GARA Euskal Herriko egunkaria

32 urteko langile bat hil da Zumaiako Estaños Matiena enpresan


32 urteko langile bat hil zen atzo Zumaiako Estaños Matiena enpresan. LABek dioenez, pieza handi baten kolpea jaso zuen. Ertzaintzak istripua baieztatu eta 13.50 aldera izan zela zehaztu zuen.

Ohar batean LABek enpresaren aurka jo zuen, «langile migratu eta prekarizatuak baliatzen dituelako lan arriskutsuak egiteko. Enpresaren politika da prebentzio araudiaren aplikazioa inpunitate osoz saihestea, eta, ondorioz, azken urteetan hainbat lan istripu larri salatu behar izan ditugu». Azaldu zuenez, «joan den abuztuan langile batek araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan zuen eta larri zaurituta erietxera eraman zuten. Enpresak istripuaren ardura langileari egotzi zion, eta jarraian, mutuak emandako bajan zela, kaleratu egin zuen».

LABek hainbat salaketa aurkeztu dituela esan zuen, Osalanen, Lan Ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan. «Bilerak egin behar izan ditugu bertako arduradunekin, enpresak duen prebentzio faltaren aurrean neurriak hartzeko. Dena alferrik izan da. Abuztuko istripu larriaren salaketaren erantzunik ez du izan LABek orain arte». Ekintza sindikala eta juridikoa erabiliko ditu LABek, eta «ardura instituzionalak» exijituko ditu, «dagokien ardura hartuko balute hil den langilea bizirik egongo litzatekeelako».