2026 URT. 18 «Groenlandia ez dago salgai» aldarrika ibili dira milaka lagun Kopenhageko kaleetan Kopenhagen atzo egindako mobilizazioa. (Ritzau SXCAMPIX | FOKU) GARA KOPENHAGE Milaka pertsona bildu ziren atzo Kopenhageko erdigunean, «Groenlandia ez dago salgai» oihukatzeko eta AEBko presidente Donald Trumpek Danimarkako lurralde autonomo hori bereganatzeko egindako mehatxuen aurka protestatzeko. Manifestazioa Udaletxeko plazan hasi zen, eta parte-hartzaileen artean ziren, besteak beste, Kopenhageko alkate Sisse Marie Welling eta Groenlandiako zenbait politikari. «Ezin da jendea erosi, ezin da munduko mapa aldatu boteretsuen nahien arabera», esan zuen mobilizazioaren ostean Wellingek. Groenlandiako diputatu autonomiko Pipaluk Lyngek Trumpen azken egunetako erabakien inguruan mintzatzean zehaztapen bat egin zuen: «Ez da Groenlandia bakarrik, munduko ordena osoa baizik». Manifestazioa Estatu Batuetako enbaxadaren aurrean amaitu zen, eta bertan Groenlandia ez dagoela salgai argi uzteko leloak errepikatu zituzten protestan ziren herritarrek. Milaka pertsonak parte hartu zuten antzeko beste elkarretaratze batzuetan Danimarkako beste hiri nagusietan, hala nola Aarhusen, Odensen eta Aalborgen, bai eta Groenlandian bertan ere. MUGA-ZERGEN MEHATXUA Trumpek Groenlandia bereganatzeko nahia berretsi du azken asteotan, segurtasun nazionaleko arrazoiak aipatuz, baina Danimarkako Gobernuak eta Groenlandiako Gobernuak Danimarkako lurralde osotasuna eta groenlandiarren autodeterminazioa defendatu dituzte. Testuinguru honetan, Trumpek atzo iragarri zuenez, otsailaren 1etik aurrera %10eko muga-zerga gehigarriak ezarriko dizkie Danimarkari, Norvegiari, Suediari, Estatu frantsesari, Ale- maniari, Erresuma Batuari, Herbehereei eta Finlandiari, Groenlandiari babesa adierazteagatik uhartearen kontrola bereganatzeko mehatxuaren aurrean. Zerga ekainaren 1etik aurrera %25era igoko da, eta «Groenlandia osoa eta osorik erosteko akordioa lortu arte ordaindu beharko da», jakinarazi zuen agintariak. Trumpek herrialde horiek aipatu zituen, haien ordezkariek «helburu ezezagunekin Groenlandiara bidaia- tu dutelako», eta «gure planetaren segurtasunerako eta biziraupenerako oso egoera arriskutsua sortu dutelako». «Herrialde horiek, joko arriskutsu honetan parte hartzen dutenek, arrisku maila jasanezina jarri dute jokoan», ohartarazi zuen AEBko presidenteak, eta gaineratu zuen erabaki hori hartu behar izan duela «egoera potentzialki arriskutsu hau azkar eta zalantzarik gabe amai dadin». 15.000 LAGUNAntolatzaileen arabera, 15.000 pertsona elkartu ziren Kopenhageko udal plazan; Danimarkako eta Groenlandiako banderak astindu zituzten, eta «Kalaallit nunaat, kalaallit pigaat» (Groenlandia groenlandiarrena da) eta halako kantak ere abestu zituzten. ERANTZUNADonald Trumpek Groenlandiara tropak bidali dituzten Europako herrialdeen aurka iragarritako muga-zergen aurrean «erantzun bateratua» koordinatzen duela esan zuen Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak.