2026 ABU. 13 Musikaren maskaltasunak Ritxi AIZPURU Musika pentsalaria Non daude mugak? Non dago esan daitekeenaren, esan dugunaren eta esaten ez dugunaren muga? (oinarrian Focault eta Fito Rodriguez). Jartzen al dizkiogu norberari muga horiek? Ez, soilik publikoa dagoenean gertatzen dira muga horiek. Ba al dago higatutako musika? Musika kritikari batzuen iritziz, rocka higatua bezain maskaldua daukate reggaetonak zein trapak. Biek gehiago zahartu omen dute rocka, azken hatsa hurbil-hurbil duela. Kaleetan, tabernetan, diskoteketan hori besterik ez ei dago, beste guztia huskeriara bideratuta. Kazetari asko pragmatikoak dira. Hurrengo batean idatziko dute esaldi epatantea: “Rockero zaharrak ez dira inoiz hilko”. Baita zera ere! Ez dut uste rocka eta alboko musikak azkenetan daudenik. Mataza gustuen arabera. Batzuetan maskal, besteetan muskulu. Ia beti posizio bat hartzera eramaten gaituzte. Lasai esan daiteke: “Ez dut iritzirik horren gainean”. Eta posible da ez izatea, baina posibleena da izatea baina ez esatea. Mugak publikoari begira jarrarazten dizkiogu geure buruari. Kargu hartzea, beste gauza bat da. Norberak batbederari kargu hartzen dionean, autokritika sentsazioaren bila dabilelako izango da. Isilik geratzea aukeretako bat da. Barruan, ordea, badugu posizioren bat, grisa aukera ez dagoena. Zein da zure pentsamenduan duzun kantu-legarra? Oinetakoan sartu zaizun harritxoak ematen dizun mina bezalakoa al da abestia?