2026 URT. 21 KOLABORAZIOA Esfortzuaren kultura Jose Ignazio ANSORENA Kristauok Abendualdia hasi berritan, Confebask elkarteko ordezkariek abisua bota ziguten: esfortzuaren kultura berreskuratu behar da. Zer arraio gertatzen da langileek hainbeste baja har dezaten, maiz ostiral edo astelehenetan? Garbi hitz egiten zen garaietan ajea deitzen zitzaion. Faraoiek ere horixe zioten piramideak egiteko harriak bultzaka zebiltzan morroiengatik. Ahaztu zaie, aldiz, oinarrizko beste kultur araua aipatzea: banaketa justuarena. Eta, hain zorrotz kritikatu dituzten sindikatuak horren alde ari dira noski. Lehendakariak berak ere (botoak berreskuratu nahi izateak zer egiten duen) esan die soldata hobeak ordaintzen hasteko ea horrela alde egindako talentua, gure emigrazioa alegia, etxera itzultzen den. Egia da kultur arau asko krisian daudela. Baina nola eragin berriro abian jar daitezen? Askoren iritziz eskolaren lana da noski, eskolak irakatsi behar omen du dena. Hobe «etxean eta kalean», euskarari buruz Imanol Urbietaren “Behin betiko” kantak dioenez. Baina zaila da, egungo munduaren ezaugarri nagusia nahasmena delako: totum revolutum. Noiztik bihurtu da arau, esaterako, gazteak inguru zabaleko festa guztietara joatea ordu txiki ez, ordu minimoak arte, eta hurrengo egunean etxeko guztiak isilka ibili beharra ez daitezen esnatu? Eta etxeko lanetan haiek ez laguntzea “etxopolbo” eginda daudelako? Gazteen mugimendua sortu beharko litzateke, gurasoei oihukatzeko: «Ez gaitzazue gaizki hezi, tontotu egiten gara eta». Hor omen dabiltza gazteak orain, prentsak dioenez, espiritualitatera itzultzeko gogoz. Arroxali, Van Goghen belarrizaleak eta horrelako saltzaileak konturatu dira noski. Azken horien azkena ederra da: «Nik Jainkoagan sinisten dut» kantari. Trumpek edo Putinek ere bai. Kristau zintzoa izan nahiz dabilen ttattar honi beldurra ematen diote horrelakoek. Ez da txatxukeria ebanjelioak irakurtzea, sinestea eta egunero haien arabera bizi nahi izatea. Ez da kontsumo kontua, erraietako astindua baizik. Eta otoitz egitea ere ez da abortuak praktikatzen dituzten kliniken aurrean marmarka eta pankartekin kokatzea, hara doazenak kikiltzeko eta xaxatzeko, Espainiako epaileek bestela esan arren. Ohituta gaituzte babukeriak esaten epaile jaun handiek. Azken boladan euskararen kontuarekin tematuta dabiltza. Ez omen dira konturatu euskaraz egitea ez dela Jainkoaren grazia, ikasi ahal dela esfortzuaren kulturaz, azterketetan eskatzen diren beste kontu asko bezala. Neroni adibide. Eliza Katolikoak, maiz «Kaotikoak», ere ongi egingo luke erridikulua egiteari uzten eta, indar ultra-ultratarrek bultzatuta hartutako hainbeste erabaki funtsik gabeko (asko sexuaren ingurukoak) bazterrean uzten. Gogoan dut Afrikan lan egiten zuen adiskide misiolari euskaldun batek aspaldi kontatua: «Gure parrokietan ia lanik handiena, emakumeek gizonak kondoia erabiltzera behartu ditzaten bultzatzea eta doan banatzea da. Hiesetik hasita, gaixotasun asko zabaltzen baitira bestela». Zein urrun dagoen Kamerun... Erromatik! San Sebastian egunaren festa hurbil dugunez, aspaldiko gertakari bat ekarriko dut frankismoaren errealitatea gogoraraz dezagun. Gure auzoko orduan gazteak, Satxak, eskaera egin zion gobernadore zibilari: «Azpian sinatzen duen Alejandro Arregi Altunak, Plaza del 18 de Julioko 13 zenbakiko 4.ean bizi denak, aurten, hogei lagunekin batera eta afari intimo batean, gure herri maitearen patroiaren festa ospatu nahiz, behar den errespetuaz, berorren gorentasunari erregutzen dio honelako bileretarako behar den baimena; berorren gorentasunaren, zeinaren bizia Jainkoak urte luzez gorde dezan, jokabide zuzenarengandik iristea zalantzan jartzen ez duen grazia. Donostia, 1940ko urtarrilaren 18a». Handik astebetera iritsi zitzaion erabakia: «Eman zaizkidan eskuduntzen erabilpenez, erabaki dut zuri mila pezetako isuna jartzea Bar Españan hilaren 20an afari bat antolatu nahi izateagatik. Kopurua Ordena Publikoaren idazkaritzan eman beharko duzu zortzi eguneko epe luzaezinean, osorik dirutan ordaindurik. Jainkoak urte luzez gorde zaitzala» (sic). Eskerrak jatorrizkoa gaztelaniaz idatzita zegoen, «Plaza 18 de Julio» aipatzen zen, tabernak zuen Intza izen ederra fatxosoek kendu eta «Bar España» birbataiatua zuten eta Jainkoa tartean zebilen, bestela... Umorea behar zen horrelakoei aurre egiteko. Eta umorea behar da, Donostiako Udalaren sustapen sozietateak antolatu duen umore jaialdiaren programa ikusita, ez amorratzeko. Nazioarteko Komedia Jaialdia omen da. Zer hoberik nazioartekotasuna azpimarratzeko euskarazko emanaldiak programaren ardatzean jartzea baino? Ez ba, espainol hutsez pentsatua eta mamitua da, eta, kexuen ondoren, azken orduko euskarazko zipriztin batzuez disimulatua. Udaleko gorentasun hauek epaileen bide beretik: euskara ez da sustatu behar, sosak bai ordea. Logikoa, umore zentzumena eta zuzen pentsatzea esfortzuaren kulturaren ondorioa dira eta, Confebaskek esan bezala, galtzen ari omen da. Bide batez, Maduro heldurik zegoen eta Hitler berriak pikardia egin du. Esfortzuaren kultura ez da nahikoa izango hau gelditzeko. Umorea behar da, Donostiako Udalaren sustapen sozietateak antolatu duen umore jaialdiaren programa ikusita, ez amorratzeko