GARA Euskal Herriko egunkaria

KOPAKO EUSKAL AMETSAK UGARI DIRA

Baskonia da Valentzian izango den euskal taldea, baina beste lau taldetan Euskal Herriko ordezkariak ditugu. Hor dugu Ibon Navarro entrenatzailea, Kopako iazko irabazlea, aurten ere Unicajarekin garaikurra lortu nahiko lukeena. Horrez gain, Txus Vidorretak, Xabi Lopez-Arostegik eta Dario Brizuelak ez al dute zeresanik?

Lerro hauen ondoan, Txus Vidorreta eta Ibon Navarro euskal entrenatzaileak, 2023ko Kopako finalean aurrez aurre. Behean, berriz, Xabi Lopez-Arostegi hegaleko getxoztarra, Valentzia Basketen lan zikina egiten ari den jokalari apala. (Mariano POZO eta Miguel Angel POLO | ACB PHOTO)

Eliteko saskibaloian ez dago beste zenbait kiroletan adina euskal herritar, nahiz eta fitxa federatibo gehien duen kiroletako bat izan; lehendabizikoa emakumeei dagokienez, esaterako. Ondorioz, saskibaloi profesionalean aurrera egitea lortzen duten euskal jokalariak eta entrenatzaileak ezin ditugu ahantzi, are gutxiago Valentzian jokatu behar den Kopa honetan. Izan ere, Saski Baskonia baldin bada Valentzian izango den euskal talde bakarra, gainerako taldeetan ere bada euskal ordezkaririk: Txus Vidorreta eta Ibon Navarro entrenatzaileak alde batetik, eta Xabi Lopez-Arostegi eta Dario Brizuela jokalariak bestetik.

Hasteko diosala egingo diegu Tornike Shengelia edo Sander Raiesteri, nahiz eta Georgiakoa den bata eta Estoniakoa bestea. Bartzelonako jokalaria ez zen alperrik Saski Baskoniako kapitain izan eta ez zuen bakerik izan 2020ko ACB Liga txapelketa irabazi zuen arte. «Euskal Herriak eta Georgiak antzekotasun asko dituzte. Jendearen izaerak ere badu parekorik; hasiera baten kanpotarraren aurrean irekitzea kosta egiten zaigu, baina behin zabalduta, betirako lagun izango gaituzu. Euskal Herrian etxean sentitzen naiz», esan izan du Toko Shengeliak.

Solemnitate gutxiagorekin, baina bere nerabezaroa eta gaztaroa Gasteizen eman ditu Sander Raiestek. UCAM Murtzian aurkitu du bere txokoa ACB Ligan, Sito Alonsoren aginduetara partidako 6,5 puntu eta 6,1 errebote pilatzeraino. Raieste ez da euskal herritarra, baina Saski Baskoniaren zaleek bihotzean daramate.

IBON NAVARRO, GURE TXAPELDUNA

Ez da ahaztu behar 2025eko Kopak Euskal Herriko irabazle bat utzi zuela: Ibon Navarro entrenatzailea, hain zuzen. Kimikaria ofizioz, Xabier Añua zenak saskibaloia laga eta zientzietara itzultzeko aholkatu zion, saskibaloian aurrerabiderik aurkituko ez zuelakoan. «Ez zidan jaramonik egin eta begira zeinen ondo atera zaizkion planak», zioen Añuak, algara batean, Ibon Navarrok Unicajara urratsa egin ostean.

2023ko Kopan loratu zen Navarro. 2021/22 denboraldia oso petrala izan zen berarentzat: lehenengo Morabanc Andorratik bota egin zuten emaitza kaskarrak tarteko eta Malagatik egin zioten dei zein bide jarraitu erabaki ezinik zebilela. Unicaja jaitsieratik kanpo laga zuen eta 2022/23 denboraldian Malagako taldea ia goitik behera aldatu zuen, Jonathan Barreiro, Alberto Diaz eta Dario Brizuela donostiarra izan ezik. Eta hara non, 2023ko Kopa hura Ibon Navarroren taldeak eraman zuen, bidean Bartzelona, Real Madril eta Txus Vidorretaren Tenerife gaindituz.

«‘Ibonen plana’ zein zen galdetzen zidaten -Malagako taldeko abestirik arrakastatsuena bilakatu zen- baina nik beti diot ‘nire’ plana ‘taldearena’ dela. Lehenengo baten aurka, gero hurrengoaren aurka, finala irabazi arte», onartzen zuen irribarrez Corazonistas ikastetxearen magalean hazi zen entrenatzaile, kimikari eta alkimistak. Handik bi urtera, berriz ere otsailean ez zen inor ere Ibon Navarroren Unicajari aurre egiteko kapaz. «Eskarmentua gradu bat da! Ez didazue beste trajerik izorratuko», bota zuen gasteiztarrak iaz, algaraka, Unicajarekin bigarrenez Kopa irabazi eta bainujantzi eta guzti garaikurrarekin uretara jauzi eginez.

Gaur 21.00etan hasita, Real Madril izango du aurkari Ibon Navarroren Unicajak, eta kosta behar zaio iazko garaipena errepikatzea, baina argi ibili, nolanahi!

ESKARMENTUAREN LAGUN

2008ko Kopan Iurbentia Bilbao Basket zuzendu zuen Txus Vidorretak eta huraxe izan zen ACB mailan parte hartu zuen aurreneko Kopa. Bartzelona kanporatu zuen final laurdenetan talde bilbotarrak eta ondorioz, Dusko Ivanovic talde blaugranatik bota zuten. Dagoeneko 18 urte pasa dira ordutik hona eta ardo onenen moduan, hoberantz egin du Txus Vidorretak, asko ozpindu gabe, gainera.

Saski Baskoniaren arerioa izango da La Laguna Tenerife bihar 18.00etan eta, «miraririk ezean» Marcelinho Huertas gabe jokatuko duen arren, badu nahikoa mehatxu Paolo Galbiatiren mutilei buruko min galantak sortzeko. Gasteizen beldurra eta errespetua sartzen dute Vidorretaren taldeek, eskarmentu handiko -adinez oso nagusiak izanda ere- taldeak osatzen dituelako eta partida berezietan, kanporaketetan esaterako, “segadak” ipintzen iaioa delako Indautxukoa. Iruditeria kolektiboan Vidorreta angora katu bat laztantzen ikusiko dugu bere bulegoan, irribarre txikiarekin arabarrei ziria nola sartu irudikatzen ari dela.

Ez du sekula Koparik irabazi Txus Vidorretak, 2023. urteko finala baino ez baitu jokatu. Orduko hartan hurbil ibili zen, baina Ibon Navarroren Unicaja gehiago izan zen azken minutuetan. Nolanahi ere, hamahirugarren aldiz izango da Vidorreta Kopan; hamargarren urtez jarraian, zehatzagoak izateko. Pablo Lasok -11 aldiz segidan- eta Dusko Ivanovicek -12 aldiz- baino ez dute gainditzen entrenatzaile bilbotarra koparekiko «leialtasun» hau erakusteko orduan. Orotara, berriz, Aito Garcia Reneses mitikoa -23 ekitalditan- eta Valentzia Basket zuzentzen duen Pedro Martinez -18 Kopa- baino ez daude Vidorretaren aurretik.

Huertas gabe jokatzea -jokatuta ere, brasildarra bere onenetik oso urrun legoke- eta bere izarren adina -Doornekampek 41 urte bete behar ditu, 36 urte bete dituzte Shermadinik eta Abromaitisek, 34 Fitipaldok, 33 Rokas Giedraitisek...- kalterako izan beharko lirateke talde gazteagoen aurka, baina markagailua parean dela amaierara iritsiz gero... kontuz.

Lana eta anarkia

Xabi Lopez-Arostegi bizkaitarra izango da Kopan kantxaratuko den aurreneko euskal ordezkaria. Valentzia Basketekin Joventut bere talde ohiaren aurka jokatuko du getxoztarrak Kopako aurreneko final laurdenetako partidan, gaur 18.00etan.

Ez da bere urterik onena izaten ari, egiari zor, baina Pedro Martinez ez da beraz ahaztu. Badio dela, Puerto dela, Kameron Taylor dela, Omari Moore edo Sergio De Larrea direla... minutuak garesti daude Valentzian eta eskaeraren langa, goian.

Orotara 15 minutu baino ez ditu jokatzen Lopez-Arostegik, eta, batez beste, 6,8 puntu eta 4,8 errebote pilatzen ditu. Zenbaki horiekin ez da areriorik lorik hartu ezinik geratuko, baina getxoztarraren lanari Jean Montero, Darius Thompson, Matt Costello, Jaime Pradilla... gehituz gero, Valentzia Basketek belar meta handia osatu ohi du partida bakoitzean -95,2 puntu, batez beste- eta aurkariek horren aurrean ez dute berriketarako tarterik.

Ildo horretan, Lopez-Arostegiren lana ilunagoa da. Hala ere, beti izan da fina jaurtiketa libreen marratik bizkaitarra: %87,5, alajaina! Amaiera berdindu batean besteren bati egin behar falta Valentzia Basketeko euskal ordezkariari egin ordez.

Bestalde, final laurdenetan UCAM Murtzia gainditzen badu, Dario Brizuelaren Bartzelona izan daiteke Saski Baskoniaren arerioa finalerdietan -betiere Teneriferikoak egiten baditu-. Hor agertuko da, 8 zenbakiaz, Dario Brizuela donostiarra, euskal manba ez delako beldurtuko.

«Dario Dario da, onerako zein txarrerako», gogoratu zuen Ibon Navarrok 2023ko Kopa irabazita. «Erabaki oker bat hartzen duenean akabatuko zenuke, baina hainbeste emateko gauza da!», esan zuen entrenatzaile gasteiztarrak.

Xavi Pascual Bartzelonako entrenatzailea ez da hain drastikoa, baina konfiantza erabatekoa du gipuzkoarrarengan. «Ez dut nahi Dario txinparta puntual bat izan dadin; aldiz, jarraitutasun handiagoa eskatzen diot maila nahikoa baduelako», iritzi dio entrenatzaile katalanak. Ez da bere sasoirik onenean iritsiko Brizuela, fisikoki makal xamar ei dago-eta. Hala ere, horrek ez du euskal manba kikilduko.