2026 OTS. 03 400 saltoki emakume ikerlarien alde Hego Euskal Herriko 400 saltokik hamabi emakume zientzialari omenduko dituzte, erakusleihoetan haien irudiak jarrita. «Otsailaren 11 erakusleihoak» ekimenaren barnean Ateak-ek iaz prestatu zuen proposamena. (ELHUYAR) GARA Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunerako Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan, seigarren aldiz. Helburua emakume zientzialariak omentzea eta nesken bokazio zientifikoa sustatzea izango da, zientzian parte hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten. Aurten Nafarroako saltokiak batu dira ekimenera, eta ondorioz, denden kopuruak nabarmen egin du gora: 400 izango dira guztira. Hamasei herritako saltokiek hartuko dute parte, aurten omendutako 12 zientzialarien irudiak euren erakusleihoetan ikusgai jarriz, otsailaren 2tik 11ra. Egitasmoaren bidez, dendariek emakume ikertzaileen lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen lagunduko dute, gazteentzako erreferenteak sortze aldera. Denda bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio bere erakusleihoa, ikertzailearekin lotutako horma irudiak ipiniz. Aurreko edizioetan bezala, omendutako zientzialarien inguruko ginkana publikoan parte hartu ahal izango dute herritarrek, ikertzaile protagonisten inguruko galderak online erantzunez. Era berean, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa ikusgai egongo da.