2026 OTS. 04 KOPA Finalerdirako txartel bila joango da Athletic gaur Alcalara Amaia U. LASAGABASTER Hirugarren txapelketari ekingo dio Athleticek urte hasiera gogor honetan. Ligan goranzko bideari jarraitu eta Superkopan galdu ondoren, Kopari berrekingo dio gaur, final-laurdenak jokatuz. Atletico Madril bisitatuko du (18.45, TDP), txapelketako azken-aurreko fasera zein talde helduko den partida bakarrera erabakitzeko. Talde bakoitzak bere arazoak ditu neurketaren atarian. Athleticenak erizaindegi kontuak dira gehienbat. Javi Lergak Ligako azken partidarako egin zuen deialdia ikusi baino ez dago horretaz ohartzeko, bigarren taldeko zazpi jokalari sartu baitziren hogeiko zerrendan. Gaur ere filialeko futbolarien laguntza ezinbestekoa izango dela onartu du entrenatzaileak, nahiz eta azken ordura arte ez duen jakingo zenbatek bidaiatuko duten, batez ere Maite Zubietaren eta Adriana Nanclaresen egoera argitu zain dagoelako. Edozein kasutan, «garrantzitsuena osasuna» dela aurreratu du eta, beraz, ez du arriskurik hartuko jokalariekin. Atleticok ere baditu lesionatuak, gutxiago baina garrantzitsuak, eta neguko merkatuan Gabi bezalako oinarrizko pieza galdu du. Baina aurretik datoz bere arazoak. Izan ere, azaroaren 16tik ez da partida bakarra irabazteko gai izan. Kopako final-zortzirenak penaltietan gainditu zituen eta Ligan bosgarren postura jaitsi da. Entrenatzailea ere aldatu du. Lergak, hala ere, abisatu du «aurkaria gogorra» izango dela eta «partida, zaila». Baikor dago, ordea. «Ondo gaude eta kanporaketa gainditzeko prest sentitzen gara», azpimarratu du.