2026 OTS. 09 «Elikadura burujabetza lor daiteke trantsizio agroekologiko bat eginez» LeitzEKO Kontsumo Taldeak antolatutako «Elikadura politikak. Nora doa gure dirua?» solasaldian Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) elikadura sisteman duen eragina aztertu zuten. Diru publikoaren norabidea eta eredu agroindustrialaren ondorioak mahai gainean jarri zituzten, mendialdeko erronkei erreparatuz. Elikadura burujabetzan oinarrituriko denda bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Eli PAGOLA APEZETXEA LEITZA Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB, edo PAC ezagunagoa) gaineko solasaldia antolatu zuen LeitzEKO Kontsumo Taldeak, “Izan burujabe” jardunaldien barruan. “Elikadura politikak. Nora doa gure dirua?” izenburupean, gaia landu zuten Bizkaiko EHNEko, Nafarroako EHNEko eta Etxaldeko kide banak. Elikadura-mahaian parte hartu zuten eragileak ez ezik, herritarrak ere jakitun izatea bilatu zuten oraingo honetan, eta hala gonbidatu zituzten euren irakurketak partekatzera Unzalu Salterain (Bizkaiko EHNE), Patxiku Irisarri (Nafarroako EHNE) eta Mirian Otxotorena (Etxalde). Horiekin batera izan ziren Habelarte elkarteko zenbait kide. Mirian Otxotorena Etxaldeko kideak elikadura burujabetzaren eskala txikia izan zuen aztergai, Nafarroako egoerarekin uztartuta. Lurralde mailako koordinaziorik ez omen dago; hala ere, nabarmendu zuen «mugimendu desberdinetatik datozen pertsona dezente» dagoela gaian sentsibilizatua. Nekazariak desagertzen, intentsifikazioa areagotzen, kutsadura handitzen, dibertsifikazioa galtzen eta Nafarroa esportaziorako monolaborantza bihurtzen ari zen egoera globalizatuan, «aldaketaren gobernuak», onerako edo txarrerako, ate bat zabaldu omen zuen elikadura eta nekazaritza sistemak aldatu eta martxan jartzeko gogoz zeuden kolektiboentzat. Helburuetan ados egon baina prozeduretan talka egitea ere gertatu zaie. «Nafarroako Gobernuak ekoizpenei muga jarri nahi zien, gora eta gora zihoazela ikusten zen eta. Hor, nekazari talde bat elkartu ginen, zeren mugak jartzea ongi ikusten genuen, baina enpresa handien handitzea eta intentsifikatzea eragozteko»; alegia, nekazaritza intentsiboaren eta estentsiboaren bereizketa eskatzen zuten. «Ikusi dugu Caparroso ez dutela mugatu baina ustiategi txikiagoak eta agroekologiatik gertuago gaudenak, bai». Mendialdeko errealitatearen gaineko irakurketa, berriz, Habelarte elkarteko kideek egin zuten. Esperientzia propiotik abiatuta, inguruko nekazaritzaren intentsifikazioaren berri eman zuen, aldaketa handiena «Europan sartzearekin bat» hasi zela kontatuz. Europan beste nekazari mota bat zegoen eta Nafarroako Gobernuak kolpean sartu nahi izan omen zituen bertakoak eredu horretan. «40 behi UTA [NLU, urteko Nekazaritza Lan Unitatea] bat bazen, 60era igo zuten. Nekazari batzuk ere horretan sartu ziren, inbertsioak egin, dirulaguntzak hartu eta lehiakorrak izaten. Horrek ekartzen zuen lurrak beraiek hartzea, errentak errazago ordaindu ahal izatea; makineria bazuten lanerako eta, horrela, batzuk handitzen joan ziren eta besteak estankatzen». Nekazaritzak eta abeltzaintzak izandako bilakaeraren harira, begiz jota zuen intentsifikazioa; «ez duzue imajinatzen zenbateraino intentsifikatu den». Handiegira jo dutenez gain, «asteburuetako nekazarien» gaiari eta eskuratze-ahalmenari ere heldu zion: «Ikusten da dirua badutela, eta nekazari txikiak, aldiz, gutxirekin eta larre eskasagoekin geratu gara». 60 BEHI«40 behi UTA [NLU, urteko Nekazaritza Lan Unitatea] bat bazen, 60era igo zuten. Nekazari batzuk ere horretan sartu ziren, inbertsioak egin, dirulaguntzak hartu eta lehiakorrak izaten». SENTSIBILIZAZIOALurralde mailako koordinaziorik ez omen dago; hala ere, Otxotorenak nabarmendu zuen «mugimendu desberdinetatik datozen pertsona dezente» dagoela gaian sentsibilizatua.