GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Aitziber Zapirain Etxaniz
Antxeta Irratiaren koordinatzailea

«Erdal komunikabideekin lehiatu ahal izateko, borondatea da gure altxorra»

Hogeita bost urte bete ditu Antxeta Irratiak, muga ofizialari iskin eginez, eta euskara lanabes, zubiak sendotuz. Atzo Ficoban antolaturiko bestan ibilbide horretan irratiak lagun izan dituen artistak oholtzaratu ziren. Ekitaldia aberatsa izan zen. Hara bertaratu zirenek musikaz, bertsolaritzaz, dantzaz... gozatzeko aukera izan zuten.

(Nahia GARAT)

 

Bi hamarkada luze egin zituen «goitik behera erortzen zen» De Gaulle karrikako estudioan. Intzura auzoan eskuraturiko lokal berriak hauspoa eman dio «Bidasoko euskalgintzaren ekarpenari esker» gaur eskualdeko paisaia mediatikoan aktore saihetsezin bilakatu den Antxeta Irratiari.

Antxeta Irratia eskualdean txertaturiko egitasmo gisara hartu da. Horra iristeko lana aipatu behar.

Duela guti arte euskaldunak gehienetan erdal hedabideen kontsumitzaileak ziren. Saiatu gara buelta ematen egoera horri. Ezin da normala izan asmo euskaltzale bat bultzatu eta goizero lehenik eta behin “Sud Ouest” edo “El Diario Vasco” irakurtzea. Horrekin puskatu nahi genuen. Hartu dugun multimedia izaerak lagunduta, euskal komunitateari, baita “belarri prest” horiei ere, aukera hurbil bat eskaini nahi diegu.

Lokal berria eskuratzea mesedegarria izan da lehen liga horretan jokatzeko?

Benetako erredakzioa osatzeko aukera irabazi dugu, kalitatearekin lan egiteko estudioa dugu, baita podcastak garatzeko txokoa ere. Lokal zaharrean ez zen baliabiderik hori egiteko. Lokal berriak hauspotu du gure lana. Gure proiektua legitimatzeko balio izan du lekualdaketak. Hendaiako Udalaren lokala da eta beste eragileekin partekatzen dugu solairua.

Zeintzuk dira zuen erronka nagusiak gaur-gaurkoz?

Gure eginkizuna bada kazetaritza kritikoa egitea euskaraz, eta hizkuntzaren erabilera feminista eta inklusiboa sustatzea. Argia saria jaso berri dugu Irunen sortu zen ekimen faxista baten bueltan eginiko kazetaritza lanarengatik. Berdin segitu nahi dugu, sistemaren ertzetan direnentzat garai beltzak etortzen badira, horiek salatzea eta injustiziaren aitzinean ahotsa altxatzea dagokigula uste dugulako.

Pertsona migranteen egoera, berdintasunaren auzia... ez dira falta erronkak. Horiek batera jorratzeko bidea?

Oraindik ere harremana ez da erabat naturalizatuta. Hein batean egunerokoan bizimoduak oso desberdinak ditugu, eta agian hortik, diferentziatik, abiatu behar genuke. [Bidasoa-Txingudiko] Partzuergoak dioenez, «euskarak batzen gaitu». Hori esan eta berehala erdarara jotzen dute agintariek. Bada, ez, euskarak ez gaitu batzen, jada bat garelako. Era berean, guretzat ez da muga, zubia baizik.

Euskal Irratien federazioko kideak zarete, talaia horretatik nola irudikatzen da euskararen egoera?

Euskal hedabideetan dugun alde ona da talde motibatuak ditugula. Hori gabe ezingo ginateke dena duten erdal hedabideekin lehiatu. Borondatea eta ilusioa dira gure altxorrak. Webgune berriarekin euskal irratiek jauzi berria egin dugu. Gure “Egin ala hil” izan da. Gazteen erreferentea izan behar dugu, eta gazteei edozein arlotan euskal erreferenteak eskaini, halaber. Adituak, sortzaileak bezala, ez ditugu falta, eta horientzat guzientzat plaza nahi dute izan euskal irratiek.

Bestalde, feminismotik «zurikeria morea» salatzen dugun bezala, nire ustez hizkuntza politikari dagokionez, antzeko zerbait behar genuke aplikatu. Nork sinets dezake euskararentzat 2050erako finkaturiko helburuak beteko direla hemen egiten den politikarekin? Murgiltze eredua askoz gehiago eta askoz eta azkarrago garatzea funtsezkoa da.