2026 OTS. 19 JOPUNTUA Iparralde tristea Txoli MATEOS Soziologoa Zinez deigarria egiten zait Hegoaldeko jendeak nolako begiekin ikusten duen Ipar Euskal Herria. Lagunen arteko elkarrizketa batean gehien entzun daitekeen iruzkina da Iparraldea «tristea» dela. Pastoralak jasangaitzak, jateko ordutegiak deabruzkoak, herriak hutsik eta erdi hilak... Askoz etxekotzat jotzen ditugu, sentitzen ditugu, Kantabriako hondartzak, terrazak eta garagardoak, Donibane Garaziko zitadelako erromesak, Atharratzeko plazako merkatua edo Angeluko Barrako pasealekua baino. «Iparraldean ez da giro!». Eta “giro” horretako parte inportantea tabernarik eza da, dena esan behar da. Eta ahaztu egiten zaigu zenbat herri dauden erdi hutsik Nafarroan edo Araban, batere girorik gabe. Are gehiago, Iparraldea ohitura frantsesek kolonizatuta dagoela esatera ere ausartzen gara, Hegoaldean Espainiako kultura ohituretatik libre biziko bagina bezala. Estereotipo erraldoiz beteta begiratzen diogu Iparraldeari, muga emozional inkontziente bat jarrita, muga politikoaren kontra gauden arren. Orain urte asko Iparraldea miresten genuen, frankismoaren atzaparretan bizi ginenontzat askatasun eremua baitzen. Adurra zerigula begiratzen genien kaleetako ikurrinei. Hura paradisua! Eta hango abertzaleek inbidiaz ikusten zuten Hegoaldeko abertzaletasunaren indarra. Hori dena fini da! Ipar Euskal Herriko abertzaleek ibilbide propioa daramate, beren kondizio sozial eta politikoetara egokituta. Ez dabiltza etengabe guri begira eta maila politikoan bederen, harreman berdinzaleak ezarri direlakoan nago. Alabaina, guk ez dugu ikasi bestela begiratzen Iparraldeari. “Agur, Zuberoa” abesten jarraitzen dugu, baina Zuberoa arrotza da guretzat. Eta, gainera, mugaz bestaldeko euskal gizartea hori baino gehiago da. Bada garaia haren aniztasun kultural eta sozialaz jabetzeko. Onuragarria litzateke Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa beste betaurreko batzuk jantzita ikustea. «Zazpiak bat» da aurtengo Aberri Egunaren leloa. Erakuts dezagun bete-betean sinesten dugula hori. Iparraldea ohitura frantsesek kolonizatuta dagoela esatera ere ausartzen gara, Hegoaldean Espainiako kultura ohituretatik libre biziko bagina bezala