hartzen. Egun Bidebieta auzoan kokatuta dagoen ikastolak 1976. urtean parte hartu zuen lehen aldiz desfilean. Ikastola gisa parte hartu zuen lehen ikastetxea izan zen. Hortaz, aurten 50. urteurrena ospatzeko oroitzapen gorbata jasoko du.