2026 URT. 17 Kabiako 15 garbitzaile lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetu dute Donostiako epaitegi batek baliogabetu egin du Kabiaren erresidentzietako 15 garbitzaile plaza betetzeko euskara eskakizuna, Efe agentziak eta CCOO sindikatuak atzo jakinarazi zutenez. Epaileak argudiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde horretan euskara jakitea eskatzeak langileen berdintasuna urratzen duela. Ez da lehen aldia epaile batek Kabiarako lan-deialdi baten aurka egiten duena. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA DONOSTIA Kabiako 15 garbitzaile plaza betetzeko Gipuzkoako Aldundiak egindako deialdian ez dela euskara jakitea eskatu behar ebatzi du Donostiako epaitegi batek. Efe agentziak eta CCOO sindikatuak eman zuten atzo epaiaren berri. Azaldu zutenez, pertsona batek jarritako errekurtsoa partzialki onartu du epaileak eta euskara eskakizuna jasotzen duten atalak ezeztatu ditu, «ez direlako zuzenbidera egokitzen». Lehenago ere egin dute epaileek Kabiarako lan-deialdi baten aurka lanpostuetarako euskara jakitea eskatzeagatik. Epaileak argudiatu du deialdiaren oinarrietan lanpostuak eskuratzeko baldintza linguistiko batzuk inposatzen direla Kabian «euskara normalizatzeko helburuak» bete nahian baina horiek errekurtsoa jarri duen lagunaren lan publikoa lortzeko aukera mugatzen dutela. BERDINTASUNA Epaiak zehazten du Kabiak neurriz kanpo zaintzen duela herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea eta, ondorioz, ez duela bermatzen lanpostu horiek lortu nahi dituztenen baldintzen berdintasuna. Ildo horretan, eskainitako 15 plazetatik hamaikatan «parte hartzeko baldintza gisa» euskara exijitzeak gaztelania-hiztunen aukerak oso nabarmen eta, ondorioz, modu desorekatuan murrizten dituztela defendatzen du, horrek enplegu publikoa lortzeko aukerak asko gutxitzen dizkiela, deitutako plazen %22,66tara soilik aurkez daitezkeelako. Epailearen ustez, «errekurritutako oinarrien traza diskriminatzailea» agerian uzten du horrek. Deialdi honetako plazen %73,33tan euskara baldintza espezifiko gisa eskatzen dela azpimarratzen du sententziak, eta oroitarazten du Gipuzkoako Aldundiak berak ezarritako bete beharreko indizea %63,19koa dela. Hala, deialdiak «Zuzenbide Konstituzionala urratzen» duela uste du, «errekurtsoa jarri duen pertsonak ezin duelako baldintza berberetan parte hartu». Nolanahi ere, epaia ez da irmoa eta helegitea jartzeko aukera dago. CCOOREN IRAKURKETA Sententziaren berri izan ondotik, CCOO sindikatuak ohar batean azaldu du kasu honetan inplikatutako langileek ez dutela beren lana egiten dutenean herritarrekin harremanik izan beharrik. Bere esanetan, langile horiek «hamarkadak daramatzate erresidentzian aldi baterako kontratuekin, lanorduetan euskara ikasteko aukerarik izan gabe». CCOOk gaineratzen duenez, «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak erabat bateragarriak dira, baldin eta proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatzen badira». Sindikatuak, aldiz, salatzen du administrazio batzuk Lakuako Gobernuaren beraren «hizkuntz araudia eta langileen lan eskubideak urratzen tematu» direla. Bere iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioak «profil linguistikoa masiboki eta modu desorekatuan eskatzera mugatzen dira beren lan eskaintza publikoetan, aurretik langileek euskara ikasi ahal izan dezaten baliabide eta bitarteko nahikorik jarri gabe». DOAKOTASUNACCOO «politika alternatibo baten» alde agertu zen, «euskaltegien doakotasunean oinarritua, langileei ikasteko denbora emanez, makroazterketarik gabe, beste modu batera bermatuz euskararen jakintza, eta soilik ahozkoak eta ulermenezkoak diren profilak ofizialki aitortuz». BALDINTZAKabiako garbitzaile izateko deialdi honetako lanpostuetatik %73,33tan euskara baldintza espezifiko gisa eskatzen dela azpimarratzen du sententziak, eta oroitarazten du Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ezarritako derrigortasun indizea %63,19koa dela.