2026 OTS. 03 Batzar Nagusiek Martxoaren 3ko Memoriala azkartzeko eskatu dute EH Bilduren ekimenez, Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute, erakundeei Martxoaren 3ko Memoriaren Zentroaren eraikuntza bizkortzeko eskatzen diena. Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokeatzeko akordio bat ere eskatzen da. Hildako langileak gogoratzeko iazko ekitaldia. (E. PORTILLO | FOKU) GARA GASTEIZ Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduren ekimenez, mozio bat onartu zuten atzo, «Martxoaren 3ko Memorialaren eraikuntza ahalik eta azkarren errealitate izan dadin beharrezkoak diren lanak azkartzeko». Horrez gainera, Foru Ganberak «martxoaren 3ko biktimek merezi duten egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» izateko eskubidea berretsi zuen, eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu zien akordio bat lor dezatela. Hain zuzen ere, «Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokeatzeko eta, besteak beste, martxoaren 3ko gertakariei buruzko informazioa eskuratzea errazteko» galdegin zuen atzo talde subiranistak. «Martxoaren 3a herri honen oroimenean iltzatuta geratu den data da, eta herri ekimenari esker, justiziaren eta erreparazioaren aldeko aldarria inoiz baino ozenago iritsi da gaur egunera arte. Bada garaia erakundeek ere etxeko lanak egin ditzaten», adierazi zuen Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak, eta ohartarazi zuen hilabete barru 50 urte beteko direla Zaramagan Espainiako Poliziak bost langile hil zituela. GIZARTEAREN BULTZADAREN ERAGINA «Tamalez, borroka horrek eta jasandako errepresioak ez dute erakundeen behar bezalako errekonozimendurik eta erreparaziorik jaso urteetan zehar, eta urtero milaka pertsona ateratzen dira Gasteizko kaleetara martxoaren 3an», adierazi zuen Lopez de Arroyabek. «Ezin da ukatu gizartearen presioak bere fruituak ematen dituela, eta alde horretatik ulertzen da erakundeek akordio bat sinatu izana Zaramagako San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko Memoria Gunea eraikitzeko», nabarmendu zuen. EH Bilduren jatorrizko mozioa, hasiera batean, azaroko osoko bilkura tradizionalean aurkeztu zen eztabaidatzeko. Bertan, Gasteizi dagozkion gaiak soilik jorratzen dira, baina, talde subiranistaren arabera, «Elkarrekin Arabak, EAJk eta PSEk, euren botoekin, eztabaida hori eragotzi zuten». Martxoaren 3ko biktimen elkarteak antolatutako ekitaldietan erakundeen inplikazio aktiboa ere eskatzen zen ekimen hartan, baina azkenean ez da puntu hori sartu EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostutako mozioan.